Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Ihes trabatuak
Jose Ramon Goikoetxea Ardotxiren liburua eman dit lagunak: Mentxakaren aitorpena (2006, Elkar).
Egonezin batean irakurtzeko orrialdeak idatzi zituen Ardotxik. 1971ko martxoaren zazpian atxilotu zuten eta, kartzelara igaro artean, polizia-etxean pasa zituen hamabost egunen kronika da berea. Hamabost egun horietan bizi, jasan eta gogoratu zuenaren kontaketa. Polizien galdeketari aurre egiteko eta ahalik eta gutxien esateko modua prestatzen du leotzean daukaten denboran.
«Nola ote dabil jende hura guztia? Poza ematen dizu beraiekin egoteko aukera izan dezakezula pentsatze hutsak. Sabin Arana, Bareño, Iñaki Aizpuru, Andoni Arrizabalaga, Juanito Sarasola... Kartzelan jarraitzen dute oraindik. Badakizu, aitorpena ondo aterata ere, urte batzuk eman beharko dituzula itzalpean...
«Libretan jasotako oharrek ematen dizute kezkarik handiena... Blok madarikatu horretan idatzitakoa gogoratzen saiatzen zara.
«Zenbait lan eta txosten dauzkazu bilduta, eta arrisku handian jartzen zaituzte, besteak beste, Botella eta Roberto operazioei buruzko zirriborroek, zeren Burgos eta Carabanchelgo presondegietatik ihes egiteko lanak gera daitezke agerian... Nola eraman litezke, ordea, horrelako gauzak gainean? Ondo damututa zaude. Mila aldiz madarikatu duzu zure baldarkeria...
«Satorren bitartez jakindako azken albisteak ere jasota dauzkazu libretan. Burgosko presondegiaren ingurukoak dira denak...
«ETAko preso politikoek egindako txosten bat jaso genuen Burgosko espetxetik Bizkaiko talde militar baten bidez... Presondegiko planoa zen; nahiko zehatza... Dutxak, bereziki, kontu handiarekin jasota zeuden; izan ere, handik barrena proposatzen zuten ihesaren aukera.
«Josu Abrisketak hartu zuen ardura kartzelan, eta satorrak, berandu baino lehen, lur azpiko lanetan murgildu ziren buru-belarri. Isurbideen sarea aztertu zuten arretaz, estolda zulorik egokiena aukeratu baino lehen. Ate txiki bat egin zioten furgonetari zoruan, eta hura baliatu zuten, metalezko tapa borobila jasota, lurraren erraietan inork ikusi gabe sartzeko. Aste askotako lana behar izan zuten kartzelaren azpira ailegatu arte. Burdin hesi bat baino gehiago jarri zitzaizkien traban, eta sopleteari esker zabaldu zuten bidea. Metalak detektatzeko sistema batekin ere egin zuten topo... Azkenean, murru bat bota ondoren, kartzelaren sotora atera ziren».
Besteak beste armak aurkitu zituzten espetxearen azpi hartan, eta presarik gabe miatuz gero auskalo zelako aurkikuntzak egin ote daitezkeen bai han eta bai beste espetxe zahar batzuen sustraietan. Oraingoan, baina, Ardotxiri jarraituko diogu:
«Zenbait pareta bota ondoren, azkenean, bila zebiltzan galeriara atera omen ziren. Egun gutxitako lana ematen zuen... Zoritxarrez, ordea, beste oztopo bat jarri zitzaien aurrean: zementuzko murru lodi bat... Galeria bitan banatzeko egina zegoen, eta presoak zeuden alderdiko bidea eragozten zien. Ezin zuten ez bota ez zulatu, eta azpitik saiatu ziren. Horretan zebiltzan auziari ekin ziotenean, eta handik aurrera ikaragarri zorroztu omen ziren zainketa-neurriak barruan...
«Ez genuen jakin seguru nola. Funtzionario batek, nonbait...».
Horretan izorratu ziren ihes saiakera harekikoak. Baina presoen ihes nahia, bizi nahia bera bezalaxe, zaputz bakoitzetik berpizten da lehenago edo geroago.
«Gerra kontseilua hurbiltzen ari zela-eta, Martutenetik Burgosera eraman ninduten ni» dio Iñigo Alkainek lagunaren eskutitzari erantzunez. 33 urte atzera begiratuz ari da. Ihes ahaleginarenak eta beste hamaika gorabeheraren hari muturrak erakusten ditu, historia luzeagoen adierazgarri. Noizbait gaindituko ahal dugu labur behar hau!
«Gaur egun batik bat gure seme Egoitz bisitatzera noanean berpizten ditut memorian 1975eko martxoko egun haiek.
«Hiru eguneko periodoa isolamenduan egin ondoren pasa ninduten modulura. Jesus Mari Zabarte Garratz, zegoen han, eta laster aipatu zidan ihesaren kontua. Hogeita hamar urtetik gorako zigorra eskatzen zidatenez, bizkor eman nion baiezkoa, ni pm-etakoa nintzen arren.
«Burgosen modulu apartean ginduzkaten ETAkoak; modulu honetatik kartzelako beste lekuetara, larunbatetan soilik igarotzen ahal ginen, bokiek zinemara eramaten gintuztenean... Zinemaren ordu horretan etortzen zen hirugarren graduan zegoen preso arrunt bat kartzelarako esnea ekartzera, eta rastrilloko lehen atea irekitzen zen orduan, arratsaldeko zazpiak inguruan. Horixe izango zen ordua.
«Gu, atearen ondoko trastetegian ezkutatuta egon ondoren, esnezalearekin sartuko ginen rastrilloan eta aurreneko kartzeleroa indargabetuko genuen. Zerbitzuburuaren bulegora iritsi ahal izango ginen horrela, hura ere lotzeko.
«Baina 1975eko martxoaren zortziko larunbat hartan bi funtzionario gehiago topatu genituen...
«Sei lagun ginen ihes saioan: Garratz, Lazkaoko Patxi eta neu batetik, eta hiru preso sozial bestetik. Sasoi hartan ez zegoen beste euskal presorik Burgosen. Hiru preso sozialak, berriz, konfiantza izateko moduko baldintzetan zeuden: hemen ez ezik, zigor handiak zituzten Frantzian eta Italian ere.
«Garratz eta Patxik, piparekin, lurrean etzanarazi zituzten bokiak, eta nik, sozialen laguntzarekin, eskuak eta hankak lotu nizkien. Hasieran ondo zihoan lana, bi boki lotu genituen, baina zerbitzuburuak ez zuen etzan nahi lurrean, kaskagogortu egin zen. Preso sozialak ostikoka hasi zitzaizkion... zalapartaren nahas-mahasean ihes egin zigun esnezaleak, eta alarma eman zuen. Laster inguratu gintuen guardia zibilak.
«Gauzak prestatu bezala atera izan balitzaizkigu, kartzelaren azken horma gainez pasatzea izango zen hurrengo urratsa. Mantenimendu gelaren ondoan zegoen eskailera bat geneukan horretarako... Eta kanpoan zain zegoen laguntza taldea.
«Garratz Puerto de Santa Mariara eraman zuten. Ni Burgosen utzi ninduten, artean kondenatu gabe nengoelako.
«Gogoan dut 42 egun bete nituela zigor ziegetan, eta handik atera nindutenean ekarri zutela Azpeiti (Anjel Otaegi) Martutenetik. Garai gogorrak ziren.
«Martutene, Nanclares, Burgos, Zaragoza (Torrero), Carabanchel, Jaen eta Palenciako kartzeletatik igaro nintzen urte haietan.
«Francoren kartzela haietan militantzia, sentimenduak, sufrimendua eta ilusioak elkarrekin bizi eta konpartitu izanak, betirako ukituta uzten zaituela iruditzen zait, hainbat kideren memoriari eta beste hainbaten zintzotasunari lotuta».