Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Bertsoak

 

«Etorri al haiz, etorri al haiz? Etorri al haiz, etorri?», kantatu ei zioten Xabier Amurizari bertsoa, bere aurretik iritsita Zamorako konkordatu kartzelan zeuden lagunek.

        Beste kartzela batzuetako hormek ere entzungo zuten orduz geroztik bertso horien oihartzuna. Geure garaian ere bai; «etorri nauk bai, etorri nauk bai, etorri nauk bai, etorri», erantzuten genuen Alcalan eta, halako aldartea zenetan.

        Ordea «bertsotan egiteko, guk egiten genuen moduan egiteko behintzat, inguru freskoagoa eta bariatuagoa behar dela dirudi», dio Amurizak berak.

        Bertsolari aldizkariaren 5. zenbakian, 1992koan, agertzen dira bertsolari eta bertsozale preso batzuen lanak, 1988 inguruan Herreran elkartu zirenenak: Batxu tolosarra, Muxar billabonarra, Endoiako Laxao, Errota zestoarra, Bittarte zumaiarra... mordoxka.

        Eta aldizkari bereko 41. zenbakian, 2001eko urte hartan kartzelan zeuden edo handik igaroak ziren bertsolari eta bertsozale batzuen lanak agertzen dira.

        «Ezarri diguten urruntasun lazgarria nolabait gainditzeko modu bat da bertsoak jartzea» Jon Tapiarentzat. Jokin Arregi iheslariak, berriz, «munduaren alde honetan bertsoa izan da nire heldulekurik maitatuena» esaten du. Bat-bateko bertsogintzarako «kartzela ez da lekurik aproposena» Xabier Arriaga Txiplasen iritziz.

        Preso guztiak ez dira arituko jotake bertsoak jartzen, baina horretan aritu diren guztiengan agertzen da urruntasunaren kontua. Bakardadea ez hainbeste, baina urruntasuna beti presente; urruntasuna gainditu nahi eta ezin horixe da bertsotara jotzeko aitzakia, nahiz eta gehienen ustez kartzela ez izan bertsotan eta kantuan aritzeko lekurik aproposena.

        Bestelako iritziak ere badira, jakina: «Kartzela leku ona da idazteko. Egun osoa duzu horretarako». Kartzelaz baino, denboraz ari da Eusebio Lasarte. «Sartu bezain pronto erabaki nuen denbora pasatze aldera bertsoak egiten hasi behar nuela... Ez dago okupatua egotea bezalakorik denbora azkarrago pasatzeko» eta denboraren aurkako apustuan legez ari da. Hala ere:

 

                Bertsoarekin soilki

                ezin naiz kontsola

                zein triste den hemengo

                zutabe eta etxola

                hau ilunpe garratza

                iraun behar hola

                hau da abereentzat

                egin den kaiola.

 

        «Pertsonatik pertsonara alde handia dago bakardadea agoantatzeko orduan». Txiplasena da esana, eta honela darrai: «Zerbait egitea, aktibo irautea da garrantzizkoa hormek norbera jan ez dezaten. Horregatik, beti saiatzen nintzen, gutunak idazten bereziki. Gutunetan bidalitako bertsoekin bildumatxo bat egitera iritsi nintzen».

        Lekuko gisa Auzitegi Nazionalera eramanda, epailearen galderei bertsotan erantzun zien Txiplasek. Zinez izan behar plaza gizon, leku eta trantze horretan mingaina trapututa hitzik egin ezinean geratuko ez bazara. Dena dela, egin zuen, eta huraxe izan zela dio kartzela denboran egin zuen plaza bakarra. Urte batzuk lehenago, Jose Antonio Pagola Beltzak ere bertsotan erantzun zion plaza hartan epailearen sestrari.

        «Lagunei bidaltzen nizkien gutunetan eta herriko jaietarako ere bidali ohi nituen bertsoak, baina lehen esan dudan bezala, bertsotan egiteko giroa behar da. Inoiz, meriendaren bat antolatu ondoren eta egin ohi genuen, baina kartzela ez da bertsotarako leku ona».

        Txiplasen merienda horietatik, Basakarte zumaiarrarengana: «Coca-cola edanez oso gogo gutxi izaten nuen nik kartzelan bertsotarako», baina egoerarik kaxkarrenean ere zerbaitek bultzatzen gaitu geure baitatik aritu behar horretara. 1980an sartuta, bi urte inguru egin zuen Basakartek preso.

        «Sukaldeburu izendatu ninduten eta hori aprobetxatuz zuloa egitea erabaki genuen. Nik laguntzaile gisa mutilak aukeratzen nituen, eta lau laguntzaile nituenean, bi sukaldeko lanetan jarri eta beste bi zuloan jartzen nituen lanean. Ondoan labanderia genuen eta horrek erraztu zigun lana neurri handi batean, ateratzen zen lurra haiek erabiltzen zuten tuberiatik botatzen baitzen. Bestalde, Carabanchelek azpia Gruyere gaztak bezalakoa du, dena zuloz betea eta izugarri erraz atera genuen kanporaino tunela».

        Ihesa amets, baina gehienetan ametsek egiten dute ihes, goizean esnatzean, presoak kartzelan utzita. Horrela gertatu zitzaien Basakarteri eta gainerakoei. Puertora eraman baitzituzten: «Guk zuloa prest utzi genuen, baina funtzionarioak susmo txarrak egiten hasi ziren».

        «Herrerako kartzelan hasi nintzen bertsoak moldatzen», eta geroztik bide luzea egin du Josu Ormaetxeak. Herreran antolatzen ziren ikastaroak, lagunarte giroagatik batik bat, funtsezkotzat dauzka. «Ordu arte ezer gutxi nekien nik bertsolaritzari buruz. Eta ordutik, batik bat han irakasle genuen Xabier Beloki igeldotarraren bultzadari esker, bertsotan askatzen ari naiz».

        1985ean bertsoak egiten hasten denetik 2000. urtera arte, sakabanaketa urteak barne, jarritako bertsoak azaltzen ditu Josuk. Korrikari, Aberriari, amari, aita zenduari, anaia borrokan hilari... Batzuei agurra, besteei gorazarrea. Ez du bertso sorta luzerik egiten, bat edo biko ekinaldiak baizik. Hutsetik hasita kartzelan egin den bertso-jartzailea da Josu.

        1991n Morlansen hil zituzten hiru gudariei, bere anaia tarteko, eskaini zizkien bertsoetako bat da honakoa:

 

                Eskubideak ahoz aipatzen

                datoz gezur ankerrakin,

                gurea lako Herri ttipiak

                ez gara bizi horrekin,

                hitza ez dugu aztuta baina

                ederki dakigu jakin

                bizia zuen kuraia dela

                Iñaki, Patxi eta Jokin.

 

        Kartzelan, bere garaian behintzat, Jon Tapia da nire ustez bertso jartzaile ederzaleena. Urruntasuna gainditze soiletik harago doan jarduna da berea. Lehiaketa zenbaitetara bidaltzeko bertso sorta luzeak egiten ditu batzuetan, egitea tokatu zaion gose greben atarramentua azaltzen du beste batzuetan. Fikzioa ez ezik, errealitatea ere ezagutzen du bertsoak minez jartzeko lain.

 

                Gaua heldu da minez beterik

                gosetuaren hobira

                eta ilunak zer ekarriko

                leihotik nago begira.

                Gorputza mendre, gogoa, berriz,

                gose gorritan larri da:

                malko atzetik ikusiko dut

                gaurko izarren distira.

 

        Sasian suak bezala bilatzen ditu hitzak memorian, aditzera eman nahi duena esateko. Tradizio zaharreko bertsozalea, kartzelak ezinbestean ezartzen dion bakardadean, isolamenduan, garapen propioa egiten du Tapiak. Bat-bateko bertsotan lotsati samar, dotore ari da idatzizkoetan.

        «Zulootan ez dut abagune egokirik aurkitu bertsotan jarduteko kartzelaldiko hasierako urteetan izan ezik. Orduan bai, orduan egiten genuen bertsotan, noizbehinka bazen ere. Gerora, berriz, sakabanaketa politika basatia ere indarrean jarri zuten, eta akabo! Hantxe bukatu ziren gure bertso kontuak».

        Herreratik Cartagenara eraman zuten, handik Salto del Negrora... Izena ere halakoxea ipini zion norbaitek leku horri. «Han ez zen nahikoa arrazoi izatea», dio. Gehienetan bakarrik, lagunak ikusi gabe, eta arrazoiak balio ez komuneko paperak adina. Labea edukiz gero, ogia eginda.

        Urrundik goiburua darama 2001eko Bertsolari aldizkari honek (41. zenbakia), eta bertan agertzen diren kartzelako bertso eta kontuei erreparatuz, egile guztiek darabiltzate antzeko kontzeptu batzuk beren egoera azaltzeko: zuloa, sakabanaketa, tristura, mina, borroka, atsedenik eza, duintasuna, bakardadea, urruntasuna...

        Batzuetan alegoria besteetan ironia, batean gabezia bestean nahia. Ezberdintasunak ere ageri dira batzuen eta besteen artean. Denborak, kartzela urteek, uste izan daitekeena baino zerikusi handiagoa dute seguru asko. Urrundik idazten dute batzuek, urrunagotik besteek. Denbora distantzia da, distantzietan handiena; baita zirkulua itxiz abiapuntura iristear zarenean ere, eta deiadar guztiak ez dira berdinak.