Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Irriparra
Negu gorrian ez du beti elurte ikaragarririk egiten hemen, La Moraleja honetan, baina bai izoztea. Patioan eguzkiak harrapatzen ez duen saila eta han-hemen egiten diren putzu guneak jelatuta egoten dira egunetan. Jela tarte horietatik ihesi ibiltzen dira preso gehienak, laprast egin eta, ikuslearen barregarri, erorkera txoroan takateko galanta hartzearen beldur. Ez ordea Europa ekialdekoak; izotzguneen gainera joaten dira horiek zuzen, irristada dotoreak egitera. Euren lurraldeko negua aurkitu bide dute, neurri txikian bada ere.
Patioan, pasiera lasaian oin muturretara edo zeru goietara begiratzea ohi da preso gehienon ariketa, baloiari ostikada geldoka dabiltzanek uzten duten neurrian. Kirola ere egiten dute batzuek; futbol omnipresentea, korrika... Uda eta negu egunero jarduteko bezain konstanteak gutxi izaten dira baina.
Horrela joaten dira egunak, eta horrela geunden, inguruari begira, uda hasieran Iparra, gure ir-Iparra ekarri zutenean hona.
Denbora generaman moduluko hiru kideak elkarri begira, esatekoak aspaldi esanda, aurreko laugarrenak —eta haren aurrekoak ere bai— alargundu gintuenetik, eta parajeotan ohi denez, eskertu genuen aurpegi berria mahaiko laugarren lekuan. Asfaltero petoaren tankera hartu genion aurrenetik, baina mendiez hitz egiten zuen, bateko eta besteko bazterrez, Ernio eta Izarraitz, Karakate eta Kalamua... hemen amesten ditugun ibilbideez, alegia.
Egonezinean nonbait, iritsi eta bi-hiru egunetara ekin zion saltaka, ez dakit norbait harrapatu nahian edo baten batengandik ihesi, patio jiran. Uda ondoren udazkena, eta korrika jarraitu zuen mutilak astelehenetik ostiralera.
— Egin duk gaur ere?
— Bai; egin diat pixka bat.
— Jarraitu hik horrelaxe, norbaitek egin behar dik eta.
Pentsatzen nuen udako bero astunak eta udazkeneko hego haize ederrak joatean jaitsiko zuela erritmoa, baina ez. Negu atarian, lehen izotzak ez dio erasanik egin; belaunetarainoko praka estuak, kamiseta... arin ibiltzen da patio biran. Freskura dario, eta dotorezia, zergatik ez esan!
Horixe pentsatu behar izan du beste moduluan dagoen Elkorok ere bisita egunean ikusi duenean. Zapata beltz dotoreak eman baitizkio. Zapata beltzekin eta —batzuek eztei egun jai handietarako darabilten gorbataren gisa— bisita eta halakoetarako soilik janzten dituen betaurrekoekin, gaztetasuna ez ezik lustrea ematen dio gure laukoteari.
Negu gorrian behe lainoak badaki hemen hotza hezurretaraino sartzen, haize zorrotzak belarriak urratzen ez dizkizunean, baina Iparrak bere galtza motzekin jarraitzen du korrika, egunik barkatu gabe.
Ez dakit nola demontre moldatzen den dutxatu eta arropak garbitzeko. Eguraldiarekin batera hozten baitira hemen dutxako ura eta berogailua. Gastuak murrizteko sistema izan behar du inola ere, txantxa izorratzailea dirudiena. Uda betean baino dezente hotzago baitago dutxako ura ziegan.
— Nola konpontzen haiz dutxatzeko? Edozein ordutan hotza zagok ura.
— Hotza? Tira, tira, ni kantauriar portu-herrikoa nauk; zer hotz eta zer arraio, gero! Hi ez al haiz dutxatu? —eta irribarrea egiten du, nire susmoak isiotzeko bezain argia.
Dutxatzea ez da txantxa, ur hotzetatik irtenda ziega ez dagoelako epelago, baina kasik okerragoa da arropa garbiketa, eta lotsa ere ematen dit baldean oka eginez daukadan multzoak, horrixe begira irribarrez sumatu bainuen aurreko batean.
— Hara, atzo gauen lixiba egin nian, azkenean —esan diot goizean txabolora etorri denean, dutxa eta harraska inguruan zintzilik dauzkadan arropak erakutsiz. Usaindu ezean ezin du jakin arropa zikinak direla denak, garbitu ez baina berari erronka jotzearren eskegi ditudanak—. Hotz demonioa zegoan, baina egin nian eta dutxatu ere bai.
— Ez zaiok beldurrik izan behar; kikildu gabe aurre egin behar zaiok urari, izotz koskorretan erortzen bada ere.
— Kantauriar portu-herrikoa haizelako esango duk hori.
— Pasaitarra; zer uste huen ba! Hara, antzina hartan, erromatarrak baino aise lehenago, bikingoak beren adar tenteekin lur bila azaldu zirenean itsasotik, «Pasaia, potroik baek!» orroa egin ziotean gure asabek denen aurrean zetorrenari, eta Galiziaraino larratu zitian izuak. Izena ere ordutik zetorkiok nire jaioterriari.
Adarra jo nahi dit dotore, alu honek.
Uste ez nuela harrapatu dut. Korrika saioa egin ondoren, ziegetara igotzeko orduari itxaron gabe patioko dutxetara sartzen ikusi dut. Asko luzatu gabe gandutu dira kristalak. Bakarren batzuk besterik ez dira dutxatzen hor, eta oilaskoak lumatzeko bezain bero etorri behar du urak.
— Izotz koskorrak aise lurrintzen dituk hor —bota diot azaldu denean.
— Pereza ematen dik dutxatik irteteak —aitortu du portu-herritarrak irribarrez.