Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Hiru saiogile

 

Gure kolektiboko kide askok egiten dituzte ikasketak kartzelaldian; ikasiarekin zerikusia duten saiakerak eta lanak idatzi ere bai batzuek.

        Makina bat zeresan eta zer idatzi eman die auzi horrek kazetari, tertuliagile, unibertsitateetako irakasle, politikari goitar eta lohitar, polizia, epaile eta jenero guztietako hainbat gizabakasta prestuei. Euskal presoek ikasi beharrik gabe gainditzen dituztela azterketak, irakasleak ere tenebrosoak dituztela denak, erredentzioak lortzeko pribilegioak direla... Beste langa bat ezartzea lortu zuten arte.

        Kapitulua ez ezik liburu osoa ezean erdia merezi du gai honek, baina beste noizbait beharko du, beste historia batean ausaz.

        Dena dela, erraztasun eta trabak gorabehera, ikasketan, kezkatzen zituzten gaiei buruzko gogoetan aritu ziren lehengoak, eta horretan jarraitzen ahalegindu dira preso asko. Gogoeta horietan oinarrituz idatzi dituzte saioak zenbait euskal presok.

        Bi garairi zubia eginez, 70eko hamarkadatik Julen Kaltzada, eta gure aldi honetatik Txelis Alvarez Santacristina eta Julen Zabalo Bilbao dakartzat.

        Julen Kaltzadak 1979ra arte ez zuen argitaratu Herriak eta gizonak, (UEU), aurreko urteetan Zamorako konkordatu kartzelan zegoela egin zuen arren lan hori.

        Honela dio hitzaurreak: «Herriak eta gizonak. Liburu hau Historia Luditarra da, Euskal Herria ere kondaira zabalago hartan kokatzen duela. Behin-behineko lana da oraingoz, baina, beronen beharretan direnei zerbitzu bat eskaini nahi die, euskaraz. Egunen baterako Histori Hiztegian hizkera finkatuago bat lortzekotan geratzen gara oraingoz; baina hau ere dagoneko nahiko landua dela esan liteke. Autoreak lan gaitza egin zuen Zamora-ko presondegian».

        Zinez da gaitza Kaltzadak egin zuen lana; Historiaurretik hasten baita, eta erromatarren garairaino dator.

        «Zientziak ez du oraino xehetasun haundiz ezagutzen Ama Lurraren eboluzioaren historia luzea; baina ezagutzen ditu gertaldirik nabarmenenak ziurtasun zientifikoz; beraz, jarraiki daiteke haundi-maundika haren eboluzioa» esaten du. Mapak eta taulak ez ezik, hiztegia ere badakar.

        Hamahiru zatitan banatuta dago liburua; zati bakoitza hainbat kapitulutan; kapituluak azpititulutan. Osoak izutu dezakeenari aukera ematen dio, aurrera nahiz atzera eginez, han-hemenka kapituluak eta zatiak irakurtzeko.

        Begiratu eta eguneratu beharko litzateke, baina merezi luke edizio berri bat.

        Hogeita hamar urteko zubiaren alde honetara etorrita, Txelis eta Julen. Txelis Alvarezek, itzulpen sail bikaina eta beste saio batzuez gain, Etikaren oinarrien bila (2004, Jakin) liburua idatzi du espetxe urteotan.

        «Aurkezten dudan liburuxka honek bi atal nagusi ditu: Wittgensteinen filosofia (onto)logikoa eta etikoa kritikoki azaltzen duena, batetik, eta etikaren zimendatze filosofiko eta antropologiko zabal bat proposatzen duena, bestetik», dio Txelisek.

        «Hizkuntza mundu ere bada; areago, hizkuntza da mundua mundu egiten duena, gizakia gizaki egiten duen bezalaxe eta horregatixe. Finean, ez gara inoiz hizkuntzaren eremutik kanpo, ez gara inoiz hizkuntzaren saretik libratzen», irakurri diot aurrerago.

        Ia azken aldera igaroz, berriz, beste txatal hau: «Gizakia zentzu bila dabilen izakia da. Bere bizitzaren zentzuaren bila eta xerka ibiltzen da etengabe, kontzienteki nahiz inkontzienteki. Eta zentzurik batere aurkitzen ez dionean kolokan eta kordokan sentitzen da, bere bizitza eta bere izate osoa non finkatu ez dakiela. Bilaketa horretan desira sakon bat bizi du bihotz-erraietan: balioetsia izatea, aintzat hartua izatea, hitz batez: maitatua izatea eta maitatu ahal izatea».

        Julen Zabalok, azkenik, Euskal nazionalismoa eta nazio lurraldea —1996, UEU—, Europako (zein?) Batasuna —1997, BBK—, eta Abertzaleak eta Ezkertiarrak —2000, Elkar— lanak idatzi ditu, besteak beste, bere kartzelaldian. Azken honetatik hartuko ditut lerro batzuk:

        «Oro har, teoria mailan geratzen naiz, nahita. Helburu taktikoek gaurkotasun eta interes handiagoa pizten dute, badakit; baina, batzuetan, egunerokotasunean jausteko arriskua egoten da» dio liburuaren sarreran, eta honela darrai aurreraxeago: «Nazionalismoak eraiki nahi duen erkidegoan ederto egokitzen da ezkerrak bilatzen duen gizarte justizia; eta, horrexegatik, nazionalismoak bilatzen duen nazio berdintasuna ederto egokitzen zaio ezkerraren berdintasun balioari. Ezkerrak eta nazionalismoak batuketa jator eta itxaropentsua osatzen dute».

        Liburuaren azken atalera etorrita, honela amaitzen du Julen Zabalok Abertzaleak eta ezkertiarrak: «Hori dena baloratu ostean, haatik, aukera berria hautatu, eta beste ahalegin bat egitea eskatu behar zaio ezkertiarrari: dagoenari eutsi, eta, huts eginez gero, berriro hasi. Atalaren hasieran genion ezkertiartasuna ez dela bakarrik bizitzaren aurreko jarrera bat; helburuak behar zituela. Orain alderantziz ere esan dezakegu: markatutako helburuak ez badira lortu, ez da etsi behar, ezkertiartasuna ez baitu osatzen alde praktiko horrek bakarrik. Saiatu izateak berez ematen duen poza ere baloratzen jakin behar da, horrexek osatzen baitu gure izaeraren zati bat. Behin eta berriz saiatu eta eutsi, eta erortzean berriro jaiki».

        Hiru ahots hauek begietatik sartu eta handik gogoaren muinera heldu zaizkit, gaur ere pentsamendu librearen haizea leotzetako horma eta burdinen artean erne eta gure munduaren osagarri nola gerta daitekeen erakutsiz. Izaten da hemen ere, norberarenena ez ezik beste inoren gogoeten makuluen premia, ihes handirik ez bada ere, maiz aringarri txikiagoekin geure buruaren sendotasunari tinkoago eusteko.