Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Manchako paperak

 

Herrerako jardun xehearen emaitza ziren Martxan, Kixmi eta Halankarri barne aldizkariak, Soria eta Puertoko esperientziei jarraipena emanez.

        Kontuan izan behar da hantxe, Herreran alegia, alfabetatu ginela asko, hantxe prestatu ginela EGA azterketa egiteko; euskaraz normaltasun apur batekin idazten ere —asteroko eskutitzak eta abar— hantxe hasi ginen batzuk. Horregatik eta lan komunari emaria egiteagatik ez ezik, norbere idazkerari ziurtasun eta sendotasun ukitu bat emateagatik ere ekingo zioten batzuek barne aldizkarietarako idazteari.

        Balegoke zer bilatua 1983-1987 aldian, batik bat Herreran egin ziren barne aldizkari artean. Euskal presoen kolektiboak esperientzia handiak eta gogorrak bizi izan zituen, lehengoez gain, aldi horretan: hamar hilabeteko komunikazio greba eta txapeoa —1984ko otsailean hasi zutena—, eta sakabanaketa berri eta luze baten hasiera, besteak beste.

        Egia da sakabanaketaren eta bere ondorioen auzia geroago Barrutik aldizkarian (1989-1993) azaldu zela behin eta berriz; kronika eta salaketa aldizkaria baitzen azken hau literarioa bainoago. Orduan salaketa zena, testigantza legez baliotsuagoa iruditzen zait, hala ere, gaur. Dena dela, literatur ildoari lotuagoa zeuden Martxan, Kixmi eta Halankarri, eta zeharka eta iraizean baizik ez zen baliatu, nik dakidala, hamar hilabeteko borroka hura barne aldizkariotan. Esan beharra dago esperientzia hura guztia ez zela erabat galdu ahanzturan: ikasketa lanetan-eta egin zituzten batzuek gogoeta bikainak; gerora han-hemenka kontatu izan dituzte beste batzuek orduko bizipenak; espresuki borrokaldi horri buruzko liburu bat bada Anjel Rekaldek espainolez idatzia, Herrera prisión de guerra izenburuarekin.

        Baina esperientzia hura bizi eta borroka haren eragile izan zirenek ez dakit noraino asmatu zuten gerora iritsi ginenon jakin-mina asetzen, edo are geroago etor zitezkeenentzat testigantza idatzia uzten. Esan beharrik ere ez legoke, jakina, 80ko hamarkada hartatik gaur arte hemen —kolektibo honetan, leku hauetan— bizi garenok erantzukizunen bat badukegula transmisio horri dagokionean, idatzi edo kontatu gabe geratu eta, beraz, bidean galdu den edo gal daitekeen historiaren transmisioari dagokionean, alegia.

        Kontua da euskal presoon kolektibo osoak batzuetan, eta kolektiboko presoren batzuek besteetan burutu dituzten hamaika borroka geratu izan direla isil samarrean. Baliteke, eskuratzerik lortu ez dudan aldizkarietan nik uste baino gehiago egotea gai horri buruz, gehienetan alderantziz gertatu ohi da baina. Izan ere, modulu bakoitzak bere aldizkaria egiten zuenez, zenbaki mordoa izan liteke guztira, nahiz eta guk Matxan-en zazpigarrena eta Kixmi-ren lehena baizik ez aztertu.

        Kixmi-ren lehen zenbaki honek 3 idatzi dakartza erdaraz eta 17 euskaraz, marrazki batzuez gain, folio-erdiko 36 orrialdetan.

        Badira bertsoak, poemaren bat edo beste, ipuinak, iragarkiak... Goitizenez sinatuak batzuk, sinadurarik gabe besteak. Baina lerro artean ageri dira egileak, laguntzaileak eta gainerakoak, bertsotan batez ere:

 

                Inork jakin nahi badu, ikasketen berri

                Galde nire koinatu, Olasagastiri.

 

        Edo:

 

                Kepatxo jauna dugu, hemengo jefia

                Xanti gaztainotarra, redaktatzailia.

 

        Barne aldizkari honetan agertzen da, bestalde, gaur oraindik ebatzi eta gainditu gabe daukagun auzi bat: «Kixmi orri batzuk erdaraz ikusterakoan asko harrituko zarete. Batzuk alde, besteak aurka. Bai, geuk ere eta ideia azaldu ondoren, hor aurkitu genuen lehenengo arazoa».

        Hortik aurrera ipuinak, kartzelako ohiko gertakariak, nazioarteko herri eta arazoei buruzko iruzkinak... «Zerbait egiteko nahitik Kixmi sortu da. Zertarako? Hitz egiteko, futbolaz aritzeko, gure ametsak idazteko, barrez lehertzeko».

        Hego Afrikako apartheida edo Ipar Amerikako arrazismoa, Peruko egoera soziopolitikoari begirada edo kideen artean txantxetan egindako elkarrizketa; eguneroko elkarbizitzan izaten diren gorabeheren kontaketak...

        Ez da, egiaz, ez behinik behin zentzu zorrotzean, moduluaren eta kolektiboaren egunerokoa, eta ez zitzaion kolektiboaren borrokari —bizi baldintzak gutxienekoan bederen mantendu ahal izateko borroka ater gabeari— leku berezirik eskaintzen aldizkarian. Nahi beste era daude, ordea, aldizkari kolektiboari jolasa errazteko, eta noranahiko ariketa horretan azaleratzen dira, nabarmen edo agerostenka, eguneroko bizitzaren, borroka txiki-handien, kezka eta ametsen zumitzak.