Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Txiletarra

 

Munduko zeinahi lekutakoak jausten dira kartzelara; edozein motatako euliak, eltxoak, tximeletak eta kakalardoak amaraunean legez.

        Sasoi batean Indietara joan ziren euskaldunen ondorengo latinoamerikarrak ere sare horretan harrapatuta geratu dira asko: Etxeberri, Agirre, Arantzazu, Saldarriaga, Aristizabal... Kolonbiarrak dira gehienak, baina txitean-pitean argentinarren bat, boliviarren bat edo beste.

        Txiletarra da Miguel Angel. Bere aitonetako batek Navarro ei zuen abizena. Erruz ematen ditu azalpenak, bereak eta tribu osoarenak. «Militarren diktadura garaian, noiznahi agertzen ziren hildakoak gure auzoko kale bazterretan. Txerriaren moduan goitik behera kanalean irekita haietako batzuk. Kalez kale, harro ibiltzen zen Izua, marruka, harrapakin bila».

        Horiek baino lehenago, hegoaldeko mendietan jaio 1940 inguruan eta jendartearen erreferentziarik gabe hazi eta hezitako gizon bat atxilotu omen zuten Txilen 1960 aldera. Mendietan jaio eta bertan bizi, baina, bizi ahal izateko, inguruetako etxe eta herrixketara joaten ei zen lapurretara, aurrean harrapatzen zuena garbituz. Krimen handiak egin behar izan zituen. Chacal de Nahueltoro deitu zioten, hilketengatik eta piztia bezain iheskor izateagatik.

        Ehiztariren batzuek atzeman zuten halako batean hogeiren bat urteko gazte basatia, eta kartzelatu egin zuten, jakina. Ez zekien ez hitz egiten, ez irakurtzen. Esaten ziotena ulertzeko ere ez zen gai. Ez zekien zer zen gizartea, edo zibilizazioa, edo familia... Gosea eta bizi beharra bakarrik ezagutzen zituen; horregatik lapurretan ari beharra, eta bidea trabatzen ziona hiltzea. Epaitu eta heriotza zigorra ezarri zion tribunalak, frogatutako krimenengatik.

        Baina abere zen, gizaki baino. Eta, gizarte arauak ezagutzen ez zituen bat, esaten zitzaiona ulertzeko ere gai ez zen bat horrela kondenatu eta urkamendira eramatea, krimenei krimena gehitzea iruditu behar izan zitzaien epaile eta enparauei. «Ez gara hain basapiztiak», esango zuten euren artean.

        Hitz egiten erakutsi zioten Nahueltoroko Txakalari, idazten eta irakurtzen erakutsi zioten, ongia eta gaizkia bereizten. Familia, gizartea... zer ziren erakutsi zioten, arau eta legeen kontzeptuak, elkarbizitzarenak. Karreraren bat ikasteko moduan prestatu zen denborarekin. Gizaki bihurtu zen.

        Eta orduan bai, orduan eraman zuten urkamendira, atxilotzean ezarritako heriotza zigorra konplitzera.