Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Ihes saioen gurpilean

 

Arrakastara edo porrotera, burdin sare eta hormetatik harakora edo leotz zulorik ilunenera eraman zaitzake ihes saioak. Izuak zaintzen du —ez da nire asmakizuna— esparrua, hesirik izugarrienak baino hobeki. Baina pentsamen sosegatuari sena eta erabakimena gailentzen zaizkio batzuetan, izuari naiz zuhurtziari zirkin eginez, bizi nahiak —bizi beharraren tirain bezagaitzak— gehiago ahal duela erakutsiz.

        «Gu garai haietan nahiko erreta geundela uste dut», kontatzen du Joxean Kortadik gertatutako batzuen haritik; «nire kasuan, aurretik Badajozen zerbait egin nahian ibiliak ginen, eta Mallorcarako bidean ere halatsu ibili ginen. Hori horrela, (ia) edozer egiteko prest geunden. Sasoi hartan Mallorcako espetxeak ez zuen Seguritate zuzendariorderik, baina zurrumurruak bazeuden aurki ipiniko zutela, horrek zekarrenarekin. Gauzak horrela, Turron zenak (beste modulu batean zegoen) aipatu zigun asteburuetan, ez beti baina, tailerretara ematen zuen garita txakurrik gabe, hutsik, egoten zela. Horrela zela baieztatu zigun preso sozial batek ere. Garbi geneukan baldintza horietan oso zaila zela ezer onik ateratzea; abenturara abiatzea zela alegia... Zalantzaz beteta geunden, baina saiatzea erabaki genuen. Hortik aurrera zalantzak baztertu eta itxaropenez begiratzen genion ihes saiakerari».

        Udaberria izan! Barruak deitzen dizu sasoi horretan usain berri-gozoei erreparatzera; patio ertzean porlan goriaren pitzaduran erne den landareak zerbait adierazi nahi dizula begitantzen zaizu; txolarreek sinfonia aldatzen dute, gainka atseden gabean hasteko, satiro halakoak... Nola ez duzu maiatzean egundo baino beharrago sentituko horma-hesietatik haragokoa!

        «Hasi ginen pentsatzen nola iritsi gure zeldetatik tailerretara eta gero fosora. Egiteko hori ez zen zaila, baina preso sozial baten laguntza behar genuen, hirugarren modulura ematen zuen tailerretako leihoren bat itxi gabe uzteko. Hori nork egingo lortu genuenean hasi ginen beste gauzak prestatzen, dirua, kalekoa... Prestatu beharrekoa prestatuta, eguna ezarri genuen: 1991 hartako maiatzaren 20a. Jarritako data heldu arteko egunak izan ziren gogorrenak; urduri geunden, miaketen beldur batez ere.

        «Eguna iritsita, zeldako leihoko barrotea zerratu nuen eta hirugarren moduluko patiotik tailerretako lehen solairuko leihora (zabalik utzi zigutena) igo nintzen. Bilbao Mororen bila joan nintzen (labanderiara ematen zuen honen zeldak); zeldatik atera zedin deitu eta soka bota nion, leihotik irtenda horman gora igotzeko. Bera igo bai, baina igotze horretan neu erori nintzen patiora. Kolpe polita hartu nuen saihetsean. Ez dakit nola, baina igo nintzen berriro ere, bigarren saioan.

        «Beheko plantara jaitsi behar genuen hortik; denbora pasatzen zen neurrian gero eta okerrago nengoen ni, ibiltzeko ere arazoak nituela. Jaitsi ginen dena dela, eta jabetu ginen garita ez zegoela hutsik. Aurrekoa baino kolpe latzagoa izan zen hori. Hala ere —tailer barruan geundela kontu egin—, beheko leihoko barroteak zabaldu genituen eta zain gelditu ginen. Itxaropen bakarra zen txanda aldaketa batean garita hutsik utziko zutelako posibilitatea.

        «Ez zen hala gertatu. Gureak egina zuen.

        «Eguna argitzearekin batera patiora atera eta paseoan ibili ginen, kartzelero batek ikusi gintuen arte.

        «Hortik aurrerakoak, bada, isolamendura eraman gintuztela. Erabat harriturik zeuden; ez zuten oso argi zer egin gurekin. Beraz, ziegetara sartu eta zuzendaria etorri arte lasai utzi gintuzten. Zuzendariaren etorrerarekin galderak hasi ziren. Nork lagundu zigun nahi zuten jakin, zein preso sozialen laguntza jaso genuen.

        «Hiruzpalau astera Kanarietara gindoazen, Moro Tenerifera eta ni Saltora.

        «Saio ustelaren ostean, nahi eta ezinak sortzen duen etsipen eta tristurak jo ninduen. Baina berehala eman nion buelta; saihetsean hartutako kolpeak, mina eta ondorioak sendatzen ahalegindu beharrak, lagundu zidan horretan».