Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Espetxean-2
Etsipenaren zulotik itxaropenaren gailurrera dabil urte haietako presoen gogoa. Ez ziren garai onak sosegurako, eta, sosegurik ezean, itxaropen apur bat behinik behin beharrezkoa zitzaien, arnasa bezain ezinbestekoa. Hondatuaren euforia da, sarritan, Espetxean aldizkariko idatzien ostean sumatu uste dudana, galtzeko guztiak galdu dituenaren keinu xaloa.
1938an Burgosen atera zuten zortzigarren zenbakitik Urteurrena artikulua ekarri nahi dut hona:
«Urtea ere bete dugu. Eta hemen gaude, Gaztela erdian, zain, beti zain, hasieran bezalaxe. Lur jota gaudenean gora egiten gaituzte, eta ia tontorrera heldu garenean, amilka beheraino. Badirudi airean zintzilik egotea dela gure zoria, ez zerurako eta ez lurrerako.
«Oztopo eta oztopo, azkenean gure gorabeherak zuzentzen dituen legea ezagutzera ere iritsi gara. Ilargiak bezala baditugu gure ilgora, ilbehera, betea eta berria. Beti bira berdina egiten dugu. Aurrera goazela uste eta beti leku berean gaude.
«Hemen ez daukagu zer ikusi handirik. Gelako lau hormak, patioko harresiak. Gure gainetik, zeru barna doan hegazkina. «Laster» jakinarekin datorren idazkiren bat irakurtzean gure ezpainetan irribarrea agertzea harritzeko ote da?... Bai, badakigu aldapa gora igo ondoren, aldapa behera jaistea beharrezkoa dela.
«Halaz ere, itxaropena dugu bidelagun. Itxaropena gure poz eta oinaze. Askatasuna amets, eta katepean aurkitu. Gure artetik anai maite asko eraman badizkigute ere, geure saila urteurrenera iritsi da. Saila oraindik, ez artaldea.
«Uhartetxo askea jopu-herri erdian. Tartean sartu dizkiguten aberkideak ere ez dute batasun hori hautsi.
«Eusko talde bat bizi den lurraldea Aberri bada, hara Burgosko Espetxe Nagusia, Euskadiren txoko bihurtu».
1941eko apirileko data du aldizkariaren 11. zenbakiak. Gure ondoeza artikuluan, euskararen beharra gogor aldarrikatzen du idazleak:
«Ai, abertzale merkeok: ez esan inoiz Euskadi osorik maite dozuenik, ba, Euskera ez ete da Euskadiren atalik onena?
«Espetxeon daukogu ikasteko eta irakasteko aldirik onena. Egun osoan une asko gertatu leikeguz euskarari ekinaldi on bat emateko...
«Baina, dinoskue, euskara ez dala erabiltzen salerosleetan ezta ikasbideetan be, zetako ikasi edo erabili? Bai eta, ez zuk, ez nik eta ez inork ez badogu erabiltzen, gitxiago izango da bere garrantzia, eta onen-onena dogu eusko idaztiño bat kutxa polit baten sartu eta, gero etorriko diran hizkuntza zahar-zaleei laga, ezta? Ederto, eta gero gu abertzaleak, ederra ahokadia!... eta azkenez, esango lukete: Antzina batean, izan zan hemen euskotarrak deritzaion enda zahar bat, baina, makal-makalak izan ziran eta, galdu egin da.
«Hori gura dozu? Ez? Ba, gaur geroz ekin euskara ikasten, eta hitz egiten.
«Gaurtik, e?».
Hirurogeita zortzi urte geroago, apurrik aldatu gabe hartu beharko genituzke geuretzat artikulu honetatik hainbat pasarte.
Espetxeko bizitzaren, itxaropen hautsien eta inguru arrotzaren kronika eta testigantzak ere badira azken zenbaki horretan ere, aski adierazgarriak batzuk:
«Oraindik espetxean... eta zer?
«Aurreneko Espetxean. Gogoratzen? Dueson oraindik lotu berriak ginen. Baina berehalako askatasun hotsak genituen. Kanjea!
«Eta inoiz ahaztuko ez zaizkigun heriotza ondoren kanje hotsak moteldu ziran...
«Aberria aurrera omen zihoan ordea. Eta gu etxetik hortarakoxe irtenak ez ginen?
«Larrinagara. Gure poza! Bai laster poza larri bihurtu ere. Heriotza heriotzaren gain...
«Eta berriro kanjea! Hotsa baino gehixeago oraingoan. Aurreneko kanje lagunak kaleratzen geure begiz ikusi genituen. Azpilanak hondatu zuen ordea berriz ere kanjea.
«Aberria aurrerabidean gogor omen zihoan ordea. Eta gure asmo nagusia horixe etzan?
«Burgos. Hogeigarren hilabetean. Eta oraindik ere kanje hotsak azkeneko txintak belarriratzen dizkigu. Jakina, ez du gaur hemen hitz honek inor pozten.
«Baina aberria Jainkoak irekitako askatasun bidean aurrera eta aurrera omen doa. Eta ludi honetako gure asmo bakarra hau etzan?».
Eta zer erantsi behar zaio ba honi arloteetan arloteenak ere uler dezan?
Hala ere, ezinaren lupetzan leporaino sartuta zaudenean, nahitaezko bihurtzen da edozein gorabeherari begira alderdi barregarria ere ikusten saiatzea. Triki-triki kopletatik batzuk hartu nahi ditut amaitzeko:
Ilea moztu eta
burmuinak izoztu
adimena re zaigu
zeharo kuxkurtu.
...
Gauean lursagarra
omen dute jartzen...
ur epela besterik
ez degu aurkitzen.
Kartzelan, sasoi hartako egoeran, itxaropenari eutsi beharrean eta egunerokoaren nekean idatziak dira aldizkariok. Azken zenbakia ez zen argitara eman, baina idatzi idatzi zuten; horregatik aldatu ditut hona zati batzuk. Testigantzaren balioa dute, besteak beste, idatzi hauek; orduko egoeraren, erneguaren, itxaropenaren eta ezinaren lekuko baitira, eta zinez estimagarriak alde horretatik. Irakurriaren irakurriaz, kuttun egin zaizkit oso.