Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Jardun txiki-handiak
«Bi hilabete pasa daramagu aste guztietan karta biak euskaraz izkiriatzen. Denak Madrilera igortzen dituzte, itzultzeko aitzakiaz. Lehenagotik ere bazeuden pilo bat erretenituta, zortzi hilabetez honanzkoak gutxienez. Dena erretenitzen dute, karta arruntak, zertifikatuak, telegramak, postalak. Gero zerrenda bat ematen digute eta ikusi arte».
Euskara puteatuta. Noiz arte? goiburudun artikulua da, Herrera de la Manchan egiten zen Martxan barne aldizkariaren 7. zenbakitik hartua. 1983tik 1987ra arteko kontuak izango dira, gutxi gorabehera.
Astean bitara mugatuta egoteaz gain, euskaraz idatziak ziren eskutitzak trabatuta geratzen ziren mugarik gabeko denboran. Kaletik kartzelara zuzendutakoak ere erretenitzen zituzten, jakina.
Kasu askotan harremanen etena zekarren horrek, eta zerbait egin beharra zegoen: «Gure jakinduria eskasaz, honekin amaitzeko bide bakarra ikusten dugu, idazten jarrai ahalik eta gehien, denuntziak jarri jueza nazkatzeraino, hau da, astean pare bat bakoitzak...
«Baina mendebaldeko kultura partziala dela esaten dute. Gure pentsamoldeekin ezin dugu dena abarkatu... Soluzio bila ekialdera jo izan dute gure filosofari iaioenek hemen falta dena han aurkitzeko asmoarekin... Eta gu, txinoen jakinduriaz jabeturik... harantz zuzendu gara ea gure karten asunto honetaz konponbidea non dagoen...
I Ching, Mutazioen liburua hartu dugu. Aber».
Euskarazko eskutitzen kontua, eta euskararena bera, ez zen txantxetarakoa, baina umorea ez da lagun txarra edozein auziri aldarte hobean aurre egiteko. Eta ironia, lokatzetan ardatzeraino sartuta dagoen gurdia bezain mugigaitza dirudien arazoari ekiteko.
«Guk zera galdetu diogu problema guzientzat erantzun zehatza duen liburu jakintsu honi: Noiz lortuko dugu kanpaina honen helburua?».
Helburuak urruti samar egon behar du, gaur ere nahikoa traba izaten baitute euskarazko eskutitzek.
Sasi-saiakera ironiazkoak ez ezik, poema minduak ere emango ditu euskara lazoan ezarriak. Aldizkari honetan bertan agertzen da Iparrea izengoitiz sinatzen duenaren bat:
Zer kontatzen duk hik, Zentsore Jauna!
Zer diok gaur goizean, nire konfesore anonimoa!
Zenbat irri, poz, esperantza eta ilusio
Zapuztu dituk, bihozgabeko gizon horrek?
...
Zer kontatzen duk, diot, zentsore madarikatu jauna!
Euskaraz idatziz harremanetan aritu ahal izateak, EGA titulua gainditzeko prestatzeak, hamaika ahalegin txiki eta handi eragiten zigun laurogeiko hamarkadaren urte haietan. Horri buruzko gogoetak bertsotan, poesian, prosan agertzen dira. Barne aldizkari honetan ere bai:
«EGA titulua noski atera nahi dudala, diploma koadro baten ipintzeko ez, inola ez, neure buruari euskaraz gero eta gehiago exijitzeko baizik».
Gaiak askotarikoak dira idazteko orduan, norberak aukera dezala nahi duena; drogaren erabilpenari buruzko jarduna edo gaueko ametsa eta goizeko iratzartzeari buruz idatzitakoa izan daiteke.
Itzulpenak ere bai, sasoi hartan eskutik eskura erabiltzen genuen Eduardo Galeanoren Memorias del fuego liburutik eginak esate baterako.
Eta irakurtzen genituen euskarazko liburuei egindako iruzkinak: Iñaki Zabaletaren 110. Street-eko geltokia, Bernado Atxagaren Bi anai, Pako Aristiren Kappo, tempo di tremolo, Andu Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez...
Argitaratu eta kalean agertu ahala sartzen ziren kartzelara liburuak. Zain egoten baikinen, euskarazko liburu berriren bat noiz azalduko, etxeko edo lagunei eskatzeko.
Zeharkako kronika politen bat ere bada barne aldizkari honetan, Galinbaren tonbola goiburua daramana kasu. Bazkaritarako garagardo bana eta afaritarako beste bana erosteko aukera izaten zen. Musean hasita, besterik ezean, garagardo huraxe jokatu ohi zenez, eta mahai batekoak bestekoen aurka gehienetan, pagotxa izaten zen bikote txarrik aurkituz gero. Baina galtzaileek almitza; ura edan behar!
«Mahaikideak ez dute zerbeza tragorik edango baina, bestelako trago faltaz ez daude. Zerbezen egoera larria dela eta mahaikideak batzarrak antolatzen hasiak dira, irtenbide bat behin betirako emateko».
Umoreak behar du bere jolastokia, erabat ihartuko ez bada. Baina, poesian batez ere, behin eta berriz, edonon agertuko da beste errealitate bat:
Baina laino tenorea ailegatu zaigu.
Mendi hotzetako ahotsa, eremu hormatuetako agindu beltzak
Gaztelu ilunean naute gatibu, maitea, marrumaren erresuman.
Hemen non odol izoztua den nagusi,
Hemen non ilargi kupidagaitza den salatari.
Ogia dugu garratza
Gidari bakarra esperantza.
Gure aldiko euskal preso politikoen lehen aldizkaria, Sorian egindako Aga izenekoa zen. Hurrengoa, Puerto de Santa Mariako Intxaurraga. Ez dakit horien aztarnarik inon egongo ote den gaur, garai haiek ezagutu eta bizi izan zituztenen memorian izan ezik.
Herrerako 1983-1989 aldiak eragin dezentea izan zuen gutako askorengan, baita aldi horretako urteren batzuk bakarrik bizi izan genituenongan ere: debateak, ikasketak, elkarbizitza... Agian orduan ez ginen jabetzen noraino zen bizia hango dinamika. Irakurketarako edo ikasketarako berdin, eta barne aldizkariak ziren dinamika horren emaitzetako bat.
Beren txikian eta xumean, aberatsak ziren kolektiboaren barne aldizkari haiek, baina orduan ez genien emango halako garrantzirik; horregatik galdu ziren seguru asko gehienak.
Idazmakinaz idatziak, marrazkiak eskuz eginez, kalkoekin kopiak... Ez ziren bi-hiru orritik gorakoak, gainera. Martxan 7.ak 44 orrialde ditu, eta orrialde horiek ondo kalkulatuz idatzi behar makinaz, gero enkoadernatu, josi... Martxan, Kixmi eta Halankarri ziren Herrerako hiru modulutan egiten ziren hiru aldizkarien izenak. Laugarrenean ez dakit egiten ote zen, idazlanen batzuk egiten zirela gogoratu uste dut baina.
Martxan 7 honetako idatzi guztiak daude izengoitiz sinatuak, nahita edo nahi gabe, norbere izena ezkutatuz kolektiboarena sendotzearren beharbada.
1987an, 1988an gehienez, joko zuen azkena aldizkari haien historiak. Sakabanaketak gauza handi eta txiki askoren amaia ekarri zuen sasoi hartan, eta modu berriak asmatu behar izan ziren aldizkari kolektiboak egiteko ere.