Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Eskutitzak buruz buru-2

 

«Zer moduz dabil berori?», Jaen II.etik eupaka Gautxori.

        Inoiz edo behin pentsatu izan dut zaldun eta aitoren semeen lurraldekoa dela eta hortik gorde duela Gautxorik gutun hasieretan ohi duen hain hizkera dotorea, berorikaren tratamendu distantea, gure aitita-amama eta gurasoei entzun izan geniena herriko medikuari, apaizari eta gisako gizabere atabikoei zuzentzen zitzaizkienean.

        «Hemen betiko antzera gabiltzak; kide berri bat ekarri ditek, aurreko larunbatean. Ibai Aginaga, Berangoko mutil gaztea. Ocañan edo zegoan, eta han gorabeheraren batzuk eduki zizkian eta, badakik, zigor bezala Jaenera. Duela bi hilabete inguru, berriz, Ana Lizarralde ekarri zitean. Bestela hemen gabiltzak, negu epel honetan...

        «Hemengo kurloi, errotatxori, txolarre edo Lasturren ez zakiat nola deitzen diozuen txori honi, gauza duk denbora on honekin hasiak direla kantuen doinua aldatzen, eta txortan ere laster hasiko dituk. Beraz, udaberria».

        Jon Mirena San Pedrok ere Jaendik idazten dio alboan daukadan lagunari: «Antigoalean idatzi nizun postaltxoak ez zuen erantzunik sortu zugan eta hemen nauzu berriro. Ikusten duzunez Jaengo batzokian naukate, isolamenduan, ohitura ez galtzearren, bederatzi kiderekin batera. Dagoeneko bi urte olibondoen artean, baina denboralditxo honetan hiru aldiz eraman naute Valdemorora epaiketa batzuetan agertzeko... Horrela ikusi ahal izan ditut aspaldiko lagunak, Germantxu, Poixtina, Raul eta abar. Batzuk ikusi gabe 15 urte eman ostean ez zen batere gaizki etorri, eta ahal duzu irudikatu nola ibili ginen kontu kontari, ordu guti batzuetan urte pila bildu nahian. Ederra! Sasoian kausitu ditut gehienak, eta umoretsu, behar den legez. Gainera horietako batzuk maiteminduta, aizu!

        «Hemengo bizimoduari buruz, ez dago gauza handirik kontatzeko; egunean lau orduko patio-aldia, patio ziztrin horretan ez dago aktibitaterik... Bi txandatan ateratzen gaituzte, gaur arratsaldez, bihar goizez, etzi arratsaldez, eta horrela beti... Ziegan denbora osoan flexoa piztuta, zerbait irakurtzearren.

        «Patioa oso estua da; bost metroko zabalera!».

        Carmen Gisasolak Kordobako kartzelan dauka leihoa: «Irakurtzen egon nauk. Siestarik ez diat inoiz egiten eta, albisteak entzun ondoren, telebista itzali eta neure mundutxoan sartzen nauk erraz-erraz. Lagun bat, gidoigintzan zabilek aspalditik eta, orain pelikulekin burua berotuta zabilek. Berak sartu zizkidaan bost liburu gidoiei buruzkoak eta benetan interesantea duk mundua. Adibidez orain, pelikularen bat ikusterakoan, beste era batera begiratzen hasten nauk. Egiatan!

        «Arrazoi duk, hainbat kontu egiazko isildu dela gure etxeetan. Gehienetan, beldurrez. Uste diat gerla bizi duenak isiltzera jotzen duela askotan. Guk ere gure etxekoei ez zizkieagu bizi ditugun guztiak kontatzen, ez aztoratzeko edo aski dutelako daukatenarekin».