Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Herrerako itzalpean

 

Itzalpeko ahotsak goiburuarekin, euskal preso eta preso ohi batzuen idazlanak argitaratu zituen Susa aldizkariak 23-24 zenbakian, 1989ko ekainean.

        Zortzi euskal presoren poesia eta narrazioak dira besteak beste, batzuk euren izenez, besteak goitizenez sinatuak agertzen direnak. Horiez gain, Iñaki Aramaio preso ohiari egindako elkarrizketa.

        Kartzelako errealitateari ihes egin nahia eta beharra, sentimendu unibertsalak dira seguru asko. Munduko kartzela guztietan, munduko frontoi guztietan pilota legez, hormatik hormara ikotika dabilen sentimendua.

 

                Eta

                ez dadila haboro

                egunsentirik argitu.

                Geldi nadin lotan

                zuregan

                behin betirako gauean.

 

        Gauean edo ametsean. Baina ez da hain erraza. «Geldi nadin lotan, zuregan» idatzita, bere maitearen inbokazioa dela uler daiteke, baina susmoa daukat ametsetatik esnatzean ihes egiten digun espazio etereoaz ari dela. Zoratzen direnek bakarrik lortzen dute ordea espazio horretan geratzea; gainerakook erreguka jarraitzen dugu.

        Xabier Izagak bazuen eskarmentu apur bat, beste batzuk hasi ginenerako. Ordurako bazekien beste era batera begiratzen. Ziegan bakarrik, norbere buruarekin soilik egotea, beste inon baino ia argiago erakusten du Izagak ondorengo ahapaldiotan:

 

                Neure ahotsa

                hormetan errebotatzen

                entzuteak izorratzen nau

                egunero hitz berberez

                madarikatzeak izorratzen nau

 

                neure sudurraren proiekzioak

                ezkerreko orkatilaren kontra

                topo egiteak izorratzen nau

 

                eta paseatu egiten naiz

                itxuraz

                indiferente

 

                nire zeldan bizi den armiarma bezala

                      batzuetan barre egiten die nire belarriei

                      atzazalak margotzen dituen bitartean

                deusezko

                txori bat bezala...

 

        Ezinlandia batean bizi dira presoak, ezinaren erresuman, eta horren isla agertzen da euren idatzietan. Sarritan ironia da eskura geratzen den heldulekua. Pabel Ortzantza izengoitiz sinatzen duenaren Lapurreta poeman legez:

 

                Zilegitzat nuen poemak idaztea,

                baina mundu hau

                ez dago kontu askotarako.

 

                Ene poemak

                poliziak kendu zizkidanean

                komisarioak esan zuen

                el cuaderno de las chorradas

                desartikulaturik zegoela.

 

        Leihotik begira, «munstroaren hezurdura» deritzo presoak ikusten duen kartzela estrukturari. Are munstroago, alboko ziegan hilotz agertu den kideari zerbait esan nahi eta, poema egiten ari denean. Isolamendua eta urruntasuna, gosea eta hotza lagun, eta biharamuneko bisita euskarri. Edo etorkizuneko itxaropenari egiten zaio dei, Zalapartaren testu honetan bezala:

 

                Laster helduko da bai,

                herria esnatutako den eguna

                (...)

                Laster helduko da bai,

                aspaldi desiratzen duguna

 

        Edo idazteari berari heltzen dio Iparreak aurrera egiten lagun diezaion:

 

                Nere poemak ez dira agian

                poemak izanen,

                baina etsipen egunetan zintzurra laxatzen didatenez,

                horrekin aski zait.

 

                Nire poemak ez dira agian

                mezulariak izanen,

                baina barrote beltz hauen itzala ezabatzen didatenez,

                horrekin aski zait...

 

        Gogoa, burua, eskua trebatu egin behar dira, gatibutzari aurpegi emateko borroka egin beharra dago, ikasi, idatzi... Iñaki Aramaiok Herrerako giroa azaltzen du elkarrizketan, euskara lantzeko grina hura zer izan zen, eta hortik literaturarainoko bidea. Presoen lehentasuna euskaraz alfabetatzea izan zen, eta hala idatzietan euskara batua erabiltzen da. Ahozko jardunak, baina, bestelako tasunak ditu. Han hitz egiten ziren euskaren nahas-mahas hartatik euskalki berria asmatu zutela esan duenik ere bada.

        Hizkera modu berezien hariak aipatu gabe utzi nahiko ez nukeen beste mataza batera narama oharkabean. Seguru; ez da euskalki kategoriara iritsiko inoiz, baina kartzelan atzekoz aurrerako hizkera ispiluzkoa ere baliatu izan da euskal presoen artean. Nago ez ote den beste ihesmodu txiki bat, norberarena inguruko beste mintzo eretatik arroztuz tribura egiten den jauzi librea. Horren erakusgarri dakart Joseba Sarrionandiaren Territorio librea poemaren zatia, aproposa iruditzen baitzait esaten ari naizena adierazteko:

 

                Euskaraz solasean hasiz gero

                hara hor funtzionario bat berehala

                ezkutuan gure ondora datorrela.

                Ziur ez duela deus ulertzen euskaraz

                baina bertan geratzen da zelatan,

                espioi filmetako espioiaren moduan.

                Dena dela, guk ez diogu euskarazko

                lehen ikasgaia ere emanen eta,

                gutako batek oharkabean bezala dio:

                emukatup tab kogaid erug naedlakezta

                                        ae neztidnufnok nugud.

 

        Dena dela, literatur zaletasuna, euskararekiko kezka eta eztabaidak, ikastaroak, eguneroko jardunean bizi-bizi zeuden sasoi hartako Herreran. Alcalan ere bai apur bat, han zailagoa zen arren. Sorian idazteko baldintzak hobeak zirela dio Aramaiok. Asko idatzi zen urte haietan, gutunak eta bestelakoak. Itzulpenak berariaz egiten ziren, eta oparo, hizkuntza lantzeko.

        Aipatutakoez gain lau euskal presoren narrazioak agertzen dira aldizkari honetan, baina horietan ere ezin erabat urrundu kartzelatik, ahalegina nabaria den arren. Edonork esan lezake kartzelaz idazteko sartu ginela hona, beste zerbaiten aitzakian.