Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Ataramiñe 04 eta 05

 

«Presoa bortxaz, oihuz, miseriaz, probokazioz inguratuta bizi da eta askotan biziraute soilarekin nahikoa du. Sarrionandiaren poemetan itauntzen den legez, G.K. Chesterton-ek La Salve bisitatu ote du inoiz? Edo bestela, zer axola zaio mutil torturatuari poeta um fingidor den?». Olatz Caminosen hitzaurretik hartu dut zatitxoa, aski adierazgarria iruditu zaidalako.

        Hurrengo zatia Joseba Arregiri kendu diot Isolamendua poematik:

 

                Tori! Nire «mundu erreala»;

                aislamendu zokoa

                kartzela bazterreko ziega,

                hau da logela, jangela edo amesleku, ilusio bila

                dabilen liburutegia

                hiru metro karratuetan dudan espazioa.

                Itxaropen mingots eta «plazer» laburrak

                «difuminatzen» diren isolamendua.

 

        Izengabetan geratu nahi izan duen presoak, «Sentimen ta desioen gunetzat dekogu arima» dio, Arima narrazio ederrean: «Deliriumen Boga Bogan bezala egun bat, eta beste bat, eta beste bat... ziega honetan. Hiru liburu, koadernoa... Leihorik ez, aulkirik ez, kiderik ikusterik ez, aldatzeko erroparik ez, barrukoa ere ez».

        Ondasunak gutxitu zaizkigu, bistan denez, baina ezer ez duenak gutxirekin du asko, eta kontsolamendua hurbil: «Zenbait hilabetetako kontua da, zelda normaletara iritsi arte, beste batzuek urteak egiten dabez hola eta askoz txarrago».

        Eta bisitarenak behin eta berriz ageri dira liburuz liburu: «Ordua joan, atea giltzatu, pasillotik bi oihu eta azkenez banaketa, fisikoa. Bakoitzak bere bidea. Guk itxarongela, biluzketa, eurek itzulera bidaia, eta guk bidaiaren kezka... Paketea hartzerakoan galdetzeko nebazan gauzak oroitu dodaz, betiko lez ahaztu eta ateratzerakoan gogoratu, ez zen garrantzizko ezer baina azken hiru bisitetan ahantzi dot, kale izkinan orga txiki, balantza herdoildu eta zurezko kutxekin arrainak saltzen zebilen andrak bertan jarraitzen duen, herria egunean irudikatzeko noizbehinka halakoak galdetzen dodaz».

        Poesiak ezertarako balio ez digunean, poesia egitera jotzen dugu hain zuzen, Angel Figeroak bezala:

 

                Gaur bezala noizean behin tristura datorkit.

                Orduan ez diot bizitzari graziarik aurkitzen,

                ez dut segitu beharreko bidea ikusten

                ez dakit zer egin,

                ez dakit nora jo.

                ...

                Hala ere, tristura baino sakonago,

                itxaropen zati txiki eta indartsua nabaritzen dut.

 

        Esplikaziorik ez daukaten gauzak azaltzera dator Aratz Estonba, Haratagoko lurraldeak poeman:

 

                Aukeran genituen itsasontzietatik

                hauxe aukeratu genuen

                ez politena izateagatik,

                ezta bere kolore urdinagatik.

                Tripulazioaren malko eta irribarre zintzoek

                badiatik haratago zuten helburua,

                horrekin nahikoa genuen.

 

        Igor Letonak bakartze ziegatik egiten du bere kronika. Guztietan gogorrena, kartzela berean Oihane Errazkin kidea hilik aurkitu dutela jakitean:

«Oihanetxo! Zer pasarazi diten bide hori hautatzeko!?». Erantzunik gabe geratzen zaio galde-erregua, eta horixe du, seguruenik, saminetan mikatzena.

        Hogeita hamar bat urte lehenago Gotzon Alemanek egindako bidetik doaz Peru Alvarezen gogoetak Mundu berezia poeman:

 

                Jendeak inguratuta

                inoiz bakarrik zaudela

                pentsatu al duzu?

 

        Jon Mintegiagak triku narruan bilduta hitz egiten du:

 

                Bizitzatik zatozenok

                konpreni ezazue gure beldur,

                distantzi eta uzkurkeria,

                belatz begi hauen mesfidantza;

                zakarkeriatik babestu gaituen

                oskola jantzita bizi gara

                tarteka bakarrik burua azaltzen dugula.

 

        Galder Bilbaok hitzen falta du gose greba deskribatzeko:

 

                Bizitakoa deskribatzeko

                oso labur dira bi hitz

                greba askoz luzeagoei buruz

                entzun egin dugu aunitz

                ez dakit nik zer gertatuko zen

                gehiago egon behar banintz

                ur botila gertu momentu oro

                txupetea baldin balitz.

 

        Kartzelarekin zerikusirik ez duten gaiei buruzko ipuinak eta narrazioak egin dituzte preso batzuek, Joxe Blanco, Oscar Barreras edo Txomin Troitiñok esate baterako. Baina beren ingurunean dauden arazo eta gorabeherei buruz idatzi dute hitz lauz aritu diren gehienek, hala nola Joxe Karlos Apeztegiak, Igor Letonak, Olatz Caminosek, edo Aitor Fresnedok bere Gazta baten truke idatzi jostari eta ederrean.