Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Loa badoa
«Basamortua hareazko kartzela handi bat da» irakurtzen dut aldizkari batean. Uhartea, itsasoz inguratuta dagoelako, kartzela dela esango du beste batek. Maitasuna ere kartzela dela eta maitemindua presoa, mila eratara idatzi eta kantatu da honezkero han eta hemen...
Dena da kartzela, katerik ezin eten inola, itxura denez, eta gu ametsetan, inozook, hemendik noiz irtengo, libre izateko. Fatalidade bat da.
Etxean nago, sukaldean berriketan, mahaian, kontu zaharrak berritzen. Hainbat aldiz faltan sumatutako giroan atsegin... Denbora amaitzen ari delako larritzen naiz halako batean, ostera kartzelara behar dudalako laster, eta esnatu egiten naiz. Kartzelan nago.
Herrian, bazterrak ez direla hainbeste aldatu iruditzen zait. Lehengo lekuetara noa eta lagunak agertzen dira han. Atsegin guztien umetokia dut Lastur. Zorionak ez du behar haitzaren gainean palazio ederrik.
Baina denbora amaitzen ari delako larritzen naiz, ostera kartzelara behar dudalako. Kartzelara itzultzearen beldur baita preso egon denaren gogoa. Loa badoa ordea, eta esnatu egiten naiz. Kartzelan nago.
Amets arteko bigiretan egunkarietako eskelak begiratuta, gure aurrekoak badoazela ikusten dugu. Presoon gurasoak, osaba-izebak... Gaurko preso gazteagoen aitaita-amamen izenak ere irakurtzen ditugu eskeletan. Eta lagunenak, kartzelan eta ezagutu genituenenak. Denborak daramatza haiek eta denborak garamatza gu geu. Gure ametsak ere badaramatza denbora horrek berak, balizkoen oroimina eta egin nahi genituen gauza txikien irudi hipotetikoak utziaz.
Azken aldiz eskeletan ikusi izan ditudan etxeko haiekin elkartzen naiz ametsetan, eta bizi ziren artean esan gabe geratu zitzaizkien kontuak esaten dizkidate.
Lagun batzuek ere kontatu izan dizkidate antzeko ametsak eta, edozein dela ere amets horren gorabehera, berdina da guztietan: kartzelara beharraren itomenean esnatzea. Eta esnatzea, kartzelatzea da.
Izan ere itolarriak bultzatzen gaitu uretatik kanpora, edo kea dagoen lekutik irtetera, zortzigarren solairutik jauzi egin behar badugu ere, beldurrak garamatza ihesera, amesgaiztoetatik esnatzera. Kartzelaren irudia eta hara beharra da amesgaiztoa eta amesgaiztotik ihes egin nahiak garamatza esnatzera, baina esnatzea amesgaiztoa gauzatzea da.
Esnatzea, kartzelara itzultzea da, egon nahi ez dugun lekura itzultzea. Presoa ametsetatik esnatuta kartzelan agertzea, akzidente bat da: presoak ametseko errealitatean esnatu nahi du zinez, eta ez ametseko errealitatetik.
«Amets onak?» diotso Puertoko preso batek besteari. «Nik ihes egiten diat beti, ametsetan, eta beti harrapatzen naitek askatasuna ukitu orduko».
Esnatzen delako harrapatzen dute.