Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Gauez bidean

 

Kartzelan preso dagoenarentzat osagai eta osagarri garrantzitsuak dira bisitak; lehenago ere azpimarratu dugu alderdi hori. Horri buruz idatzitako pasarteak jasoko ditut. Barrutik aldizkariaren lehen zenbakian, Gaua kartzelako eremuetan barna izenarekin datorren testuko zatiak dira:

        «Negu gorria. Errepidean, gaueko isiltasuna bortxatuz, iluntasuna zulatuz, autobus bat abiada handian. Hotz da inguruetan, izotz labainkorra galtzadan, hotza eta izotza, asteburu oro autobusak kurritzen dituen bideetan...

        «Autobusaren magalean, eserleku hainbat bidaiari... guztiek amets eder batean murgildurik dituzte euren gogoak: seme-alaba, mutil edo neskalaguna edo ama ikustea amesten dute, unetxo batez bada ere beren senide maitearekin egotea; beren adorea, kemena, maitasuna eta arnasa eskaintzea dute helburu...

        «Orduak eta kilometroak atzera utzirik, egunsentian, goiztirian, eraikuntza erraldoi zantar baten inguruan dira. Ordurako, autobus barneko giroa alaitu da; jada autobusetik jaisteko prest dira, poltsa guztiak eskuetan harturik.

        «Gau osoa bidaian igaro ondoren, azkenean kartzela aurrean dira. Autobusetik jaitsi eta sarrerarantz doaz, urduri: Nortasun Agiria bulego antzeko batean utzi eta pasillo luze batean barrena kabinara iristen dira. Hantxe dago aita, hantxe dago ama edo semea, mutil edo neskalaguna, edo anaia... ordu erdi batez.

        «Agurra, zorigaiztoko agurra. Ondo segi, goraintziak hari, baietz, zainduko naizela, ondo joateko...

        «Eta kanpora, beste txanda bat sar dadin. Autobuseko besteek bukatzen duten bitartean, harantz eta honantz, bisita oroituz eta komentatuz, ibilian. Ordu bat, bi... eta autobuseko guztiak autobus inguruan, Euskal Herrirantz abiatzeko prest.

        «Arrastiria da, bakoitza bere eserlekuan eseri eta berriro errepidean direnean. Berriro isiltasuna nagusitzen da, bidaiariak begiak bildu eta bakoitza bere ametsean murgiltzen denean».

        Zain dagoen presoari senideek kontatu eta honek idatzi dituenaren zatiak dirudite, hala ote diren ez dakidan arren. Konstantziaren kronika, tristura eta ezinarena, elkartasunarena. Eta gatibuaren ametsak airez aire, beti bidean.