Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Ez dago etxean

 

Esnatu egin da Joxe, baserritar gaztea, eta logelako leihora begiratu du zer egun modu datorren igarri nahian, goizero legez. Gau beltza ilun dago, baina Joxek nahi baino bizkorrago iritsiko dira goizeko seiak, marmitak hartuta ardiak jeztera joateko ordua. Beste hamar minutu badauzka gutxienez epelean lasai egoteko, oheko gozoa gozoenean den honetan. Leihora begiratu du berriro, estalkipean trikutu aurretik; «beste hamar minutu» pentsatu du. Zoriona ez bada, haren ahizpa siamdarra bai, goizeko ordu horietan ohe epelean kiribiltzea, esnatu eta berriro lokartzea.

        Oraindik ez daki guardia zibilak direla etxera bidean datozen horiek. Baina jakin izan balu bezala, bihozkadaren batek abisua eman izan balio bezala ireki ditu begiak. Salto egin du ohetik une bat geroago, ate hots handiak eta oihuak entzun dituenean atarian. Oihu arrotzak dira, baina jakineko oihuak goizaldeko ordu horietan.

        Prakak eta oinetakoak mugimendu bizkorretan jantzi eta leihora atera da.

        — ¿Qué pasa? —galdetu die ilunpean sumatzen dituen irudi eta madarikazioei.

        — ¡Policía! ¡Abra la puerta rápido! —garrasi egin du esan baino.

        Baiezkoa erantzun die, berehala irekiko diela.

        «Horiek heure bila etorri dituk», esan dio orduan Joxeri bere barne-iratxo izuenak.

        «Bai, neure bila inola ere; baina beste zerbaitengatik etorri badira?», erantzun dio Joxek.

        «Beste zerbaitengatik? Ordu hauetan horiek ez dituk, gero, inoren etxera egunonak ematera joaten! Ospa egik orain, edo damutuko zaik ederki.

        «Baina, ihes egingo banu eta ez balira nire bila etorriak, nabarmen eta barregarri geratuko nindukek. Banoak.

        «Nora hoa?

        «Atea irekitzera; kanpotik datorrenari atea irekitzea gizalege dela erakutsi izan zigutek.

        «Baina nora hoa, geldo hori? Ez al haiz ohartzen Polizia dela ate joka ari dena, guardiak direla, eta heure bila datozela? Ez al haiz konturatzen badakitela dena, badakitela zein haizen, zertan aritu haizen... Belaunak dardarka dauzkak, logelatik aurrera eskaileretan behera sukaldera eta sukaldetik kanpora, dardarari eusteko gai ez haizela, nora hoa atariko atera; hoa bestaldera, oraindik garaiz hago...

        «Baina nola joango nauk ihesi ate joka ari denari ireki gabe, neure bila ote datozen seguru jakin gabe.

        «Seguru jakiten duanean, berandu izango duk».

        Belaunak dardarka, soin osoa zainetan du Joxek, baina aurrera doa.

        Atariko argia isiotzeko giltzari eman eta atea zabaldu duenean, muturrean pistola ipini dio poliziak. Ez da harritu pistolagatik; beldurtu bai. Aurpegira begiratu dio poliziari, pistola eskuan daukan horri. Izerditan dagoela ematen du. Horren atzean beste bat dago; aztoratu samarra datorrela ematen du horrek ere.

        — ¿Donde está José? —galdegin du bizkor, izenaz gain abizena emanez, oker eman arren, zirkinik txikiena sumatuz gero tiro egiteko gertu dirudien poliziak.

        — Ez dago —erantzun dio Joxek are bizkorrago—. Kalean da, ez da etorri oraindik.

        — Non egiten du lo? —poliziak, pistola jaitsi gabe.

        — Goian —Joxek, eskuarekin keinu eginez, eta etorri den bidean abiatu da atzera, bi poliziak (paisanoz datozen guardia zibilak) ondoren dituela.

        «Lazo ederrean sartu duk burua, tentel horrek; orain badakik, hori jakin nahi bahuen, heure bila etorri direla. Planta ederra daukak!», egin dio errieta barne-iratxo izuenak, ezkaratzetik sukaldera sartu bitartean.

        Badaki ahitzen ari zaiola denbora. Badaki zelakoa den betizuen larria, zakurrekin hartuta, menditik itxiturara sartu nahi dituztenean.

        Ihesbiderik gabeko itxiturara doala sentitzen du Joxek; sukaldetik gora doan eskailera igo artekoa dauka. Hor azalduko da oskoletik, atea irekitzean gezurrean ezkutatu duen egia. Zer egin? Zer egin atzetik arnasotsean datozkion polizia horiei?

        «Itzuli eta ostikoz jotzen baduk hurbilen datorkiana, ihes egiten saiatzeko adina tarte emango dik oraindik», aholkatu dio iratxoak.

        «Ez nagok horren seguru; eskuetan zer dakarten ez al duk ikusi?».

        «Ez hagoela seguru? Harrapatu hautela, ihes egiteko aukera eduki eta heuk ezarri duala lazoa lepoan, horixe duk hemen gauza seguru bakarra. Pentsa ezak zer edo zer, pentsa ezak bizkor, sekula gehiago ezer pentsatuko ez baduk ere!», estutu du iratxoak.

        «Baina zer?» erantzun dio Joxek larri, eskaileretan gora, belaunen dardara disimulatzeko eskudelari helduz doan bitartean.

        Eskailburuan daude anaia eta osaba, zalapartarekin esnatu eta jaikita. Beste hiru maila, bi, eta guardia zibilengana itzuli da Joxe eskailburuan.

        — Hor —esan die, besoa luzatuz, bost pausora dagoen arrebaren logelako atea seinalatuz.

        Arrebaren gelara zuzendu dira orduan bi guardia zibilak, pistolak eskuan.

        — Ni banoa —esan die Joxek anaia eta osabari, bien tartean pasatu eta, guardiek hartu dutenaren justu kontrako norabidean, mandiorako atea gurutzatuz.

        — Zer? —anaiak, edo osabak.

        — Banoala —Joxek berriro, eta mandioan aurrera doa erantzuna eman duenerako.

        Ilunpean ireki du mandio txikitik handirako beste atea, haztamuka baina bizkor, eta beste zortzi pauso arinetan zeharkatu du mandio handia, kanpora ematen duen ateraino. Hura apur bat zabaldu eta gau ilunari begiratu dio Joxek. Ez dago inoren arrastorik, ez zaratarik. Guardia zibilak eta euren autoak, etxearen justu beste aldean daude.

        «Zertan hago? Mugi hadi, hor zatozak atzetik!», agindu dio barne iratxoak egonezinez; eta bai, badaki dagoeneko bere atzetik datozela, arrebaren logelako argia isiotu bezain bizkor ikusiko zutela iseka, atea ireki zien huraxe zela alegia beraiek harrapatu eta atxilotu nahi zuten Joxe.

        Atea gurutzatuz, mandiotik kanpora doan zubian aurrera abiatu da korrika, egundo egin ez duen moduan korrika, mendira, atzera begiratu gabe.

        Aurrerago, muino bizkarrean ostentzear denean, orduan begiratu du atzera, eta etxe aurrean ikusi ditu guardia zibilen landroverren argiak.

        Korrika jarraitu du gero; eguna argitu aurretik heldu behar luke nonbaitera.