Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Sarrionandiarenean

 

Ezagunak dira Joseba Sarrionandiaren idatziak, nola kartzelakoak hala erbestekoak. Luzea da bere liburu eta idazlanen zerrenda, eta oparo aritu dira literatur kritikoak, adituak eta jakitunak haren idatziak aztertzen. Kritika eta azterketa horiei buruzko kritika eta azterketa ere egin liteke agian, eta ez genituzke harribitxi makalak aurkituko. Egunkari eta aldizkarietatik erauzita gordetzen ditut batzuetan zenbait perla, umore eskasian edo absurdoaren dosi baten faltan nabilenean irakurtzeko.

        Gauzei nondik begiratzen zaien, hortxe egongo da aldea eta, guk, oraingoz behintzat, hemendik begiratzea beste erremediorik ez.

        Herrerako liburutegi sala handian imajinatzen dut Sarrionandia, mahai koloka haietakoren baten gainean idazmakina handia hartuta, atzamar erakusle biekin tik-tik-tak, tak-tak-tik, jardun errimean, bazkaltzera joatea ahaztuta. Edo txapeo garaian, atzo irakurrarazi zion ipuinaren aldaera berria alboko ziegako kideari pasatzen leihotik leihora, karroarekin. Edo asteburuko bisitan ekarri dioten paketea arakatzen, gazta, txokolatea, fruitu lehorrak utzi alde batera eta liburuak aztertzen. Edo batzarretan, korroan, «eskutitzak euskaraz idatzita bidali ahal izatea lortu behar dugu» esanez. Horrela imajinatu dut, beste hainbat kideren artean paseoan eta berriketan, hara eta hona, hau eta hura, eta bien bitartean Narrazioak, tik-tak-tik, Ni ez naiz hemengoa, tak-tik-tak...

        Ez naiz hasiko lan horiek zer diren esplikatzen, edo aztertzen, edo ez dakit zertan. Zatitxo batzuk hartu nahi dizkiot batetik eta bestetik.

        Lehenago, beste atal batean maileguan hartu diot pasarte bat Gartzelako poemak liburuari, beste hainbat poema atal dakartzat orain. Hona aurrenekoa:

 

                Presoa zelda bazterrean

                bakarrik mintzatzen bezala.

                Baina ez, armiarma bati

                galdetzen dio «Noiz arte?».

                Armiarma, berehala,

                zintzilikatu eta haria

                luzatzen jaisten da.

                Eta badirudi hari luze hori dela

                armiarmaren erantzuna.

 

        Ziega asko ez da egongo, egon ere, bere zulo izaera horretan bazterren batean armiarmaren baten bizilekua ez duenik. Eta, piztiatxo zeu bezain tenebrosoa hor dagoela ikusita, nola ez egin kontutxoak, edo udako euli amorragarriren bat bere sarera eramaten saiatu... Etxeko aberea armiarma horixe baituzu preso bazaude; kartzeleroek kenduko ez dizuten etxabere bakarra:

 

                Hau da ene etxea, hau da

                ene aulkia, hau da ene ohea,

                hau da ene ondasun guzia.

                Bakardade eta isiltasun

                hau da ene jabego bakarra.

                Mila jostorratz herdoildu aldean,

                leihorik gabeko begirada,

                zafrada garratz bat bihotzean,

                hauxe da nik dudan guzia:

                hilda nagoela esan dezaket?

                Amagandik irten nintzen bezala

                irtengo naiz endregu honetatik.

                Aterik zabaldu ezin eta

                —ba dea hilobi hestuagorik?—

                funtzionarioen begi kliskadek

                mirilan igartzean bakarrik

                ohartzen naiz bizirik nagoela.

 

        Eta beste poema bat, lekuotako iraupenaren, borrokaren eta euspenaren batez bestekotzat: Gose grebako hogeigarren egunean.

 

                Hotzak gaude ilunabarrean, gorputza ahul,

                eskuak artega.

                Duela hamaika mende kalera irten ez garela,

                duela hamaika urte deus ere jan ez dugula.

 

                Leiho barroteen bestaldean euria

                isilean eta eten gabe.

                Beste leihoetan lagunak susmatzen ditut

                neu bezala oinazearen euriari begira.

 

                Zenbat garen? Bat, hiru, bost, zazpi...

                Banan bana

                isolaturik, baina anitz gara eta inor ez da

                tokatu zaion zeldatik pasatu den lehena.

 

                Lehenagokoen urratsak jarraitzen ditugu

                ia oharkabean,

                eta jarraituko dizkigute oraindik, eskolarantz

                barrikaden albotik jakin minez doazen haurrek.

 

                Hezurretan gaude, min zaharren batek gure baitan

                hezurrezko xirulak jotzen ditu.

                Noiz arte izanen da denbora hain amaitezina?

                Bueltatuko ote zaigu haragia inoiz gorputzera?

 

                Atzamarretan indarrik ez, begiak

                lausotzen zaizkit.

                Poema baldar eta tristeak igual bai baina

                koldar lekziorik ez diegu ondokoei utziko.

 

        Ez naiz oraindik, ordea, ase, eta ezin dut etsi Marginalia liburuko Angel Montesi gutunatik zati batzuk bildu gabe:

        «Kartzelez gogoratu eta, autobusean, ia harriturik noak, libertate moduko honetan noalako. Aspalditik hona hortik heldu diren albisteak oso mingarriak izan dituk, Kirruliren heriotza, Josuren minbizia eta heriotza, urtean zehar eginiko gose grebak eta abar. Hire izena erien zerrendan ikusi nian duela hilabete batzuk, hire aita hildakoan hiletara eraman ez hindutelako ere azaldu zuan hire izena. Mingarria duk, eta horregatik esan deuat ia harriturik noala autobusean ziudadean barrena. Egiatan, oraindik furgoi zarratu eta berde baten barruan goazela denok (...)

        Gure borroka urteok liburuetan ez zeudela idatziak eta segur asko guk bizi ditugun legez sekula ere ez direla idatziko, horretaz ohartu garela uste diat. Eta gainera erresistentzia eta gure sakrifizioa beharrezkoa zela eta dela euskal nazioaren proiektuari eusteko, horretaz ere ohartu gaituk, eta orain gure sentimendu libertarioek borrokara sartu gineneko lehen urteetan baino argi gehiago ditek».

        «Preso egon denaren gogoa, kartzelara itzultzen da beti», idatzi zuen Joseba Sarrionandiak poema batean. Gerora, egunen batean, hemendik larratzen gaituztenean esan beharko dugu zelan gauzatzen den guregan gorabehera hori. Dena dela, presoen gogoan hortxe jarraitzen du preso ohi askoren arrastoak, batzuen irudiak eta besteen esanak, hainbaten ekinak eta zenbaiten ezinak.