Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Itxaroten
«Kontaidazu historia hura, behinola kontatu zenidan etorkinen ihes tronpatu harena».
Zain geratu naiz eskutitza bidali ondoren. Zain egotea baita presoarena. Itxarotea. Eta presoen ingurukoak ere halaxe daude, itxaroten; itxaropenetan. Penetan batez ere.
Kafe bat hartzeko, ilaran zain egon behar du presoak; bisita batentzat baimena eskuratzeko ere zain eta zain, eskaera egin eta hilabete, hilabete eta erdi... Bisita eguna eta ordua iristen denean, kartzeleroak esan arte egon behar, eta kartzeleroak badaki bere baimenaren zain zaudela. Gustatzen zaio pentsatzea bere baimenik gabe ezin duzula bisita egin, badaki zein inportantea den bere baimena, bere hitza. Jainkoa da, zinez; jainko baten ahalmena du zurekiko. Beste gizakiengan agintea izan nahi dutenak, jainkotxo izan nahi dutenak, sartzen dira polizia, militar, epaile, kartzelero... Aginte ahalmen hori ez balute, jainkotxo izateko eskumenik gabe, ezer ez liratekeela badakiten pertsonaiak; euren buruak ase eta nor sentituko badira, beste batzuengan agintea eduki eta aginte hori baliatu beharra dutenak.
Hatsa bezain beharrezkoa zaie poliziei, epaileei, kartzeleroei besteengan aginte ahalmena izatea eta ahalmen hori dutela erakustea, euren aginte ahalmena besteei sufriaraztea.
Presoa jipoitzen ari den kartzeleroak badaki jainkozko eskumenez ari dela, jipoitu behar duen presoari eskuturrak lotu badizkio aurretik, presoa presoago, ezinduago senti dadin egin du, batetik; presoa zenbat eta ezinduago, zenbat eta umiliatuago, kartzeleroa bera hainbat eta ahaltsuago, jainkoago, sentitzen delako, bestetik.
«Presondegietan boterea ez da mozorrotzen; tiraniaz agertzen da xehetasunik txikienetan ere», esan zuen Michel Foucaultek. Nonbait bazekien xehetasun «txikien» horiek zaizkigula beharrezkoenak askotan, xehetasun txikien horietan aurkitzen duela presoak ezinbesteko arnasa, bizitza bera.
Itxaroten jarraitzen dut, eskutitzak erantzuna noiz ekarriko.
Astean behin ematen dizkigute eskutitzak, posta sarriago ibiliko da baina. Bizkorrago datoz egunkariak eta horien orri-pasan ari naiz, jenialkeriaren bat non aurkituko, argia non ikusiko. Labarretako kalakari dotoreen aldarriak aurkitzen ditut batzuetan han eta hemen; piroarena irakurtzen dut, kaioarena, lanperna-musuarena, araoarena... Etorkunde Handiaren iragarpenarekin topo egin dudan arte: «...Legediak hobeto bizi izateko aukeratik urruntzen gaituen sentipena hedatzen bada, desobedientziaren bidea gero eta herritar gehiagok hartuko dute». Aleluia!
Labarretan eta itsaso zabalean zer dagoen ongi dakien kalakaria denez araoa, jakin behar du zer esan duen; mundu osoaren oraina eta geroa, geroa batez ere, iluminatzeko ezinbestez behar genuen argia eman digu esaldi bakar batean. Itxaropena ez da engoitik penetan itxarotea. Aleluia!
Ia hiru hilabetera dator nire eskutitzaren erantzuna, eskatu nion historia kontatuz beste behin.
Zortzi etorkin afrikar, umeak tartean, Ingalaterrara iristeko moduren baten bila ei zebiltzan Alemanian. Ez paper, ez agiri eta ez diru, nonbait, auskalo nola iritsi ziren Alemaniara. Haraino heldu izanak emango zien ausardia bidaia jarraitzeko, aurrera egiteko.
Merkatalgaiak zamatzen zituzten lekuren batean galdeginez edo, luzera gabe aurkitu behar izan zuten Ingalaterrara ei zihoan kamioia. Hala esan behar izan zieten.
Gauaren iluna edo inguruan inor ageri ez zen unea baliatuta, sartu dira kamioira zortzi afrikarrok eta ezkutatu dira ahalik ezkutuen, zamaren artean, inork ez ikusteko moduan.
Goseari ihes egitea, askatasuna da; lurralde amestuetara iristea ere askatasuna, paradisua ez bada.
Abiatu da noizbait kamioi hori, eta askatasunerantz azken txanpan doazela amets egiten dute merkatalgaien artean ostenduta doazen klandestinoek. Ilunpe beltzean begiak zabal, geraldi bakoitzari erne, abialdiei adi... Orduak.
Mugak, kontrolak... denak pasa ditu kamioiak arazorik gabe, eta heldu da heldu behar zuen lekura, zama husteko tokira. Ateak ireki eta kamioia husteari ekin zioten langileek, eta, hara hor, merkatalgaien artean kuzkurtuta, ezkutatuta, begiak zabal, zortzi etorkinak. Elkarri begiratu zioten beharbada, zer egin asmatu ezinik. Jakin behar zuten harrapa zitzaketela, baina jadanik Ingalaterran zeuden, zena zela; lurralde amestura helduak azkenik.
Baina kamioia ez zen Ingalaterrara joan merkatalgaiak eramatera, Frantziako Bapaume kartzelara baizik. Bapaumeko tailerretan lan egiten zuten presoek aurkitu zituzten etorkinak, kamioia husten ari zirela.
Toki txarra askatasunarentzat.
Kartzelako eritegira eraman zituzten etorkinak. Handik, jendarmeen eskuetara.