Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Bakartasuna

 

Kartzelako bizierak eta egoerak bultzatuta izan ezean, preso askok ez genukeen koaderno handirik eta folio paketerik erosiko, literatura eginez kaka esplikatzen hasteko propio.

        Kontuak kontu, hemen gaude, eta erosiak ditugu koaderno eta folio pakete batzuk, gure zerak idazteko. Armiarmak bere amarauna legez, harreman bila eskutitzez eskutitz sarea hedatu beharrak bultzatuta hasiko ginen preso gehienok. Denbora igaro ahala sortu zaigu, batzuoi behintzat, beste zerbait idazteko tentaldia, oharkabean irentsi ditugun harri koskorrak, buztinak eta almitzak hausnartu beharra.

        Filipe Bidartek kartzelako lehen denboraldiko bakartasunaz, bakarrik egoteaz, 2004an argitaratutako Bakartasunaz bi hitz liburua honela hasten da: «Bi hitz, bi hitz, ez da erraz bi hitzez bakarrik bakardadearen mundua aipatzea». «Paketa bizkarrean eman eta zaintzaile andana batez inguraturik, banoa presondegiko ibilbideetarik, aitzineko zaintzaileak segituz. Hesi bat, eta beste bat, eta beste bat...». Atez ate ixten diote mundua, ziega zulora eta patio hesitura mugatu arte.

        «Entzumena da presoaren lehen zentzua. Ikusmena mugatua du, bere zeldako horman gelditzen baita, aldiz entzumenak gainditzen ditu hormak, ate, burdin eta sareak...

        «Burua altxatu eta ateari so emaiten naiz. Iruditzen zait norbait badela ate zilokatik so».

        Ateko begia beti ere berari begira; une oro zaintzapean edukitzea eta zaintza horren sentipena zugan itsastea, horixe da kartzelaren eta kartzelako bakartasunaren helburuetako bat. Ez da gaur goizeko kontua.

        Berrehun urte pasatxo izango dira Jeremy Benthamek Panoptikoa idatzi zuela. Zer den panoptikoa? Izen horrekin «bataiatutako eraikinak, hitzak dioten bezala, dena ikusten duen begiari egiten dio erreferentzia. Zirkulu formako eraikina da, erdian kontrol dorre bat duena, bertatik zirkuluan kokatuta dauden gela eta ziega guztiak ikus daitezkeela. Zigor-etxe honi panoptikoa deituko diogu, hitz bakarrean bere abantaila oinarrizkoena adierazten baitu izen horrek, alegia, begiratu bakarrean gertatzen den guztia ikusteko ahalmena. Izan ere, nahiz eta ikuskatzailea bertan egon ez, presoei bera han dagoela sinetsaraztea, bertan egotea bezain baliagarria baita».

        Bakartuta dagoen presoarengan areagotu egiten da dudarik gabe etengabeko begiradapean egotearen sentsazioa. Are gehiago zure ateari erreparatuta idi-begia ikusten duzunean han, edo patioan eta galerietan kamera-begiak ikusten dituzunean. Egundo itxi gabe, beti begira daukazun begia alegia, zure bakartasun eta setio sentipena areagotzen.

        Filiperengana itzuliz, Benthamen panoptikoaren urruntasunik gabe bertatik bertara zaintzen dute kartzelariek. Ez du beste presorik ikusten, ez du haiekin aurrez aurre hitz egiteko aukerarik; gauean, afalosteetan eta, ate ondoan jarrita oihuka hitz egin ahal izango du beste ziegetan dauden presoekin, baina elkar ikusi gabe. Ziegan dagoenean ez du inor ikusten, eta patiora ateratzen dutenean gainean ditu, begirik kendu gabe, kartzelariak.

        Hiru angeluko patio txikiek burdina eta alanbre sarez estalia dute zerua. Sarearen tarteetatik ikusten ditu moduluetako leihoak, eta, leiho haietakoren baten ziegan dagoen euskal preso batekin hitz batzuk trukatzea lortzen duenean, zeruan da. Zorionik gozoenean. Baina, hitz trukaketaren ostean, aldatu egiten dute presoa, eta lehengo bakartasunaren zuloan geratzen da Filipe. Pozaldiak bizkor zapuzten dituzte kartzeletan.

        Ohiko zaratek, ordea, ez zaituzte abandonatzen: «Biak bost gutti, bat bi hiru lau, bat bi hiru lau. Klunka!, bi eta erdiak. Bat bi hiru lau, bat bi hiru lau, klunka!». Pausoen, ateen, sarrailen hotsak galerian, eta «presondegian nintzen baina ez nuen sekula beste presorik ikusten».

        Ziegako atea irekitzen diotenetik alboan izango ditu kartzelariak, joaten den lekura joaten dela: «Eta, printzipioz, zaintzaileak ez dizu sekula berehala baietz erraiten edo ez dizu sekula berehala onartzen galdegiten diozuna, aldiro beha egonarazten zaitu, ongi sendiarazteko berak duela manatzen, haren pean zaudela, eta ez badu nahi, deus ez duzula ukanen... Zaintzaileak, edozein gisaz, lehenik beha egonarazten zaitu, beha egon behar duzu zaintzailea deitzen duzunean, bera etorri arte, beha egon behar duzu zure eskaera pausatu ondoan erantzuna ukan arte».

        Gero ikusiko dugu, bihar ikusiko dugu, egin eskaera instantziaz... Halakoak dira kartzelarien erantzunak.

        Bakartasunaren gainean gogoetak egiten ditu Filipek, eta bitxia suertatzen da ohartzea ehunka kilometrora dauden kartzeletan oso antzeko burutazioak egiten ditugula, idatzi ere oso antzeko lerroak idatzi ditugula batzuetan.

        Iraganeko kartzelaldiari tiraka baina orainaldiko kartzelatik ari da Filipe, urteen eskarmentua tartean. Bakardade fisikoaz dihardu espiritualaz baino gehiago. Ezinezkoa da kartzelatu berritan eta hamar-hamabost urte daramazunean liburu berdina idaztea. Lehen aste edo hilabeteetako ikuspegiak, kartzelatu berriaren harritzeko gaitasunak esate baterako, zer ikusi gutxi du hamar-hamabost urte daramanaren ikuspegiarekin.

        «Gizakia ez da bakarrik bizitzeko sortua, arnasa bezain beharrezkoa du bere kideen berotasuna, soa, harremana» dio pasarte batean. «Urtetik urtera, bakarrik dagoena eihartzen da, bere mundu hetsi horretan bere adimena ere hesten da, mintzaira ere murrizten zaio, hiztegia bezala. Bakartasunean bere gogoetak beretzat atxikitzen ditu», eta argi dago Filipek ere atxiki dituela kuttunenak.

        Lagunarteak eta kideen artean bizitzeak ematen dizun guztia, zeure baitatik osatu beharreko oskola da bakarrik zaudenean. Urteen buruan gogortzen eta agian lakartzen doan oskola izango da; zartadaren batekin ustekabean pitza daitekeena ere bai. Bakardadetik ostera lagunartera itzultzean bigundu eta goza daitekeen oskola dela erakusten digu Filipek berak.

        Atzera begiratuz, bizi izandako gorabeherak bere buruari azaltzeko eta dagokien neurrian ezartzeko idazten duela batik bat, iruditzen zait. Zatituz eta zatika begiratuz desegiten baita laztasuna, harri handia mailuka xehatzen den moduan zuloak bete eta tontorrak apaltzeko, bidea lautzeko, leuntzeko.