Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Harley

 

Gosaria banatzen ari direnean hasi ohi da sarritan matraka; egun bakoitzak behar bide du bere doia, eta zer hoberik, hutsik gera ez dadin, goizean goizik ekitea baino!

        Mostradore modu beiraz itxiaren ostetik banatzen dute kafesnea, ogia, gurina, mermelada, presoak banan-banan ilaran igaro ahala. Ilaran joatea, baina, eta ilara errespetatuz iritsi ahala azken jartzea, ez da, itxura guztien arabera, arau unibertsala.

        Arau unibertsalak, salbuespenak salbu zorrotz errespetatzen direnak, badaude egon, antzinako Erdi Aro hartatik gaurko Ardi Aro honetara aldagaitz dirautenak. Giza izaerak bezain aldagaitz dirautenak, zinez; giza izaerak ez baitirudi harriarenak baino samur eta aldakorrago.

        Gosaria hartzera zoazela, demagun, ilaran aurrera sartu zaizunari esaiozu, «Aizu, hemen denok gaude zeregin berean; errespeta ezazu ilaran dagoen jendea eta jar zaitez atzean». «Ez da ezer pasatzen» erantzungo dizu; «No pasa nada. Kartzelan gaude», eta edalontzia luzatuko du zeure muturraren aurrean, harria baino soraioago.

        Izan zaitezke zeu ere soraio ez bada estoiko, edo soilik pesimista giza izaerari dagokionean, eta pentsa dezakezu alferrikako ekimen antzua dela ilararen errespetuari buruzko teoria hor banaka-banaka azaltzen eta unibertsalizatzen saiatzea: ironiaren unibertsaltasuna ez dakit, baina unibertso hertsiotako ironiak, paradoxak, gizakion baitan izan zitezkeenik ere uste ez zenuen erreakzioak, azalduko zaizkizu begien bistara, arrautza azal kraskatutik zuri-gorringoak bezain tolesgabe.

        Gerta liteke, lantzean-lantzean gertatzea baita ere, ilaran aurreratu denari ohartematea presoren batek, baina hark aurrera jarraitzea hala ere, jaramonik egin gabe. Eta berriz ere «Aizu!» esan liezaioke ukondoan edo sorbaldan ukituz.

        «Zer nahi duzu? Arazoren bat duzu ala?» erantzungo luke orduan aurreratu denak, modu konbentzituan erantzun ere.

        «Errespetatzeko ilara».

        «Zu ez zara inor niri ezer agintzeko...» eta abar, eta egundoko zalaparta sortzea, gosaria elkarri jaurtiz mutur joka ekitea, ez da gauza harrigarria. «Zu ez zara inor» horixe da gakoa, eta bestearen arrazoi ustez logikoak matraka dakar.

        Baina... Ai, «baina» eder horiek guztiak! Baina, egin dezagun kontu, ez beste preso batek, kartzeleroak baizik, deitzen diola atentzioa ilaran inori errespeturik gabe aurreratu den horri, eta hitzak leuntzen gehiegi saiatu gabe esaten diola, gainera, «Aizak, zer ibili behar duzue egunero jatorduetan hienak legez! Hoa eta jar hadi ilararen azkenean; edo hamabosgarren moduluan gosaltzea nahiago ote huke!?».

        Eta hara miraria! Morroi soraio eta irmoa, beste presoaren esana aintzat hartzeko baino autosufiziente eta konbentzituagoa bera, burua makur, esaneko eta otzan, ilararen atzenaren atzean jartzen da isilik, kartzeleroaren aginduz.

        Eta baten ordez lau badira, edo sei, ilaran daudenei mespretxu keinujea eginez tartean aurreratu direnak, lau dira, edo sei, kartzeleroaren mehatxuari men egin diotenak, isilik, burumakur, ilararen atzean jarriz.

        Bai, arau unibertsalak badaude egon, eta ez dira gizatasuna duinago egiten duten arauak hain zuzen. Eszena errepikatuago, are etsiago bihur zintezke, erremediorik gabe.

        Batzuetan hola, bestetan hala, patetismoaren eta heroitasun doiaren artean dabiltza jangelako irudiak. Gosaritan eseri bezain pronto mahai gainera igo da Harley, ghanatar beltza, Rubio deitzen dioguna, koilararekin edalontzia joz eta «Aditu, aditu denok!» ahots goraz esanez.

        Txano beltza, kamiseta beltza, larruzko jaka beltza, praka beltzak, galtzerdi beltzak, zapata beltzak... Isildu egin da jendea, berari begira.

        «Aditu denok! Berri txarrak dauzkat; oso berri txarrak. Lehengo astean hil zen hemen nire herrikide bat, eta atzo Valentziako kartzelan anaia bat hil zitzaidan. Lutoz nago! Hemen ez gaude betiko; hemen ezin gara hil! Ezbehar batengatik gaude hemen, kartzelan; ez ginen betirako etorri. Hau ez da gure lekua. Hiltzera gure herrira itzuli behar dugu».

        Kartzeleroa inguratu da predikuaren oihartzunak erakarrita. Mahai gainetik jaisteko, isiltzeko, agindu dio beltzari.

        «Lutoz nago», ostera Harleyk. «Herrikide bat hil zen hemen lehengo astean, eta atzo nire anaia bat hil zitzaidan Valentziako kartzelan. Esan beharrekoa esaten dudanean jaitsiko naiz. Ezbeharrez gaude hemen; ez ginen hona betirako etorri. Gure herrira itzuli behar dugu hiltzera. Bale!».

        Besterik gabe jaitsi da Harley, mahaitik, eta jendeak txalo egin dio solemnitate handiz, ohikoa ez den moduan.