Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Iturriak

 

Edalontzia garbitzera noa, tarteka bada ere egin beharreko lana izaten da-eta.

        Hiru iturri, komunen ondoan. Batean oinak garbitzen ari da preso bat; bestean, harraska ertzean esku batekin eutsiz, zakila garbitzen ari da beste preso bat; hirugarren iturriak ez du urik ematen.

        Erromatarrak, greziarrak... Zeintzuk ziren, txiza egin aurretik batzuek eta egin ondoren besteek, eskuak garbitzen zituzten haiek? Baina, eskuak gabe, mutur zimurdun zakila ari da hau garbitzen. Eta oinei lustrea ematen bestea, arranoarenak bezalako erpeak iturri azpian ipinita.

        Batek esan lezake delikatua, ironiaz; esan lezake eskrupulosoa; mizkina, nahi bada. Baina ez dakit noren atzean geratu zain, batak oin garbiketa amaitzen duen arte ala besteak zakilaren bedeinkazioa bukatutzat eman arte, aurrena alde egiten duenaren lekuan edalontziari pasadatxoa emateko uretan. Edalontziaren ordez izan zitekeen hortzak garbitzea, edo eskuak; horrek ez zukeen ezabatuko aurrean daukadan planoa.

        Nire burutazioak inora iritsi baino lehen amaitu du morroiak buztan garbiketa. Besteak hor dihardu oraindik, oinen ondoren aurpegia garbitzen, mukiak harraskan zipriztinduz...

        Aurrena libratu den iturrian eman diot pasada edalontziari.

        Berariaz ari naizela orria zikintzen, esango luke edonork; balizko irakurketa nazkagarri egitearren nabilela alegia. Alderantzizkoa da ordea kontua. Errealitatea beti baitoa edozein fikzio baino harago. Beste batzuek ere esana dute hitzak ez direla iristen, hitzak ez direla nahikoa, hitzek ez dutela osotarako ahalmenik errealitatea bere izaera guztizkoan erakusteko.

        Historiako gertakari handiak errazago eta argiago adierazten dira seguru asko eguneroko bizipen txikiak baino. Ez nuke antzinako greziar haienen antzeko tragediarik egin nahi zumitz haiekin, baina harri handien bezala txikien azpian aurkitzen dira bidean mamorro deskribagaitzak, ukitzeak atzera eragiten digutenak. Esanezinak nonahi.

        Esatea ez-izatea da beharbada, eta izatez badena ezin esan... Esangaitza; esanera ezin ekarria.

        «Ezin-esanaren miña; miñaren ezin esana» idatzi zuen Orixek amari eskainitako poema batean. Beste modu batekoa baina esan ezina izango zuen Gurseko kontzentrazio barrutian ere. Horregatik bururatu zitzaion seguru asko Idorreria izeneko poema eskatologikoa horren ederra:

 

                Kanta behar dut dakizun nekea.

                Halako nekerik nehon badea?

                Batak egiten omen du xixtor gogorra,

                bertzeak ur mehea?

                Hirugarren batek, haren zortea!,

                erditzen du erditzen du haizea!

 

        Zazpiko sortatik lehena baizik ez da, baina zenbat esaten duen Orixeren poema horrek Gurseko bizimodu hartaz! Umore aldarteetarako egina dirudien arren, poemak badu izan funts serioa. Honela dio Josune Olabarriak: «Erdi txantxetan egina ematen duen poema honen harira kontatuko dizut: gure aitak esaten zuen makinatxo gizon ikusi zituela gerra ostean idorreriaz gaixotu eta hilak, idorreriaz egindako indarrak lehertzen zituen gizonak eta osasun ondorio larriak sortu».

        Exajeratua esan lezake norbaitek, gehiegikeria, baina hamabostean edo hilean behingo obramenduarena aipatu izan dute beste kronika batzuek ere. Eta egingo nuke errealitatea urrunago zihoala.