Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Paueko ihesa
Eneko Bidegainen Iparretarrak: Erakunde politiko armatu baten historia liburuak erakunde horretako militanteek Paueko kartzelatik burutu zuten ihesaren historia dakar.
Dotorea, ausarta. Ez osoa, baina zati batzuk hartu nahi ditut ihesaldi horren kronikatik:
«Presondegia gauza txarrena da. Klandestinitatea gogorra da, baina presondegia anitzez bortitzagoa da, biziaren oinarria, askatasuna, kentzen dizutelako». Gabi Mouescaren hitzak dira.
«Maddi Hegi 1985eko maiatzaren 21ean atxilotu zuten... lau urteko presondegi zigorra hilabete batzuen buruan bukatua izanen zuen. Maddiri galdegin genion ea ihes egin nahi zuen... Baietz erran zuen, ahoan bilorik gabe...
«Militante andana bat behar zen mugiarazi. Hilabete andana bat behar zen prestatzeko...
«Gauzak ongi kalkulatu ondoren, Robert Bonhour zuzendari nagusia 1986ko abenduaren 13ko asteburuan egonen zela ikusirik, ihesaldia egun hartako finkatu zuten».
Beharrezko lanak eta saioak eginda, jantziak eta gainerakoak prest, talde bakoitzak badaki zer egin behar duen, erlojuaren zein piezari eragin behar dion. Arratsaldeko zazpiak eta erdietan abiatzen da lehen pausoa, bidaia atzeraezin bihurtzen duena: zuzendariaren alabaren senarra bahitzen dute; zuzendariaren alaba bahitzen du segidan beste taldeak, honek aita erakar dezan telefonoz deituta.
Zortziak eta erdietan dator aita alabaren etxera eta hirugarren taldeak bahitzen du. Zuzendariarekin Paueko kartzelara sartzea zen helburua, han berak eman ditzan ordenak, ohiko zukeenez. Bi preso kartzelaz aldatzera zihoazen «guardiak» zuzendariarekin batera sartuko ziren kartzelara, jakina.
«Zuzendariari urrunetik zartaraz zitekeen lehergailuzko gerriko bat ezarri zioten inguruan, presondegian izanen zirenean ez ziezaien lankideei erran zein zen egoera. Alabaina, une labur batez IK-ko militanterik gabe egon behar zuen, presondegiko atea irekitzean. Lehergailua zartarazteko sistema faltsua zen, baina hori ez zekien zuzendariak».
Alaba eta haren senarra furgoneta batean lotuta zaintzen ditu talde batek; besteak kartzelara abiatzen dira. Zuzendariaren autoan, bera eta Filipe Bidart, eta ondoren beste hiru auto, taldeetako kideekin.
«Presondegi aitzinera heldu ziren. Zuzendariaren autoa sarrerako ate aitzinean gelditu zen, beste bi autoak bi bazterretan. Zuzendaria autotik jaitsi zen, eta ate ttipiaren saihetsean zen interfonoa jo zuen. Zaindariak ate ttipia ireki zuen eta zuzendaria han sartu zen. Kanpoko atea hetsi zen... Ate nagusia zabaldu zen eta autora joan zen berriz. Orduz geroztik lehergailua «zartaraz» zezakeen militantearekin egon zen denbora guztian.
«Zuzendariarekin zen militanteak Poliziaren RG zerbitzuko inspektore gisa aurkeztu zuen bere burua. Zuzendariak zaindariak abisatu zituen bi preso lekuz aldatzera etorriak zirela alegiazko poliziak. GIGNez jantziak ziren militanteei atea ireki ziezaieten galdegin zien. Militante haiek presondegian sartu bezain laster, zuzendaria eta Filipe Bidart Gabi Mouescaren ziegara joan ziren».
Gabi Mouescak leihotik ikusi zituen heltzen. Une hartan gorputz guztia inarrosten zitzaion. «Ziega handi batean nintzen, ETAko bost militanterekin. Gaua zen, ikusi nituen heltzen. Ene ohe izkinan jarri nintzen, eta han nengoen beha. Gero presondegiko zuzendariak atea ireki zuen. Ondoan militantea zegoen, taldeko arduraduna, oinarriko bizpahiru zaindarirekin. Erran zidaten atera behar nuela, presondegi aldaketa baterako... Bi minutu utzi zizkidaten ene puskak hartzeko».
Ondotik, Maddi Hegiren bila joan ziren. Mugimendu hura ez zelako isilik pasatzen ahal, zuzendariak eta militanteak zuzendariordea bulegora ekarrarazi zuten, ez zezan egoera bitxiaz oharturik alarmarik pitz. Egoera zer zen esplikatu zioten, eta zuzendari-ordeak ere militanteen aginduak bete zituen, presondegiz aldatzeko tramite administratiboak egin behar ziren lekuan.
«Barne hartan sekulako denbora egon ginen», gogoan du Filipe Bidartek. «Han geundelarik, denak egiten genituen egiazko preso aldaketa bat balitz bezala, ofizialki. Idazkariaren bulegoan ginen, Gabi ekarri zuten eta Maddiren beha geunden. Ez dakit zenbat denbora, beharbada hogei minutu egon ginen. Zeren beha daude Maddi ekartzeko? Emazteen auzoko zaindariek ez zuten normal kausitzen tenore hartan egitea aldaketa, eta zaindari hark baitezpada nahi zuen Maddik bere puska guztiak har zitzan. Eta Maddi jin zitzaigun sekulako puska andanarekin».
Maddi Hegi memento batez erori zen, bere puskak lurrera utzi zituen. Filipe Bidart ezagutu zuenean, irri karkailaka hasi zen. Orduan GIGNeko arduradun gisa bezti zen Xabi Labegueriek bortizki hartu zuen eta paretari kontra bota.
«Harekin zegoen zaindariak ez zekien ihesaldi bat zela. Beraz, Maddi harritua izan zen, ez zekien ea operazioak huts egin zuen ala ez».
GIGNeko (Groupe d'Intervention de la Gendarmerie Nationale) arduradunarena egiten zuenak bi presoei eskuburdinak ezarri zizkien. Maddik bere puskak erortzera utzi zituen. Zaindariak irriz hasi ziren. «Zoazen lekuan ez duzu horien beharrik» erran zion GIGNeko agente faltsuak. «Zaindariak segur ziren Parisera eramanen genuela. Bere puskak bildu zituen, eta segitu zuen».
GIGNeko arduradun faltsuak agiria izenpetu zuen, «IK» batekin. Bi presoak GIGNeko agentearekin sartu ziren R18 zurian.
Zuzendariak zaindariei erran zien kanpora aterako zela, ikusteko ea dena ongi pasatzen zen... Ate nagusitik atera zen oinez, alegiazko inspektorearekin. Biak R9an sartu ziren. Auto guztiak presondegitik abiatu ziren...
«Presondegitik atera ginenean, autoan, Gabirekin eta Maddirekin, atea gure gibelean ixten ikusi genuenean, ez zekiten ongi. Gabik ez ninduen ezagutzen» dio Labegueriek. «Autoan, ateratzean, Gora Euskadi Askatuta oihukatu nuen».
Honaino ihes eder haren zertzelada batzuk. Dotorea ihesa; eta ihes haren kontatze soila ere bada irakurlearen egonezina —irakurle honen egonezina, gutxienez— larritzeko lain.