Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Kartzelako leihotik
Joseba Arregi Erostarberen Kartzelako leihotik liburua atera zuen Ataramiñek 2004an, eta «eup!» egitea pentsatu dut, marrazkigintzaz galdetu aitzakian.
Baina marrazkiak aipatu eta margoetaraino egin dit jauzi une batez gogoak eta margoak ahora ekarri orduko hor datorkik Pello Mariñelarena etxarri-aranaztarraren gomuta.
1990ean atxilotu eta kartzelatu zuten Mariñelarena. Frantzian, La Sante kartzelan eduki zuten, eta han zeukaten bitartean pintatu egin zuen batez ere. Pintatu eta pintatu, oleoz, akuarelaz, lapitzez... Gaixorik larri, gero eta larriago, baina margotzen jarraitu zuen, arimarekin, esango nuke, harik eta azken hatserainoko guztia margo horietan ezarri zuen arte. Hatsontzia hustu zitzaion arte.
Ezin dut haren pinturarik hemen ezarri, baina bai bere hitz batzuk: «Bihotzak beti elkar hizketan daude, etengabe. Bihotza da hitz egiten duena eta hori dela eta, bihotzari ez zaio bortxatu behar, baizik eta lasai utzi, bere erritmoan, berak agintzen. Gure begiek zuenetara begiratzen dute eta zuek aurrera egiten duzuen bitartean, guk ere halaxe egingo dugu».
Idatziz, margoz, marrazkiz, bertsoa eta poesia, prosa... nahi dena. Adierazpideak, gauzak esan beharra eta gauzak esateko moduak. Mutuak ere esan nahi izaten du, adierazi nahi izaten du hau eta hori eta bestea, eta horiek azaltzeko moduak bilatzen ditu. Adierazi behar hori izango zen hasieran, eta hortik etorriko zen beste guztia, unibertsoa, mundua...
«Idaztera zerk bultzatu ninduen? Bi lerrotan hori azaltzea ez da erraza», dio Joseba Arregik eskutitzean. Bi lerro, bi orri dira; Jaendik hona ia bi hilabete, postak lekuotan darabiltzan bide modernoetan.
«Preso egon izan ez banintz ez zen halakorik gertatuko. Kartzelako bizitza monotonoa, ilun eta aspergarria, aktibitateak egiteko eskubide barik, burua zeozertan okupatu beharra dago eta, tokien araberako aukerak aprobetxatuz, margoketa kurtso bat jarraitzeko aukera izan nuen kartzela batzuetan. Aldi berean frantsesezko kurtso bat eginez, idazten hasi nintzen Fleuryko kartzelan, hango preso arruntei elkarrizketak eginez frantsesez ikasteko praktika moduan. Hori zen aitzakia, eta dozena batzuk elkarrizketa egin nituen hogei bat naziotako presoekin. Cosmopolita deitzen zen idatzi nuen historia. Ordenagailuan gorde nuen dena. Baina ustekabean eta di-da batean kartzelaz aldatu ninduten, eta akabo nire idazlan bilduma. Ezabatu egin omen zuten, nahigabean! Gertaera honek ez ninduen asko animatu berriz idazten segitzeko; erabat zapuztu zidan gogoa. Geroztikako idatziak asteroko eskutitz autozentsuratuak izan dira!».
Idatziak deseginda, idazten jarraitzeko bideak zentsuratuta, itxita, mutu geratzea da eskaintza. Baina gizakiak ez du nahi mutu, jopuak ez bada. Kartzelatua da, batik bat, mutu nahi ez duena; bizitzeak eskatzen dio esatea, inguruari erreparatu eta inguru hori adieraztea, bere baitara ere begiratu eta dakusanari buruz gogoeta egitea.
Espirituaren bizi nahiak eraman zuen beharbada antigoaleko gizaki hura harrietan, labarretan, irudiak marraztera, bere begiez ikusia ondorengoei laga nahi izatera, memoria ez zedin galdu berarekin.
«Urteak pasa ahala marrazki eta margolanak pilatzen joan zitzaizkidan. Margoek euren historia dute, bakoitzak bere istorioa, batzuetan alaia, beste batzuetan iluna... Eta zenbat amets eta desira hor tartean! Arlo guztietako ametsak: pasadizoak, eguneroko gertakizunak, sentimenduz egindako irudiak, kartzelan edo munduan gertatuak. Nire ingurukoek ikusten zituzten lanok eta esaten zidaten: Zergatik ez duzu bilduma hori liburu batean agertzen?
«Horrela hasi nintzen lehen pausoa ematen, neure herrian, Oñatin, erakusketa bat eginez. Gero, katalogo bat egiteko harremanetan hasi ginen Ataramiñekoekin, eta pentsatu nuen idazkiz lagundu behar nuela katalogoa, margo bakoitzaren esanahia hobeki uler zezaten; margo ona edo txarra, baina bakoitzak bere historia zuela esateko.
«Normalean margoak ez du azalpenik behar, baina gure borroka luze honetako gertakizun, sufrikario eta desirak margotan azaldu ez ezik iruzkinez lagunduta argitzea ere erabaki nuen.
«Lagun batek esan zidan: Aizu! Liburu oso polita, e! Baina iruzkin gehiegi dator. Akatsak akats, horrela egin zen eta denok kontent geratu ginen; gaur egin behar banu ere, ez nuke asko aldatuko, gure herriko auzi eta arazoek hor dirautelako.
«Gu bezala bizitza guzirako gatibu dagoenak, bizipen eta istorio asko eduki lezake egun batez kontatzeko eta idazteko, baina ausardia behar da gero! Leku hauetan, gutxieneko segurtasunik gabe, dena inoren menpe eta luma autozentsuratuta, herren... mamua beti gainean jiraka.
«Beno, hor bidaltzen diat nire iruzkina... Zirriborro hauekin aspertu bahaut, barkaidak! Izan ontsa eta aurrera».
Letra idatzia ukatuta, mututasunera kondenatuta, leotzean dagoen gizakiak, haitzuloetan babesten ziren haiek legez, margoa darabil besterik ezean, edo marrak horman, edo arrastoak. Beharrezkoa zaio leotzean dagoen honi, haitzuloan zen hari beste, biziko bada, bizi dela edo bizi izan dela esango badu.
Denboran eta espazioan urruti edo eskumenetik at dagoen lurrarekin, etxeko atariarekin, supazterrarekin, bere tribuarekin batasun espirituala egitea ere bada margotzea. Eta eroriko bakoitzaren ondoren berriro zutitzea.