Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Espetxean-1

 

Nonbaiten esana izan behar dut presoak taldean egon diren aldi askotan sortu direla elkarlanerako asmoak. Baita egoerarik zailenetan ere. Horren adibide, besteak beste, eta beste guztien aurretik, 1937tik 1941era bitartean El Dueso, Larrinaga eta Burgosko kartzeletan euskal presoek egin zuten Espetxean aldizkaria, hamaikagarren zenbakira iritsi zena.

        Erdia euskaraz eta beste erdia erdaraz idatzia zen, itxuraz eta asmoz behintzat, aldizkari hori. Marrazkiak, gurutzegramak, era askotako lanak zituen orriz orri. Apur bat zehaztuz, 95 lan ateratzen zaizkit fotokopiei begira, baina gehiago izan daitezke sailkapen zuhurragoan; 46 daude euskaraz, 49 erdaraz. Sinadurarik gabe daude eskutitzen bat edo beste ez beste guztiak. Besteren batzuek ere eginak dituzte aldizkari hauei buruzko kontuak: Arantza Arzamendi Sesek 31 testu zenbatzen ditu euskaraz, 30 erdaraz. Marrazkiak eta abar, gainera. Tira, ez naiz matrakan hasiko.

        Juan Ajuriagerraren ardurapean, Luki Artetxe, Ander Arzelus Luzear, Sorazu, Lino Lazkano, Pepe Verdes eta besteren batzuen laguntzarekin egiten zela aldizkaria esaten da batean eta bestean. Uste izatekoa da, ordea, izengabetan geratu diren ez gutxiren ukitutxoa izango zutela aldizkari orri haiek, Ajuriagerrak eraman arren belearen partea.

        «Barrea eta negarra... poza eta ituna... atsegina eta atsekabea, zoriona eta zoritxarra... alkarren lehian, alkarren jarrai, atez-ate dakuskezuz.

        «Gogua garbi, barrua baretsu, arpegia alai, begiak pozkidatsu, bihotza mattekor...

        «Jaunagan neure ustea...! Goikoa neure itxaropen bakarra... Bera neure poza, atsegina eta zoriona...! Bera neure azken atseden osoa...!

        «Sinismendunaren otoi alai eta ustetsua...

        «Eusko espetxeratua! Etsai-atzaparretan jausi zera..., ehunki luzeetan zeurea izan dozun askatasuna ostu dautzue... giltzapean zauzkadaz.»

        Azken errematearen kontua dirudiena osatzen da aldizkariaren lehen zenbakitik pasarte batzuk hartuz. 1937an gabiltzanez, eta Dueson gainera, pentsatzekoa da erremate hori zinez gertu sumatuko zutela askok Eusko Gudaroste errenditu berri hartan, eta beste heldulekurik ez zuten izango euren fedea baizik.

        Txantxangorritxo goiburudun artikuluak hasten du 1937ko urriaren 11n Dueso-Santoñan datatua dagoen bigarren zenbakia. Txoriari ari zaio artikulugilea, bere esanen mezulari izan dadila eskatuz:

        «Aitatxo, atzipeturik, gizon gaixtoek hormatzar eta burdinazko ate eta leihoz inguratutako gaztelu itun batean sartu dutela...

        «Zoazkie, txantxangorritxo, zoazkie, eta hain atsegin zaizkien ipuintxoetan bezala esan hori guztia. Orduantxe bai izango zarela lehenaz gain txorietan politena.»

        Txori jainkotiarra izaki txantxangorria, gardentasunaren irudi «errekatxo alai eta polita», bitartekari onak bata eta bestea fededunarentzat: «Pakea Jaungoikoagan alde egin diguten anaientzat. Maitasun eta apainduria lokarrez espetxean atzipeturik bizi garenontzat.»

        Txepelak artikulutik xuxurla larritua:

        «Gizonak bezala aritu ginduzan gudan. Gaur, zoritxarrez katez lotuta garelarik, bost axola gudan aurrez aurre izan genituenei gure gizontasuna. Hogeita zortzi lagun gaituzu gela batean. Oherako turuta entzun zain... Bat-batean, gelaren sakonean gaudenok, hotsa eta zarata sumatu dizkizugu gela sarreran. Zer gerta ote?

        «Ikus mutil hau. Ahal ezinaren negarra dario begietatik. Bera baino bi gutxiago den espetxezain bat gelara sartu, eta masaileko nardagarria erantsi dio eusko-mutil lerdenari.

        «Ez ote du ukatu ezineko gure gizontasunak, katepean gauzkatenengandik leialtasun gehiago merezi?».

        Hirugarren zenbakia Larrinaga kartzelan datatua dago, 1937ko abenduan. Sabino Aranaren zitekin hasten dira aldizkariok sarri, eta hau ere bai. Ondoren, Hitza artikulua:

        «Euskadi mugan leize zuloa. Barruko herensugea garrasika narrastua. Haren erpe zorrotzetan jausi nahi ezik, iskiluz urri aurkitu arren asaben antzean aurrez jaikia dugu euskoa.

        «Borroka gogorra. Jardun ondoan, atzeraka garaiz eginda, galdu arazi zuen hesia sortu zen. Eusko Jaurlaritza...

        «Sortu zenez geroztik, ludiak badu gizontasunaren berri. Euskoa burujabe zenean, zintzotasuna oparo eskaini zuen.

        «Herensugea, apurtutako erpe eta letaginak zorrozten zelarik, eta guztitariko piztitzarrez batu zen.

        «Geroztik bela beltzak ortzi argian. Herio hego-zabal eusko lur gainean. Lurraldea galdu dugu. Berriro askatuko duen gizadia gaizkatzeko, herensugeaz ezin-eta, piztia itunena izan genuen.

        «Lehenaz gainera baitu euskoak beste bereizgarria. Edonon ager dezakeen nortasun berezia. Piztitzarrengandik gizona bereizten duen hitza!

        «Espainiar gudalburuak zoli eman ohi duenaren antzik gabekoa. Eurekaz batean ageri diren italiarrak jan digutenaren kidekoa ez den hitza!

        «Euskotarren hitza!!!...

        «Zintzotasuna eta hitza. Gizonak aurkeztu dezakeen altxor bereziena. Gure Euskadi kutunaren oinarria.»

        Osoa aldatu dut artikulu hau, antologikoa iruditu zaidalako.

        Zinez ederrak dira lerro hauetatik asko: «Ikus mutil hau. Ahal ezinaren negarra dario begietatik...» honek zein hurbil darraion Orixeren «ezin esanaren min» hari.

        Eta Lauaxetarengandik zein gertu «Herio hego-zabal eusko lur gainean» hori!

        Herensugea, beleak, erpeak eta letaginak... Eta italiarren traizioa eta espainiarren hitz zuria. Santoñako itun horren aipuak bristadaz dakarkit aldizkariaren lehen zenbakiak hasiera lerroetan zekarren «barrea eta negarra... poza eta ituna» hura, iluntasun eta tristura hura alegia.

        Ez dakit nola ez dioten zilarrezko markoa egin artikulu honi Sabindarren Fundizioan, enkoadratuta ipintzeko Egitxoei historia erakusten dieten lekuetan.

        Garai bertsuan Ander Garate Gesalibar-ek Gurseko kontzentrazio barrutitik bidaltzen zituen idatzien gero eta antz handiagoa hartzen dute Espetxean aldizkariko artikulu batzuek, itxaropenak eta fedeak arindu ezin duten pisua eta nekea azaleratuz. Ahal ezina biluz gorritan.