Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Han honetan...
Hemen, labar koska honetan, piztia amorratua gobernatzen du Ezak.
«Zer moduz zabiltzate han?» galdetzen dit batek eskutitz hasieran; «Bero egiten al dizue han?» besteak. Han alegia, eta ez hor.
Urruntasunari distantzia gehitzen ari dena, ez da nahitaez horren jakitun. Berak ezagutzen duen distantzia da mintzoan neurtzen ari dena, eta, distantzia horren muturrean, han, ez-leku horretan, zaude zu, zain.
Xinaurriak dabiltza ziega honetan, segizio luzean, geragaitz, eta ez da seinale ona. Xinaurriak eta termitak ez omen dira auzokide onak; termitak dauden lekuan ez omen da xinaurririk izaten, eta hauek baino nahiago nituen haiek. Termita burdina eta porlan jaleak beharko genituzke hala ere, eta eboluzioak ez du oraindik espezie hori garatu. Huts larri bat.
Denboraren jainkoak ez gintuen momenturik onenean jaurtiki bizitzara. Ezin izan genituen aukeratu lekua eta denbora, labar koska labain honetan.
Kartzelan piztia amorratua erruz indartzen baitu batzuetan Ezak. Itzala besterik ez da agian, baina izutu egiten nau. Eta izutzea, izateaz hustea ez al da? Izu, ez-zu? Izutu, ez-zutu?
Lurrean segizio luzean dabiltza txindurriak, presaka, nirekiko ezaxola itxuran, horma angeluetan eta ziega sabaian, berriz, armiarmak. Jende xehea; patari isilak, nolanahi ere. Denboraren ardurarik ez dutenak antza denez, baina nork daki. «Noiz arte?» galdetu baitzion behin presoak armiarmari, eta haria luzatuz eta luzatuz jaitsi ei zen patari zatarra leihoaren goienetik barrenera. Denboraren distantzia leiho eskalan.
Labar koska aizarotsu honetatik itsasoan aurrera, begiak ez du ilunabarrean uharterik harrapatzen.
Fededunak badaki, itsasoan aurrera, gauaren bestaldean uharteak badirela izan. Baina bihotzak dakiena begiak ez du beti ikusten, ezin du jakin non, norantz, noraino, noiz arte.
Gauaren bestaldeko uharteetan ere agian ezin izango dute asmatu non diren labarrok, norantz begiratu, itsaso zabalean aurrera zein aldetara. Horregatik diote han, «zer moduz han?», eta ez hor.