Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Basauriko ihesa
«Leku aparta da kartzela mundua: beste abiadura batean igarotzen da han denbora, eta saskibaloi kantxa bezain mugatua eta gutxitua da espazioa. Gauza txikiek, gauzarik ezdeusenek ere, garrantzi handia dute han. Presoen burmuinak tipitu egiten direla dirudi miniaturako unibertso hartan, bertako pasabide estuetan kabitu ahal izateko».
Horrela esan digu, bere kartzelaldiaz galdetuta, Antton Jauregizuriak. Burmuinak tipitu, dio, adiera liliputiarrean beharbada, hormez kanpokoa urruti ikuste soilak erraldoitzen duelako-edo. Mundu txikira egokitu, esan nahi du edonola ere, eta tipitasun horretatik haize eman irudimenari.
1969ko abenduan ihes egin zuten Antton Jauregizuriak-eta Basauriko kartzelatik. «Pentsamenduarekin, irudimenean ihes eginez aurre ematen diote batzuek kartzelari. Euren ameskerien bideak baliatzen dituzte beste batzuek, zorigaiztoak harrapa ez ditzakeen barne munduetaraino ihes egiteko».
Baina irudimenean bidaiatzea nahikoa ez, tximeleta horrek ez duelako oraindik asmatu irudimenduna garraiatzen. Bide lurtarragoak asmatu behar, beraz.
«Arriskutsua eta konplexua zen plana. Zailtasun eta aldaera tekniko ugari zegoen tartean, eta ia ezinezkoa zen haiek guztiak erabat kontrolatzea. Dena gertu geratu zen hala ere; traba guztiak ezabatu ziren, airez, kartzela teilatutik kanporaino, ihes saiakera egiteko. Gauzatxo bat falta zen eta haren zain egon behar: gau ilun bat, euritsua ahal izatera, zaindariek euren garitetan egotea nahiago izan zezaten kanpora irtetea baino...
«Ihes saioaren aurreko gau batean soina izuak hartuta esnatu nintzen, izerdi hotzetan. Gaua zela egin nuen amets, eta, kartzela teilatura igota, aurpegi ezin siniestroagodun guardia zibil batekin egiten nuen topo aurrez aurre; arauzko berdearen ordez uniforme beltza zeraman gainera. Izan ote daiteke, espainiar inperialismoaren biktima batentzat, Herioren errepresentazio sinesgarriagorik? Gaur, ia berrogei urte geroago, gardenki gogoratzen dut irudi hura.
«Azken unean zapuztu zen ihesa... Segurtasun neurriak areagotu zituzten, eta, zuloa eginez ihes egiteko plan seguruagoa sortu zenean, bertan behera utzi genuen aurrekoa. Araketa zorrotzak egin arren, kartzeleroek ez zuten aurkitu teilatutik airez ihes egiteko asmo haren aztarrenik».
Hontzaren moduan ezin, satorraren bidea prestatzeari ekin zioten. 1969ko urriaren 15ean ekin ziotela zulogintzari, kontatzen du Anttonek Tiempos de insurgencia (2006, Utriusque Vasconiae) liburuan. Preso arrunten bitartez lortu zituzten zizela eta mailua. Sukalde inguruko patiotik, kartzela inguratzen zuen esparrutik kanpora atera behar zen zuloa: 2 metro behera aurrena, 8 metro aurrera, beste 2 metro gora, beste mundura irteteko.
Bi hilabete inguruko langintza, hamaika gorabehera, ustekabe eta estutasun. Anttonek berak kontatzen ditu poliki, zulogintzarenak eta kartzela bizitzarenak. Behin baino gehiagotan egon baitziren dena pikutara joateko arriskutan. Baina ekina egina da, eta egina jainkoen sari: «Oraingoan ere dena prest geratu zen iheserako, gure erakunde berregituratu hartako talde batek armaz babestu eta kanpoan gordeleku seguruak eman ahal izateko egun aproposaren zain».
Ezin itxaron, ordea. Prozedura sumarisimo militarra amaitzean Burgosera eramango baitzituzten edozein egunetan; epaiketa egitera alegia, eta akabo ametsak. Kanpoan izan beharreko laguntza ahal zuten moduan eurek prestatu, eta hanka egin zuten, erakundeko taldearekin adostutako egunaren zain geratu gabe.
«Bizitza ametsa dela diote Ekialdeko jakintsu batzuek; hilen oporraldia dela diote beste erradikalago batzuek. Horrelako zerbait sentitu nuen gure autoa kartzelatik urruntzen ikusi nuenean. Ez burutapen sakonik, ez aldarte borborkaririk. Zazpi hilabetez egon nintzen kartzela huraxe besterik ez urruntasunean galtzen, atzera geratzen, eta... beste errealitate bat, nire bizitzako hurrengo eszenaren gauzapena.
«Lagun batzuen etxean sartu gintuzten».
Hurrengo eguna trastetegi batean igaro behar izan zutela dio Anttonek; lorontzira pixa eginez, eztulari eutsi ezinik.
Laster Baionara, Donapaleura hurrengo, Parisera gero.
«Oso bizkor zihoan dena; gehiegia zen sentitzen edo pentsatzen zenuena aztertzen hasteko. Tatarrazka ginderamatzan anabasan ari zen gertatzen guztia. Metroaren leihoetatik Eiffel dorrea nire bizitzan lehen aldiz ikustean ere axolagabetuarena egin nuen, hiri handi eta eder hartan baserritar galduen itxurak ez ematearren. Baina txunditzen gintuen hiri eder hark.
«Frantziak, uste izatekoa zenez, bere adiskide Franco jeneralaren faxista espainolekin praktikatu zuen fraternitatea, gerora suareztarrekin, gonzaleztarrekin, aznartarrekin eta gisa bereko zapateroekin egingo zuen moduan, eta Frantziako Errepublika osoan gure lagun eta herrikideengandik urrutien zegoen lurmuturrera konfinatu gintuen.
«Borgoinako desterruan, hogei urte bete berri nituela, eta arima apur bat sosegaturik, herrimina erne zitzaidan, orduko hartan Georges Moustakik kantuan zerabilen solitudea».