Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Ataramiñe 08 eta 09

 

Presoek urtez urte han eta hemen, auskalo zelako zuloetan, idazten dutena batzea ez da lan samurra izango; lan horiekin liburua osatzea, ohikerian eta betelan soilean jausi gabe osatzea batik bat, zailagoa izango da beharbada. Orain arteko zortzi liburuen emaitzari begira, batzuen edo besteen iritzien arabera, lortuak ala ilortuak izango dira Ataramiñeren hasierako helburuak, zehatzak nahiz zehaztugabeak, zirenak zirelakoak.

        Hor dago, dena dela, liburua, eta norbere lanak argitaratzeko aukera ematen dio edozein presori. Eskatu ere egiten dio ahalegina, jakina, lan komuna den heinean, baina, Ataramiñe argitaratzeari uzten zaionean, ondo legoke euskal presorik ez dagoelako izatea.

        Ataramiñe elkarteko sortzaile eta partaide izan den Jon Etxeandiaren aipamena egin gabe ez nuke sail hau amaitu nahi. Etxeandiak aspaldikoa zuen ezpala, ez alferrik preso egin zituen urte luzeetan izan zen barne aldizkarietako bultzatzaile gogorrenetakoa. Hala oroitzen dut Herreran, hala datorkit gogora haren Alcalako sustatzaile jarduna. Eta ez ziren bakarrak izan. Gainera, beti asmatu zuen sustatzaile eta eragile lana sortzaile alderdiarekin uztartzen, horren lekuko dira bere poemak eta bestelako idatziak.

        Urte ilara ederra espetxean eman ondoren, segurutik bere barru emankorrak hala eskatuko ziolako, kalean kartzelako literaturari leiho bat zabaldu arteko onik ez zuen izan. Jon presoak hainbat poema eman zituen argitara «Itzalpeko ahotsak» Susa aldizkariaren zenbaki bikoitz berezian, Pabel Ortzantza izengoitiarekin. Handik urte batzuetara Askatasunak Kartzelako lanak (2002) liburua kaleratu zion, eta Segapoto kolektiboan ere parte hartu zuen Gosea lagun laguna liburua osatzeko. Jon 2010eko otsailaren 9an zendu da. Ataramiñe bilduma-liburu hauen guztien atzean Etxeandiaren itzala eta leinurua dago, bera izan zen bidegile sutsuenetakoa. Geratu behar zaigu gure aldi honetan hamaikatxo esker-zor kitatu ezinezko... Baina lerroen abailak narama bere errotan eta, honenbestez, itxi dezadan lagunaren gorazarrezko parentesi hau.

        2002ko aurreneko aldizkari hartatik 2009ko zortzigarren honetara aldea badagoela begitantzen zait. Testigantzak, espetxeko egunerokotasunari buruz ari direnak, ugaldu egin direla esango nuke, batetik. Idazten dutenen artean izen berriak gero eta gehiago dira; bestetik: hasiera hartakoak, batzuk kaleratu direlako eta besteak aspertu, isildu direlako, ezkutatu egin dira, temosoren batzuk ez gainerakoak.

        Irudipena daukat labirintotan ez dutela berdin idazten berriek eta zaharrek; era ezberdinean begiratuz edo angelu ezberdinetik erreparatuz idazten dutela, alegia, espetxean berri samarrak direnek eta urte mordoxka eginda aurrera doazenek.

        Urteen buruan harrimena ahitu, gutxienez urritu, egiten da lekuotan, edozer gauza posible dela ikusten zoazen heinean, eta, aldez edo moldez harritzen ez zaituena, ez duzu aintzat hartzen, ez duzu, beraz, idazten. Edo idazten hasteko baino areago amorrarazten (agian eraisten) zaitu egin dizutenak, gertatu denak, ikusi duzunak.

        Harrimena lorrindu edo beste zerbaitetan bilakatzeko adina denbora ez daramatenek abantaila daukate lekuon izaera, nolakotasuna, azaldu eta tolesgabeki idazterakoan.

        2008 eta 2009ko liburuotan ere idazketan hasi berriak dira partaide batzuk; eskarmentua lehendik zekarten beste batzuek, Mikel Antza esate baterako.

        Espetxeko eguneroko bizimodua du idazgai hainbat eta hainbatek, testigantza alegia, eta horiexek dira, nire ustez, bihar edo etzi, gure kolektiboaren izatea eta historia idazteari ekiten diogunean, baliotsuen izango zaizkigun lerroak.

        «Bukatu da», dio Aitor Aranzabalek aurrez aurreko bisitaren ondoren. «Moduluko bidaia tristeari ekin diogu, bakardadea da minik gorriena. Hausnarketarako unea, aita eta senar axolagabe eta traketsaren pentsamendu korrosiboa, garratza, nire buruaren jabe egiten da. Gogoeta hauek lurperatzeko beharra daukat, aldarte onekoa naiz, berezko baikortasunaren menpean bizi naiz. Eskerrak».

        Zorion Zamakolak harremanen hariari heltzen dio: «Bisitek presoaren egutegia markatzen badute, eskutitzek eguna baldintzatzen dute: kartzeleroak posta banatuko duen unea datorrela sentitzen dugunean hasten dira gogoetak: ekarriko ote du gaur? (...) Badago jendea beti-beti umorea gorenean gordetzea lortzen duena. Egoera txarretan ere, dagoena beti onez eta ikuspuntu aproposenetik hartzen dute umore-txertoa gehitzeko lerro artean. Irribarrea zabaldu eta bihotza berotzeko ahalmena daukate».

        Agustin Figalek bertsotan kontatzen du bisitaren atarramendua:

 

                Eguaztena gaur da

                dadukat bisita.

                Betiko lez urduri

                Joan naz korrika.

                Zazpi urtez ez ditut

                haiek ikusita.

                Egun zoragarria

                da iragarrita.

                Oraindik ere ez da

                hasi hika-mika.

 

                Herria, koadrila

                dauzkagu mintzagai,

                une on eta txarrak

                kontatu ere bai.

                Euren alabaz mintzaz

                biak lerdeaz blai.

                Osterantzean ere,

                jardun dogu lasai.

                Danak bere horretan

                egun ere darrai.

 

        Baina sorta horrek baditu hamalau bertso, eta komeriak ez gutxiago.

        Naiara Mallabiak ere bisita eta haren ondoren gozo-mikatza darabil gogoeta laburrean; Maritxu Uzkudunek Maitasuna, Denbora, Adiskidetasuna... goiburuetan josten ditu poemak. Eta badira beste batzuk, bai narrazioan, bai poesian eta bai bertsotan, kartzelatik apur bat urrunduz —kartzelatik urrundu beharrez eta nahiz— idatzi dutenak.

        2009ko Ataramiñera etorrita, Karlos Apeztegiak espetxeko bizi baldintzen erradiografia zatiak dakartza, aurreko zenbakietan legez, kronika eta salaketa tartekatuz. Iñaki Gonzalok ere kartzelako gorabeheretako bat aukeratzen du kronika laburra egiteko.

        Bide bertsutik ekin dio Ibon Meñikak Nanclaro-klaru narrazioan; kondukzioa —Galiziatik Langraitzera eta atzera Galiziara, Fisterratik Matxitxakora bitarteko labirintoan—, Langraizko egonaldia eta isolamendu ziega: «Maiatzak 1; langileon borroka eguna. Langraitz, orain dela hile bat bezain ospel dago. Inguruan ditudan hauek ez dute bada justizia sozialaren eta euskal herri langilearen termino eta esanguran askorik sinesten. Sartu eta ongi etorri berdina, urdindun berdinek egina! Mundu txiki, mundu ezer... Galeriaren bukaera aldera naramate oraingoan. Ziega psikiatrikoen gunea omen da hau».

        Modulu aldaketaren kontaketa kriptiko samarra egiten du Patxi Urangak, eta Oier Gonzalezek gauzarik ohiko eta arruntenak aipatzen ditu, baina xehetasun berriez ohartematen badaki: «Patioan zirkuluan paseatzen gara, erlojuaren orratzen kontrako norabidean. Berez, giltzapean ihes egiten digun denboran atzerantz itzultzeko ahalegin desesperatua dela dirudi. Ezagutzeko aukera izan dudan espetxe guztietan norabide bertsuan dabil jendea, erlojuaren orratzen kontra etengabe. Fresnesen izan ezik, bertan aste parea igaro nituen eta patioak estuegiak dira zirkuluan ibili ahal izateko».

        Naiara Mallabiak galdera andana jaurtitzen du:

 

                Zein da minaren hizkuntza?

                Zer esaten dute zauriek?

                Zergatik mutua da beldurra?

 

        Eta Iurgi Garitagoitia gazte erdi lasturtarrak gau betean ilargiari dei egiten dio batean, oroimeneko natura birgogoratzen du bestean, eta arima estutua askatu du hurrengo poeman:

 

                Garrasi batekin hustu nahi nuke gorputza

                dena bota eta indar guztiak ahuldurik

                lurrera erori.

                Akaso horrela, ezinegon honek

                ez dit barrua sutuko.

                Akaso horrela, loak hartuko nau

                goizeko zazpietan arrotz batek esnatu arte

                eta ez dut argazki hori

                gaurko madarikazioarekin begiratuko.

 

        Urteen eta mendeen buruan ez da gehiegi aldatu espetxeetako aienearen sinfonia. Zergatia Oskar Barrerasek azaltzen du polito liburuaren sarrera hitzean, eta zati batzuk hartu dizkiot Ataramiñe hauen saila ixteko: «Jendarte baten gupida maila, haren espetxeetan sartuz neur daitekeela utzi zuen idatzirik batek. Ikurra nolako espetxea halako jendartea izango dela adierazi nahi duen heinean ulertu ulertzen da esaldia, barrukoa ezaguturik kanporakoari buruzko datuak lor ditzakegula adierazten duen neurrian uler daiteke ulertu.

        «Zitalkeria. Hauxe ñabardura. Hauxe bera hasierako esaldiari eman beharreko zuzenketa: jendarte baten zitalkeria maila da haren espetxeetan sartuz neur daitekeena. Murruek porrot batez hitz egiten dute kanpotik, porrot horren tamaina barrutik ezaguturik.

        «Askatasuna kentzearekin bat duintasuna lapurtzen zaio presoari.

        «Pertsonaren aktibitate oro behatua, fiskalizatua, goitik ordenatua izaten da presondegiko antolaketa panoptikoaren bidez. Panoptikoa: anaia handia goitiarra, kontrol sozialaren paradigma; espetxea maila txikian eraikitako jendarte gisa, jendartea maila handian antolatutako espetxe moldea.

        «Preso politikoen existentzia ukatu nahi dute, bizitza publikotik haren irudia bera desagerrarazi. Arriskutsuegia suertatzen zaion kolektiboarenganako elkartasun keinu oro kolpatu non sentimenduak ere legez kanpo kokatuko baitituzte, maitasuna zigortu beharreko delitu bihurtuz».