Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Zer eskatzen du herriak
Gaztaro gozoan, 70eko hamarkadan, ez genuen festarik kantaldirik gabe. Geure aldarria bera zen kantu. «Zer eskatzen du herriak?» galdegiten zuen kantariak taulatik. «Amnistia», «Askatasuna»... Gogor jotzen genituen silabak, mailuka.
Memorian dirauten gozo-guneetara itzultzea, haietan berbizitzeko modua da, bihurri samarrak diren arren, batzuetan oroimenaren bozaderara garamatzaten ubideak.
2006ko udaberria izan behar zuen, Valentzian mascletá jaiak, fallak erretzea eta egundoko festak. Espainiako errege-erreginak joan ziren, eta jendea zain, haiek non agertuko. Ez dakit udaletxea ala gobernu egoitza ote zen, balkoira irten zuten biek, gortesauz inguratuta. Behean, asfaltoan, jendetza, balkoira begira. Diosal egin zuten errege-erreginek eskua astinduz, balkoian aurreratuta, «Zer eskatzen du herriak?» galdetuz bezala.
«Que bote el Rey, que bote el Rey», jendearen aldarria behetik.
2009ko udaberrian, egunak eman zituen telebistak —asteak esango nuke kasik— futbol partida garrantzitsua iragartzen. Ez zen izan, agi denez, hutsaren hurrengo auzia. Madrilen, esate baterako, Diputatuen Kongresu atarian, euren futbol taldeen kamisetak eta bufandak jantzita, lehoien peanara igo ziren EAJko eta CIUko diputatuak, telebista kameren aurrean kirolzaletasuna, abertzaletasuna, edo ez dakit zehazki zer tasun aldarrikatzera.
Kartzelan ere irabiatzen da giroa halakoetan, matraka gogorrak pizteraino batzuetan. Txaboloan bagaude, eta horrela izan ohi da gehienetan, indar handiz kolpatu ohi dituzte presoek leiho, ate, harrapatzen dutena, futbol partidaren batean gola sartzen dutenean, eta kartzeleroek ere oihuak egin ohi dituzte inoiz megafoniatik. Zer gertatzen ari den ez dakienen batek duda izpirik gabe pentsatuko luke amnistiatu gaituztela, edo kondena erdiaren erredentzioa eman digutela gutxienez.
Preso espainiarrena baino agian sutsuagoa —sutsuago nahia beharbada— ohi da kanpotarren bozkario erakustaldia, leihoak gogorrago kolpatuz, oihuak ozenago eginez. Zaletasun sutsu eta bozkario handiena erakusten duen hori izan daiteke —maiz horrela izaten da— egunerokoan «kafetxo bat», «zigarro bat», «erretzen ari zaren horren mutxikina bederen», eske-letania aterrezinean dabilen ezergabea.
Jendeak, ordea, ez du edozein futbol talde haizatzen; ezergabeak ere indartsu eta handienaren alde egiten du zarata eta oihu, eztarria urratzeraino. Madrid edo Barçaren kamisetak janzten dituzte batzuek; golen bat sartzen dutenean, horien garaitza ospatzen dute iskanbila trumoitsuz.
Patioan ia ez da egunik izaten futbolean aritzen ez direnik; espetxeak txapelketak antolatzen ditu sarri samar, eta kaletik ere etorri ohi dira taldeak presoen aurka futbol partida jokatzera kartzelako futbol zelaian. Hemengo bideo kanalean ematen dituzte gero partida horiek eta, begira nagoela, hara hor non ageri diren, lokutore eta laguntzaile ari diren presoentzat eraman eta ipiniak, moduluko eskolatik desagertu ziren mahaiak.
«Eskolan mahaiak?», pentsatu bide zuten; «euskaldunek eta beste arloteren batek baizik ez dituzte barren erabiltzen!».
Futbol partidan lokutore ari denari egiten dioten zerbitzua —bideoz preso guztioi hedatuko diguten goren kultur saioa prestatzea, azken batean— konparatuko duzu ba, eskolan auskalo zer idatzi edo irakurtzeko tenebrosook dugun beharrarekin!
Futbola patioan, futbola futbol zelaian, futbola bideoan... Zesarra legez imajinatzen dut kartzela zuzendaria, eta Zesarra legez espainiarren erregea, bere koparen disputan, zein eta, Barça eta Bilbo jo eta su ari diren bitartean.