Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Bakartasunaren atzaparretan
Zuek poetok
askotan eskaini dizkiozue bakartasunari
zeuon lerroak,
baina benetan ba al dakizue
zer den pertsonek inguraturik
bakardadea sentitzea?
Gotzon Alemanen poema honetako bakardadea eta Filipe Bidarten hura, anaia bikiak dira seguru asko, siamdarrak ez badira. Finean gauza beraren bila baitabiltza, gizaki guztion antzera. Baina ez dira bat: ingurua hutsik dago Bidarten kasuan, jendez beteta Alemanen hartan.
Berriro
bakartasunaren atzaparretara bultzatu naiten.
Berriro ere
helburu berberagatik
neronen izena, neronen nortasuna
aurkatu zizkidanate,
aurki-araziz aurkatu
kanpoko, betiko, aspaldiko bion arteko urruntasuna
urtutzen ari baita.
Etxe
Espetxe honetako ezagutzen ditudan hesiak
ahantz ditzaket.
Azpiko estaietara jaisten da Gotzon Aleman, autozentsuraren ataka ahalik gehien alboratuz.
Makina aldiz
beldurra geure hezurretan sentitu izan dinagu,
orratza bilakatuta
atzo,
gaur,
bihar ez.
Bihar
hauts hotza besterik ez gaitun izango,
inoren buruan egongo ez denik
oroitzapen ahaztua.
Garai hartan
hain hurbil dagokigun biharko biharamunean,
oinazeak ez zigun minik egingo,
beldurra ez den gure buruetan jolastuko,
haren behatz biluziek ez diten gure barnekoa arakatuko.
Ez diten bururik,
barnerik,
soinik aurkituko,
haren atzaparrek ez diten ezer topatuko,
haren ezin beteko egarri gorria
ez dun gure ur gardenez aseko.
Eta
bakardade isolatu hortan
bakar-bakarrik,
ibiliko dun,
bakartasunean amilduta
bakar-bakarrik.
Beheko estaietara jaitsi bai, baina ez da soraio, oharkabe edo arduragabe. 1975ean eta 1976an Jaen, Aranjuez, Caceres eta Donostiako kartzeletan idatzitako poemak dira, oker ez banago, Iraganaz liburukoak (1980, Elkar). Berarentzat idatziak, beharbada, beste inorentzat baino, eta agian horregatik aritu zen estalki guztien azpian miaka, bere barne sotoraino jaitsiz. Ez dakit eta ez naiz hasiko lur horiek sopizartzen.
Zigorra, espetxeetako hertsitasuna,
ondo ezagutu hituen Azpeiti laguna.
Gaur, goiz goibel honetan
azkeneko hatsa ostu diate,
egunsentia urratuz zihoanean.
Angel Otaegi gudari erailari eskainitako poemaren zatia da. Nonbait ez dira oso ezberdinak herenegungo, atzoko eta gaurko kontuak etxeotan. Oso antzeko bizipenen, gabezien eta izuen gordeleku dira lehengo eta oraingo kartzelak. Kontua da batzuek era batean kontatzen dutela, sakonago jaitsiz edo azaletik begiratuz, eta beste batzuek beste era batean, besteek idatzi dutenari erreparatuz, geure zerak esaten ausartzen ez garelako edo ikasi ez dugulako.
Dena dela, Gotzon Alemanen poesia ez da itotzen bakardadearen hausnar horretan. Etxearen eta herriaren oroimina, maitasunaren beharra eta presentzia urruna, borroka eta itxaropena / ezitxaropenaren zalantza... Eta txalapartaren ttakun-ttakuna dabil bere poesian, erritmoa eta agian oroiminaren denbora markatzen.
Zuek ez dakizue zer den
betikoan bizitzea
pausa-leku bat ez dugula
egunerokoan jarraitzen
beharrezkoak ez garela sentitzea.
Gordin esaten du Gotzonek poema batean. Hogeita hamar bat urte joan dira ordutik, eta ez dakit betiko berberean ez ote garen bizi.
«Dena da problema. Soluzioa poetak ez daki», irakurtzen diot Joxe Azurmendiri poema liburu baten epilogoan. Orduan, batzuetan poeta izateari uztea izango da soluzioa. Problemak berak soluzionatuko zaitu bestela.