Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Itzala

 

Itzalpea ere esaten zaio kartzelari. Eta giltzapea. Nola ez zaio ba esango giltzapea! Giltzapean sartu zuten Iparragirre ere.

        Giltzapean dagoena dago preso, jakina, eta giltza horrexek mugatzen du kartzela fisikoa, kartzela barrutia. Baina, giltzez ixten diren ate eta esparruetatik harago, oso urrutira luza daiteke itzalpearen atzaparra. Giltzapearen mehatxua da, itzalaren begirada, inoiz askatu gabe jarraitzen zaituen atzapar hori, zoazen lekura zoazela. Ezer asmatu beharrik gabe, antzinako kontuak dira hauek literaturan ere, ahozkoan eta idatzizkoan.

        Egundo askatzen ez gaituen begirada dago itzalpean, uste ez dugun tokian ostenduta, egunez ez bada gauez ametsetan atzeman eta katetik tart! tirakada egiten dizuna, «lotuta zaude, txo» esanez bezala.

        Dena ikusten duen begia, zaintzaren itzala eta baldintzapeko askatasuna noranahi hedatzen duen begia zen txikitan ezagutarazi ziguten Jainkoaren irudia bera. Pixka bat handitu arte ez genuen jakin koadrila zirela zeruetan Jaunak. Hiruki baten barruan zegoen begi dirdiratsua zen gurea, beti zabalik bera, beti begira, dena zelatatzen.

        Denborei egokituz joan dira begi oroikusleak, berrituz. Kartzela barruan bertan, galerietan, patioetan, hor daude kamerak, egundo lokartzen ez diren begi horiek. Eta hirietako kaleetan, edozein plazatan eta dendatan, aireportuetan, tren edo autobus geltokietan, hortxe daude, zertan zabiltzan begira. Guk ahaztu dezakegu kamera zelatariaren begia, baina hark ez gaitu gu ahaztuko. Edonora jarraituko digu, goazen lekura goazela.

        Gizartea zaintzapean lotzeko kamera-begi oroikusleak George Orwellen 1984 hartan azaltzen zaizkigu poliki. Baina, guztia ikusi eta ikusten duen guztia bere menera ezartzen duen begiaren irudia, Orwellek baino lehenago erabili zuen J.R.R. Tolkienek, oker ez banago. Begi zelatariaz gain, menperatu nahi dituenak lotuta atxikitzeko eraztuna darabil Tolkienek: «Eraztun bat denak gobernatzeko, eraztun bat denak ekartzeko eta denak ilunpean lotzeko». Ilunpean edo itzalpean. Eta areago oraindik, Platonen Gigesena izango da, seguru asko, Tolkienen eraztunaren aurrekaria.

        Kartzelaldi malgutua ezarri nahi izan diete euskal preso batzuei; eraztuna ez baina eskuturreko telematikoa ipintzen saiatu dira azken urteotan. Kontrolpean eduki nahi dituzten preso kaleratuei eskuturrekoa ipintzea ez da gauza berria. Film amerikarretan barra-barra azaltzen dira horrelakoak, eta amerikarrengandik ikasten da hemen dena.

        Eskuturreko horren aitzindaria da eraztuna. Antzinako Egipton, Kristo baino gutxienez hamabi mende lehenago, indar misteriotsu eta arrotzengandik norbere burua babesteko erabiltzen ei zuten eraztuna. Nagusitasun ikurtzat zeukaten, gainera, herritar haiek. Ezkontzetan senar egiptoarrak emaztearen atzamarrean ipintzen zuen eraztuna; bere etxe eta jabegoen zaintzaren ardura ematen zion horrela. Hortik dator, nonbait, ezkon eraztunaren ohitura.

        Erromatarren ezkontzetan, zinpeko fideltasunaren ikurra zen urrezko eraztuna, eta betierekotasuna irudikatzen zuen hasiera-amaierarik gabeko zirkuluak.

        Gure aldiko XIV. mendearen azken aldera, eraztunak eta harribitxiak erabiltzearen aurkako ordenantzak ugaldu ziren, horiei egozten zitzaizkien ahalmen magikoengatik.

        Alegietan ere badu eraztunak bere lekua. Odinek ba omen zuen bat, Draupner izenekoa, bederatzi egunetik bederatzi egunera urrezko zortzi eraztun egiteko ahalmena zuena. Eta Thor-en Zin eraztuna, eta Nibelungoena... Ipotxak ziren nibelungoak, eta, lurpean, lurraren erraietan bizi ziren, euren altxor ikusgarria zaintzen.

        Ahalmen miresgarriak, magikoak, dituzte sarritan eraztunek. Baina ifrentzua ere badute, erabiltzera ausartzen dena galbidera eraman dezakete azkenean.

        Gurean ere bada eraztuna. Ez dakit nongo eta noizko sustraiak eta eraginak izango dituen euskal mitologian agertzen denak, baina guztietan polit eta modernoena —ez berriena— dela esango nuke, aurreratuena: «Muskiako koban bizi zen jentil bat eta kristau bat harrapatu zuen. Kristaua handik urrundu ez zedin, eraztun bat ipini zion atzamarrean, eta hemen nago, hemen nago oihu egiten zuen eraztunak, kristaua non zegoen salatuz beti ere». Tartalo, Tartaro edo Torto da gehienetan historia honen aldaeretako jentil bahitzailea.

        Baten faltan bi anaia gazte atzematen ditu Zegamako Tartaloetxetako Tartalok. Gaua iristean, burruntzian erre eta jan egiten du mutiletako bat, eta besteari eraztuna ipintzen dio atzamarrean. Hemen nago, hemen nago eten gabe esanez salatzen du eraztunak mutil gaztea non dagoen, eta Tartalo lotan etzaten da lasai.

        Aldaera ugari ditu ipuinak, baina funtsean bat eta bera da. Egia da atarramentu narrasean amaitzen duela Tartalok ipuina: bekokiko begi bakarra burruntziarekin zulatzen dio mutilak, eta orroka esnatzen da Tartalo. Aieneka, hemen nago, hemen nago esaka ari den eraztunari segika, mutilari jarraituz, galbidera darama bere burua. Tartalo gainean duelarik, gazteak eraztuna atera ezin duenez, artaziekin hatza moztu eta itsasora jaurtiko du bere hatz odoldua eraztun salatariaz. Eta han doa ondoren Tartalo zorigaldua labarrean behera.

        Hemen nago, hemen nago salatzen dute kartzelaldi malgutuan edo baldintzapeko askatasunean edo dena delakoan kaleratzeko presoei ipintzen dizkieten eskuturreko telematikoek.

        Egundo ixten ez den begi bakarraren begirada, itzala, gero eta urrunago hedatuz doa. Eta, begia iristen ez den zoko-mokorik gordeenean ezkutatuta ere, hemen nago, hemen nago salatuko zaitu zirgiloak.