Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Babel bat
Sukarrak eraitsita, ohera sartu naiz hamaikak baino lehen, belarriak tapoiekin itxita. Loa baino, espazio isolatua da nahi nukeena, behar nukeena.
Ziegetan gauden orduetan, uda partean batez ere, leihotik leihora berriketan aritu ohi da jendea. Areago; egun osoan patioan, hainbeste orduz elkarrekin egon ondoren, esango nuke ziegatara igo zain egoten direla batzuk, leihotik leihora bata besteari deika eta oihuka berriketan hasteko. Espainolez aritzen dira bakar batzuk, ingelesa tartekatzen da inoiz, errumaniera edo Europa ekialdeko beste hizkuntzaren bat lantzean behin, arabiera atertu gabe, tar-tar-tar.
Jartzen bazara leihotan, ariketa modura, hitzen arrantzan, edozein hizkuntzatako hitz bakan batzuk harrapa ditzakezu. Hiru-lau hitz aditzen badizkiozu baten bati, kartzela argotean guztiek berdintsu erabiltzen dituzten hitzen bat edo beste entzun besteren bati eta, lotura eginez gero, zertaz diharduten ondoriozta dezakezu asko okertu gabe. Tonua ere adierazgarria izan daiteke, jakina. Leiho batetik bestera dagoen tarteak ematen dien babesa baliatzen dute batzuek haginka ekiteko.
Izarapean antxumatuta, ihesbidea aurkitu ezinik kaiolatxoan itzuli-mitzuli urdurian dabilen akuria dut adimena, sukarrak damaidan eldarnioan.
Belarriak tapoiekin ixtea ekintza antisoziala izan dela begitantzen zait, ingurukoei entzungor egitea delako; jendeari entzungor egitea errespetu falta dela, badaki mundu osoak.
Sukar eldarniotik harago, belarrietan ditudan tapoien gainetik entzuten ditut oihuren batzuk.
Tonua argigarria izan daitekeela esan dut, baina iruditzen zait haserre tonuak, esate baterako, ez duela itxura bera errumaniarren artean eta nigeriarren artean, latinoamerikarren artean eta euskaldunen artean, asiarren artean eta arabiarren artean. Eta haserreak ez ezik, umoreak ere bere izaera eta ezaugarri propioak ditu kultura bakoitzean.
Baina gogoetok ez dira agian pentsaketa zuzen-zuzenak, ez dira igual taxuzkoak, kaiolan itzuli-mitzulika dabilkidan adimen-akuriaren jauzia baizik. Aurreko batean irakurri bainituen umorista euskaldun baten adierazpenak, umorea, euskal umorea litekeena ere, unibertsala dela esanez. Ez dakit. Umorea, edozein kulturatakoa denean ere, unibertsoan dagoela esan nahi zuen beharbada. Edo unibertso osoa ezagutzen du bestela umorista horrek.
Futbol partida egongo da telebistan eta golen bat sartu behar izan dute. Ateak, leihoak, oheak kolpatuz egundoko zarata ateratzen dute; oihu eta garrasi itzelak egiten ari dira, tanpoien ostetik entzuten ditudanak. Euren poza adierazteko modua da hori, eta neure baitan daramadan intolerantearen purrustada, seguru asko, haien pozean poztu ordez garrasien eta oihu eta ate kolpeen zaratagatik haserretzea.
«Jendartean bizi zara, txo; zure loa eskubide izango da, baina besteen zarata eskubidea errespeta ezazu» diost akuriak.
Goizean, ziegatik patiora jaisteko orduan, Babel bat da galeria osoa. Eskuin aldeko ziegatik dator abesti ingeles baten doinua; harantzagokotik, kanta espainiar ezagun bat, galeriaren azken ziegetan kolonbiarrek ipini dute goizeroko saltsa; nire honen parez pare dagoen ziegan musika arabiarra dauka marokoarrak; beste alde honetan, neurearen alboko zeldan, Karidadeko benta ipini du kideak.
Musika guztiak nahasten dira, elkar trabatuz, elkarri gaina hartu beharrez. Batak altuago jartzen du bolumena, garbiago entzuteko, besteak ere igo egiten du berea... Bere musika, bere kultura eskaini nahi dio bakoitzak galeria osoari, mundu osoari.
«Jaitsi ezazu zure hori, nire hau nahikoa da eta» dio bolumena igotzen duenak.
«Unibertsaltasuna, izpiritu guztien komunikazio eta partekatze transparentearen zentzuan, gure kultura eta hezkuntza osoaren aspirazioa da». Joxe Azurmendiri kenduko diot berriz ere.
Unibertsaltasun honetan, sagardotegiko upel ondora zokoratua geratu da aldameneko lagunaren Karidadeko benta.