Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Manex Bergara
1936ko gerra hastean eta ondorenean Hego Euskal Herritik Iparraldera ihes egin bazuen hainbatek, 1939tik 1945era bitartean alderantziz egin zuten beste batzuek.
1943an Alemaniara bidali nahi izan zuten Manex Bergara saratarra, 26 urteko gaztea, Lan Behartuen Zerbitzuetara (STO: Service du Travail Obligatoire). Hegoaldera ihes egin zuen, bada, eta Hegoaldean atxilotu eta Miranda de Ebroko kontzentrazio barrutian sartu. Bost hilabetez eduki zuten han.
Hilabete horietan bertsoak idatzi zituen, Miranda goiburudun hamarreko sorta hau besteak beste:
1
Burua pisu eta estomaka arin
Kantuz hastera noa nire lagunekin
Euskaldunek dezaten berri onak jakin
Zein ongi bizi garen gu españolekin
Herrian kantatzeko noizbait elkarrekin
2
Alemanei ihesi mendiari gora
Pasatu ginen beraz Españakora
Afrikara gateko behar zen denbora
Galdetzera gan ginen bereri agora
Baina bota gintuzten presondei zokora
3
Erresuma guzitaik bagara gizonak
Español kartzeletan nonahi egonak
Orai kanpo batean gaituzte emanak
Atxikiko ditugu oroitzapen onak
Españan baditu Hitlerrek lagunak
4
Memento hontan baga bizpahiru lau mila
Egun guziz handitzen ari baita pila
Arma eskutan dago soldadu bipila
Alturan pausatua iduri okila
Erresalbuko hor da Guardia Zibila
5
Delako kanpo hau da Miranda hiria
Nola den emanen dut orai agerian
Hemen jendea bizi da zinez miserian
Bertso hauk hasi ditut manera berian
Arrantxoa jan eta goseak errabian
6
Ikus dezagun orai zer janari fina
Izaten dugun hemen bizitzeko dina
Hura traste batzuek nolazbaitka ina
Alde batetik guti bertzetik zikina
Hemen ausarki dena da tripako mina
7
Itzuli bat dezagun egin barraketan
Nola gain ikusteko gure ganbaretan
Bi andana badira alde bakotxetan
Lehen biak lurrean bertze bi airetan
Hola lo iten dugu lastarria txarretan
8
Garbitasunak aldiz hasi nau izitzen
Urik gabe oraino ez dakit bizitzen
Pentsa hemen direnek ez duten sufritzen
Española beltza da ez naiz harritzen
Oinore belztuko da ez da ta garbitzen
9
Uraren eskasian bi arraza onak
Zimitza ta zorria nagusi emanak
Zangotaik hasi eta bururaino janak
Gau eta egun hazka hartzen gara denak
Bietarik badiren milaka dozenak
10
Azkeneko pertsuan hitz batzu ixilka
Ezin txarrago dela Francon politika
Hiru urtez eman du populua hilka
Orai ezin xutituz goseak dabilka
Fuera faxisma eta biba Errepublika
«Kantuz hastera noa nire lagunekin» dio lehen bertsoan. 1936-1937 urteak atzera geratuak ziren ordurako; auskalo zenbat euskaldun igaro zen Mirandako zotinzulo hartatik 1943 bitartean: egonaldia eginda etxera bidaliak edo beste penategiren batera eramanak izango ziren batzuk; sekulako eremuetara betirako joanak beste batzuk. Baina bistan da kantu eta kontu lagunak eta herrikideak aurkitu zituela Manexek. Zerbaiten beharra izango zuten gau-egunen mikatzari gozo apurra emate aldera.