Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Hiru bider hiru

 

Egoerarik latzenari ironiaz eta umorez begiratzea, bertsotan egin izan da askotan, edo koplaka. Ironia mikatza izan ohi da maiz, baina baita jostaria ere, bertsogai den egoera horren latza gozatze aldera.

        Horren adibide dira, besteak beste, 1937an preso erorita, Pepe Bolunburu eibartarrak jarritako bertsoak:

 

                Eibar aldetik urten genduen

                antxitxiketan Deustura,

                Deustutik berriz estu ta larri

                joan giñan Cabezonera.

                Cabezondikan Borinesera

                Borinestikan Navara,

                Navatik berriz Candasera ta

                sartu gintuzten barrura.

 

                Izugarrizko bizimodua,

                jarri digute oraintxe,

                ondo neurtuta daukagu ura,

                ogirikan ez sobrante,

                eskabetxeko sardiña latak,

                txorizo ta txokolate;

                berriro ere «kalabazia»

                haziko jaku bastante.

 

        Aspaldikoak dira bertsoak; aspaldiko gertaera, biziera, egoera haren kronika dira ironiaren gainetik, edo azpitik.

        Aspaldikoak ezean urrutikoak izan behar, sinesgarri izatekotan, horrelako kontuak. Ez diezagula inork geure patxada eder hau astindu: «gaur ez da horrelakorik gertatzen». Miranderen garaian baino erruz gehiago gara gaur euskaldun fededunak. Orwellen garaian baino kamera gehiago dago, gure zintzotasunaren testigu.

        Ezkutatu beharrekoa egundo baino hobeto ezkutatzen da gaur; erakusten digutenak ezkutatzen du polito ikusi nahi ez duguna... Antzinako historiak nahi ditugu, edo urrutikoak. Baina gaur eta hemen, nonahi, izan bada beste errealitate bat, ikusi nahi ezak ezabatzen ez duena.

        Kartzeletako egoera, bizi baldintzen gaiztotzea edo kartzeleroen erasoak salatuz idatziak egunkarietara bidali izan dituzte batzuetan euskal presoek. Halako bi idatzitatik zatitxo batzuk dakartzat hona orain; Txus Goikoetxeak sinatzen duenetik aurrena:

        «Etxetik hurbil, uste ez genukeen lekuan, Euskal Herrian, Langraizko espetxean, ezagutu nituen ziegak deskribatu nahi ditut.

        «Laukiak dira, hiru bider hiru metro ingurukoak. Azulejo zuriz daukate lurra. Pareta guztiak egurrezko konglomeratuzko xaflez babestuak.

        «Ziegaren erdian, lurrari porlanez josita, burdinazko ohe bat dago, eta inguru guztian sendo itsatsita tutu lodi bat dauka. Bertan atzeman daitezke gizakia eskuak eta hankak lotuta eduki izanaren markak, esmaltea altxatua baitauka gorputz atal horiei dagokien lekuetan.

        «Bertan ez dago beste inolako hornidurarik: ez konketarik, ez mahairik, ez ezer!

        «Sartzeak inpresio itzela eragiten du. Bertan gertatu izan dena irudikatzeak izua sortzen du».

        Foncalent espetxean dauden hamaika euskal preso politikoren izenean Perdi del Olmo Vegak sinatutakotik bigarrena:

        «Gose greba mugagabea abiatu dugu Fontkakako espetxean gauzkaten hamaika kideek apirilaren lehenaz geroztik. Muturreko erabakia izaki, edonori gerta dakioke begi bistakoa noraino gainditu duen kartzela honek, urteak joan urteak etorri, gu denon pazientzia. Pazientzia behar baita, lagunok, pazientzia mordoa, etxetik 800 kilometrora, txerrikorta honetan euskaldunontzat espresuki asmatutako bizi-baldintzei aurre egiteko. Pazientzia, hiru bider hiru metroko ziega ustel eta hezeotan, neguan ezin hotz eta ilunagoak, berogailurik gabeak, eta udaran labe gordinotan 20 orduz itxita egoteko egunero...

        «Emakumeen moduluak gauza arrunta dirudi. Badago patio zabal samarra, laurogei bat preso handik hona... Aldiz, zigorrak betetzeko bakartze galeria bat, modulu orokorretik bereizia. Bertan bost ziega daude, patio txiki bat, komuna, dutxa, eta listo. Bertan sartzen dituzte, sistematikoki, hona ekartzen dituzten emakumezko euskal preso guztiak... bertan pasatu dituzte hainbat eta hainbat kidek bolada luzeak... inor ikusi gabe, inorekin hitz egin ahal izan gabe. Hogei ordu ziegan hotzak akabatzen, lau ordu patioan hotzak akabatzen, hogei pauso aurrera, hamar pauso albora, itzuliak alde batera, itzuliak beste aldera...

        «Beharbada, baldintza horietan edonor zimeltzen delako; sufrimendu itsaskor bezain suntsigarria piztuz, edonor eromenera eraman dezakeelako... hona iristen diren emakumeak patio txikiko erregimenean sartzen tematzen dira, haurdun zeuden bi kide barne».

        2008koak dira eskutitz biak. Ironia zirtoren bat tartekatu arren, kartzelako gaurko egoera bere gordinean azaltzen dute, borroka berri bati ekiteko beharra eta asmoa aldarrikatzeaz gain.