Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
San Cristobalgo testigantzak
Asko idatzi da Ezkabamendiko hartaz, liburu mordoxka. Ugari dira lekukoak, eta bakoitzak bere erara, ikusi edo bizi izandako moduan kontatzen ditu San Cristobalgoak.
Ihesaren ondoren, hustu egin zuten lehen brigada, harrapatzen zituzten profugoak han sartzeko, biluzik eta janaririk gabe lehen egunetan. Hezetasun itzela eta argi eskasa, hantxe eduki zituzten hiru hilabete pasa, egunsentian ordu erdiz patiora atera eta lehertu arte korrika eginaraziz.
Josu Landa plentziarrak kontatzen du, ihesaz ohartzean tiroka ekin ziola garitatik guardiak eta Iriarte abizeneko nafar bat orkatilan jo zuela. Ihesari ekin omen zion hala ere Iriartek. Ihesaren ondoren erabat inkomunikatu zituztela esaten du Landak.
Jacinto Otxoa iruindarrak, berriz, honela dio: «Ez dakit 14 edo 16 izan ziren fusilatu zituztenak. Besteok ziegetan sartu gintuzten, ez platera eta ez koilara, bisitarik gabe, egunean bost minutu genituela ura edatera irteteko. Funtzionarioek atertu gabe ematen zizkiguten zartadak eta jipoiak. Bost hilabete iraun zuen horrek».
Valladolideko Santiago Robledorena da honakoa: «Presoen arteko harremana era askotakoa zen. Bazeuden batzuk salatariak zirenak. Valladolidekoak eta euskaldunak ziren konprometituenak. Lan gehien beraiek egin zuten.
«Lehen brigadan sartu gintuzten harrapatu ondoren. Egunsentian denbora tartetxo batez ateratzen gintuzten patiora. Handik itzuleran, harmailetako jira-unean jartzen ziren guardia batzuk, pasaeran egurkadak emateko.
«Zaindariek dun-dun balekin tiro egiten ziguten patioan ginenean; zaurituak izan ziren, baina ezer pasa izan ez balitz bezala. Lehen brigadan egon ginen zigortuta, uztailaren 18ra arte».
«Jende asko hil zen» dio Silverio Gonzalez Ourensekoak, «gosez batzuk, erailak beste batzuk». Eta antzeko kontuak daude Afrodisio Gonzalez palentziarrak gogoratzen dituenen artean: «Jende asko hiltzen zen, egunero ia, gaixorik, tuberkulosiagatik gehienetan, eta ez jateagatik.
«Euskaldun asko gudariak ziren, lagun onak; hitz egiten genuen haiekin, baina ez politikaz».
Gehiegikeria hauek guztiak, ordea, Carratalaren ezkutuan egiten zituzten, jakina, ez zuten nahiko arriskutsuenek halakorik ikustea.
Euskaldunez ere iritzi propioa du gizonak: «Gorago aipatu dut ez genuela ulertzen euskaldun 'hostia jaleak' —horrela deitzen genien— Errepublikaren alde borrokatu izana. Mezetan laguntzen zuten haietako batzuek. Haien ondoan gaizkile arrunt batzuk, printzipiorik gabeko zaborra izan arren abarorik onenera hurbiltzeko interes naturala zutenak».
Fededunak zirelako edo ez zirelako, politak botatzen ditu euskaldunez. Bera zintzo, hala ere: Astorgako kartzelan, esate baterako, zuzendariarengana joan eta futbol txapelketa bat egitea proposatu dio; kartzelako musika bandan jotzen hasten da, pederasta batekin lankidetzan, aitortzen duenez, eta pentsatuko du elizan jaunartzea edo akolito lana egitea ez bezalako ekintza iraultzailea zela berea.
San Cristobalera itzuliz, honako idatzia zegoen letra larritan guardia lekuaren sarreran: «Hainbat herritako espetxeak bisitatu eta haietako sistemak gureokin alderatuko balira, huts egiteko beldurrik gabe ziurta dezaket ez litzatekeela aurkituko gure mugimendutik gure presoentzat ezarritakoa baino justuago, katolikoago eta gizatiarragorik».
Orain jo Carratalaren liburura eta, hor aurkitzen dut, edozein kartzelerok edo zerbitzuburuk idatziko lukeen bezalaxe idatzita, perla beltx biribil-biribila: «Zorionez, hic et nunc, itxura humanitario hobezina erakusten dute gure kartzelek. Badirudi, hala ere, gainpopulazio apur bat badagoela».
Gure kartzelek dio; oraingo jenialkeria du hau, ez ordukoa, baina gure hala ere. Eta, «gure» esanda, dena esaten duela deritzot.
Hau idazten ari garen egunotan esan eta esan ari dira komunikabideak, Peruko Pisko eskualdean egundoko kalteak egin dituela lurrikarak. Hilak mordoa eragiteaz gain, etxeak eraitsi ditu lurrikara horrek 2007ko abuztuan. Tambo de Morako kartzela ere eraitsi egin du, presoak kartzelarik gabe utziz. Hormak erortzen ikusi dituztenean, ospa egin dute presoek. Baina gero, bost-sei egun igaro ondoren, atzera bertara itzuli dira ihes egindako 632 presoetatik 242. Nola litekeen? Kazetariak eman du argibidea: «Presoak ikusten du berreskuratutako askatasuna iruzur hutsa dela, kartzela beste kartzela handiago baten barruan dagoela... Ihes egiterik ez dagoela». Prosa poetikoa alegia; behar izaten baitugu poesia ere batzuetan.
Eta, poesia bezalaxe, unibertsala da seguru asko ateak zabaldu arren kartzelako zokorik ilunenean babestuta ihesari uko egiten dion presoaren sentipena, edo atetik irten bai baina guardiak kanpoan atzeman baino lehen atzera barrura sartzen denaren otzantasuna, inork harrapatu baino lehen bere arau haustea desegin nahi duenaren beldurra.
Urrezkoa edo ustezkoa, beti aldean daramagu hemen nago, hemen nago oihukatuz salatzen gaituen eraztuna.