Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Sasian gordeta

 

Idazten hasteko arrazoiak, bakoitzak izan ditzake bereak. «Ia konturatu gabe hasi nintzen idazten, egunero pixka bat. Hasieran lotsatu antzera, ez bainengoen lasai idazle baten azalean, urduri jartzen nintzen, iruditzen baitzitzaidan hura ez zegoela niretzat egina. Horrela hasi nintzen, ez aspertzearren, edo behintzat gutxiago aspertzearren». Bizi behar dugu (2005, Txalaparta) liburua idazten ari da Xanti Zapirain Kaiku.

        Errefuxiatuta zegoela, Poliziak eta GAL erakundea euskal iheslarien aurkako jazarpenean gogorren ari ziren garaietan ekin zion idazteari. Ezkutuan, etxetik ezertara irten gabe egotera behartuta dago. «Ezin da sinetsi, denbora, hain gutxi pisatu eta zein astuna den! Eskerrak ni idazten hasi nintzen. Nire olerki eta bertsoei esker ez nago zoroetxean».

        Kaikuk dioen «idazlearen azalean» jartzen garenean, literaturaren ederraren bila dihardugu gutxi edo asko. Eskutitz soil bat idazteari ekiten dionak ere edertasuna bilatzen du era batean edo bestean, zer esanik ez bertsoak edo poemak egiten saiatzen denak.

        «Geroztik asko idatzi dut, hirurehun olerki baino gehiago egin ditut, laurehun bertso pasatxo eta ehun aforismo inguru. Gainera, ia lau urtean ari naiz euliekin mintzatzen», dio.

        1980ko hamarkadaren lehen urteetan Madrilgo gobernua PSOEk hartu eta GAL erakundea euskal errefuxiatuak bahitzen eta hiltzen hasi zenetik aurrera nolako bizi baldintzak izan zituzten azaltzen du Kaikuk. Kronika pertsonala izanik ere, iheslari askoren batez besteko ibilerak, estualdiak, beharrak eta negarrak erakusten dituela iruditzen zait. Kontalarien ezpalekoa izaki, badaki kronikak behar dituen suspense uneak ere ematen han-hemenka.

        «Polizia nire atzetik hasi zenetik ezin izan nuen berriro lasai lo egin. Hurrengo egunean bertan goiz jaiki eta leihotik begira jarri nintzen, errezelen atzetik. Berriro etorriko ziren... Eta nik egin nezakeen gauza bakarra begira egotea zen, zulotik, satorrak egoten diren bezala».

        Satorren moduan begiratuta ez zuen ezer asko ikusiko, pentsatzekoa denez. Baina atezuan egotea, nondik nora ihes egin zezakeen kalkulatzen aritzea, konstante bat da bere liburuan eta bere bizitzan.

        Bera ez ezik besteok ere irakurketan tristatu gaitezkeela jakitun agian, umorea purra-purraka ereiten du. Halakoxe lagun-artean ibili ere:

        «Etxe hartan sartzea niretzat oso gauza berezia izaten zen.

        «— Gabon, sar naiteke?

        «— Sartu eta gero galdetzen duk?».

        Xabier Larrañaga Txanton eta Iñaki Isasmendi Ardixe, 1936ko gerrako gudari zahar eta errefuxiatuen etxean zen. Baina etxe hartan ere ezin geratu betirako.

        «Hiru urte kalera atera gabe dagoena ez da gauza kalean normal ibiltzeko, eta are gutxiago ihes egitea egokituz gero. Gudari zaharrak eraman beharko ninduen etxera. Ezin ninduen inork ikusi, ez Frantziako Poliziak ez kaleko jendeak ere...

        «— Ez dizue beldur apur bat ematen?

        «— Isilik egon hadi, motel, gu gerran ibili gaituk».

        Etxez aldatzerakoan-eta ez zen, ordea, beti txantxa eta adar jotze giroa.

        «Pili hantxe hasi zen haurren arropak eta zapatak maletetan sartzen. Hark tristura ere nahi izan zuen beste maleta batean sartu, baina ez zen kabitzen».

        Urte haietan, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, euskal errefuxiatuak zer egoeratan bizi ziren ohartzeko adibideak ugari ematen ditu Kaikuk:

        «Tximinoarena bezalako saltoa jo nuen. Pertsiana jaitsita zegoen, eta zirrikitu batetik begiratu nuen eta hantxe ikusi nuen PAFen auto bat barruan hiru poliziarekin. Etxe hartatik alde egin beharra nuen.

        «Jantzi, puskak poltsan sartu eta atzeko atetik irten nintzen. Baratzea zeharkatu nuen, makurtuta, ia-ia arrastaka. Baratzearen goialdean dagoen txabolan sartu nintzen, baina hura leku segurua ez zelakoan gorago egin nuen, etxetik urrunago, eta sasi artean sartu, ilundu arte kasik».

        «Kanpoko mundutik isolatuta bizi nintzen, eta jakin nahiak erretzen ninduen», dio beste pasarte batean. «Haur zalea naiz. Haur bi nahi nituen, eta bi baditugu. Errefuxiatuak ezin ditu helburu denak laga eta arazoak pasatu arte bete gabe utzi, bestela sekula ezin izango du ezer egin. Bizitzaren jarioa ez da inoiz gelditzen».

        Bizitzaren jarioari eusten, ilunpean ere:

        «Gehienetan egiten nuen bezala, ilunpea iritsi orduko ohera sartu nintzen, nire burutazioetan galtzeko itxaropenez. Altzara joan nintzen, eta paseatzen ibili nintzen hiruzpalau orduz, nire gurasoekin, nire arrebarekin, Imanolekin...

        «Tarteka Altza utzi eta Azkoitira joaten nintzen, nire hiru neskekin egotera...».

        Ametsak, esna gauden bitartean egiten ditugun amets horiek, antzekoak dira dirudienez etxetik urruti gatibatuta gauden gehienon gogoetan.