Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Itzulpenak

 

Itzulpenen sailean aipagarria da Urko Labeaga algortarraren lana; ez agian luzeragatik, baina bai bere berezitasunagatik. Itzuli ere japonieratik itzuli baitzuen euskarara haur literaturako Eskularruak erostera ipuina, eta Hondarribiko Amnistiaren Aldeko Batzordeak argitaratu zion 2007an. Marrazkiz tartekatuta datoz Kitzune azeri kumearen abenturak. Bertsio biak, jatorrizkoa japonieraz eta euskarazko itzulpena, dakartza liburuak.

        Itzulpena ere sormena da, nolabait, pazientziaren upelik handiena agortzeko moduko lana izateaz gain sarritan. Ez dakit pazientzia, baina denbora izaten da lekuotan itzulpen batzuk egiteko adina. Eta itzulpenak ere sarri hemendik beste norabait eroan ahal zaitu, aldi baterako bederen.

        Fernando Pessoaren Marinela itzuli zuen Joseba Sarrionandiak 1985ean; Joseba Sarrionandiak eta Mitxel Sarasketak elkarrekin osatu zuten Hamahiru ate ipuin liburua, beste hainbeste autoreren umore beltz edo mikatzezko lan bana hautatu eta itzulita 1985ean; Gillaume Apollinaireren Neskazale gazte baten balentriak Karlos Gorrindok 1989an; Mitxel Sarasketak Mark Twainen «R» arrazarena 1988an eta Lurraren indarra (egungo idazle indioen sei ipuin) 1991n; Felix Guerraren eta Froilan Escobarren Fusilak pizten dituen sua Fernando Arburuak 1991n.

        Iñaki de Juanaren Egunak liburua ere aipatu nahi nuke hemen, berak erdaraz idatzi arren euskarazko bertsioa argitaratu baitzen erdarazkoaren aurretik 2000. urtean. Kartzelako egunen kronika da, kartzelako logika absurdoa, lekuotako egun askoren mingotsa, gaixotasunak egunetik egunera higatzen duen kidearekin solasaldia... Ez da demokrata delikatuek irakurri nahiko duten liburua, baina bai hemengo berri jakin nahi duenarentzat aproposa.

        80ko hamarkadan Herreran egiten ziren barne aldizkarietan ere atera ohi ziren itzulpenak. Iñaki Aramaiok sasoi hartan argitaratu zuen Ho Chi Minhen Gartzelako egunkariaren itzulpena, 1985ean. «Tang ahapaldiak dira. 115 ahapaldi, 101 poema osatzeko. Txineraz idatzi ziren, vietnamieraz eginez gero kartzeleroak mesfidatutako baitziren. Poema hauen baliorik handiena testigantza pertsonalarena da. Itzulpenari dagokionez, hau ere, kartzelan egin izan da, baina Txinakoetan ezik, Espainiako batean, Herrera de la Mancha delakoan hain zuzen».

        Poematxoren bat edo beste kopiatzeko tentaldiari ezin izan diot uko egin:

 

                Eguerdia

                Bazkalondoan lo alditxo bat zein atsegina den!

                Ordu batzuetan loak garamatza.

                Ene ametsean dragoi baten gainean noa

                Ortzian zehar galapan.

                Esnatzean, bat-batean kartzelan nago berriro.

 

        Unibertsalik ezer izatekotan, presoon ametsak izango dira unibertsal; ekialde hartan dragoi gainean, hemen —demagun— astoan; dragoitik han eta astotik hemen, erori, eta kartzelan esnatu...

        Mundu zabalean preso gauden tenebrosook, saiatu behar genuke beharbada konfabulazioaren bat asmatzen, animalia fantasioso horiek ez gaitzaten abandona esnatzera goazenean.

        Hona beste bat:

 

                Lagun bat gogoan

                Egun hartan ibai bazterreraino

                lagundu ninduzun:

                «Noiz itzuliko zara?», galdetu zenuen.

                «Datorren uztarorako», erantzun nuen.

                Goldeak berriro zulatu ditu alorrak

                Eta oraindik ere preso nago

                Ene aberritik urrun.

 

        Eta beste bat:

 

                Ouming alderako trasladoa berriro

                Lehenengo Nanning aldera eraman ninduten.

                Orain Ouming honetara nakarte berriro

                Traslado bakoitzak berandutu egiten

                du ene bidaia.

                Jada nekaturik nago!

 

        Susmoa baineukan ametsak ez ezik saminak eta nekeak ere antzekoak direla mundu osoan presoongan.