Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Barrutik
Barrutik; Euskal preso politikoen aldizkaria 1989ko abuztutik 1993ko abendura bitartean argitaratu zen. Zazpi zenbaki, 50 orrialde zituen txikienak, 67 handienak. Gutxi gorabeherako kontaduria eginez, 70 idazlan ateratzen zaizkit euskaraz eta 65 erdaraz.
Juan Antonio Olagorta Txontaren marrazkiak, komikiren bat, egunkarietatik hartutako argazkiren batzuk ageri dira han-hemen.
Idatziei dagokienez, sail handia hartzen dute agiriek, bai kolektibo osoaren izenean eginda daudenek, bai kartzela bakoitzeko kideen izenean egindakoek. Agiriotan, kolektibo osoaren izenean daudenetan, egoera politikoaren azterketa, kolektiboaren historia, aurrera begira zeuden asmoak... azaltzen dira; kartzela bateko edo besteko kideen izenean idatzita daudenetan, berriz, bertako egoeraren larritzea, gose greba edo beste borrokaren baten abiatzea izan ohi dira aipagai.
Agirioz gain, badira eskutitz eran eta narrazio literario gisa egindako idatziak, bakarrizketa moduan moldatutako kronikak, bi presori elkarrizketak, egunez egun datorrenaren kontaketak... Lau urte haietako gertaeren zerrenda kronologikoa ere agertzen da.
1987arekin berrabiatu zuten euskal presoen sakabanaketa, indarrean zeukaten artean 1989-1993 aldian, jakina. Indarrik zakarrenean zeukatela zehaztu behar nuke, geroagokoak ez dira sasoi gozoak izan baina.
Ez ziren poesia ezti-jarioa, eskutitz maite-melengak edo literatura erraza idazteko leku eta sasoirik aproposenak. Baina idazten zen hala ere, bai Herreran eta bai beste kartzeletan, eta nola-halako egoeretan idatzitako eskutitz, ipuin, kronika eta poemetan egongo da hamaika historia. Idatzi horiek islatu behar izan zuten bai euskal presoen animoa, bai Espainiako Gobernuaren eta bere kartzeleroen arima.
Barrutik aldizkariaren hirugarren zenbakian, 1990eko urrikoan, 1980tik ordura arteko hamar urteren azterketatxoa egiten du preso zornotzar batek: «Hantxe, Audiencia Nacionalaren eskuetan jarri gintuzten, oraindik gure gorputzak minduta eta ubelduak zeudelarik, nahiz eta Justizia espainolaren morroi diren epaile hauen aurrean guk jasandako torturak salatuak izan hementxe darraigu oraindik oroimenean daramagun zamarekin».
Carabanchel, Soria, Puerto de Santa Maria, Alcala Meco eta Herrera de la Mancha kartzeletako egonaldien berri ematen du laburki, 1987an berriro sakabanaketa abiatu eta hamarkada igaro arte.
Gure kolektiboaren urte haietako egoera eta historiari dagokionean, paregabeak iruditzen zaizkit aldizkari hauetan dauden idatziak. Kartzela gutxi batzuetako idatziak dira orokorrean, egia, eta hemen agertzen direnak baino ugariagoak izango dira egundo inon azalduko ez diren idatziak, eskutitzak, poemak, bertsoak, negarrak eta garrasiak. Baina daukagunarekin marraztu beharko dugu egunen batean gure kolektibo honek egin duen eta egiten darraien bidearen mapa.
Mapa horretan, denboran zehar aldagaitz agertuko dira kezka batzuk, galde ikur batzuk.
«Eta bisitara Xabier dator. Oraintxe gogoratu naiz. Azkenengoan sartu zidan nobela ea irakurri dudan jakin nahiko du. Nobelatxo bat sartu dizut, esan zidan, denbora eman dezazun, hor aspertuta egongo zara-eta. Nobelatxoak 683 orrialde dauzka, letra txikian eta gaia batek daki zein den, oraindik ez naiz aklaratu».
Esan dudanez, gehienbat iritzi artikuluak, idatzi politikoak, bai bakarka edo taldeka eginak, bai kolektibo osoarenak edo kartzela bateko edo besteko kolektiboarenak dira ageri direnak:
«Euskal Herria eta Espainol Estatuaren arteko enfrentamendua ikuspegi «militar» batetik soilik kontsideratzea herri honen bizitza mugatzea litzateke... Sinetsarazi nahi izan dute frantses eta espainol gobernuek gure nortasunaren aldeko bizi-borroka hau zerbait isolatua, galdua, erreduktorea zela, Mendebaldeko testuingurutik urrun kokatua, errebindikapen zaharkitu bat, denboraz kanpo plazatua» dio laugarren zenbakian Monsieur le Juge artikuluan.
Sasoi hartako kartzeletako kronika salaketa moduan agertzen da batik bat. Dudarik gabe, aldizkariotan datorrenak, han-hemenka bilatu, bildu eta gaur artekoaren erradiografia gehituz, erruz emango luke beste historia bat idazteko. Ez hainbeste kartzeletan egiten den literaturaren historia, baizik eta kartzeletan bizi eta jasan dugun lazeriaren historia, batez ere.
Berriro hirugarren zenbakiko zornotzarrari hitza emanda egingo ditugu aldizkariarekikoak oraingoz. Eta hona, laztasunak laztasun, kartzelako egunerokoaren zertzeladek tarteka irribarrea ere eragiten badakiten froga bat:
«Luze egiten zaizkio askotan patioko ordu biak, bereziki besteek futbolean dihardutenean, orduan ez dauka txaskarriloak kontatzeko aukerarik eta partidua bukatu bezain laster beti baten bat harrapatu behar:
«— Ze, eskubete berba noz egin behar dogu, ba?
«— Zer ba?
«— Joder zer! Abruxidute nau!
«— Zer zaude?
«— A-bru-xi-du-teeee!
«— Eta hori zer da?
«— Eztakizu zer den? Ba... hori, eztakit zer egin, jode abruxidute.
«— Ah! Aburridute orduan?
«— Ez, aburridute ez, hori kriston erderakada da, gure herrian abruxidute esaten dogu: abruxidute nau eta atxatara noa lapatan. Zuek zelan diñozue ba?
«— Guk aspertute.
«— Bai, zuek fiñak zarie-ta!».