Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Ataramiñe 02 eta 03
Lehenbiziko Ataramiñe 2002koa da. Atzetik aurrera, aurretik atzera, orri pasan eta jauzika hartuko ditut lerroren batzuk hortik, besteren bat hemendik. Hasteko, Xanti Iparragirreren bertsoa:
Urrun da zeru urdina
urruntasunaren mina
gainetik kendu ezina
espetxeetan dauden haientzat
besarkadarik handina
ni urrun bizi naiz baina
egin nahi dut ahalegina
ahal badut atera mina.
Josu Ormaetxearen bertsoetatik bat:
Aurrera! Dio barne indarrak,
adimenak ta bihotzak,
ekin ta ekin mozten direla
kateak eta izotzak!
Ez gara jauntxo batzuen morroi
edo menperatu motzak,
etsi gabeko jarreraz beste
itxura dauka laiotzak.
Lehen zenbakian badira kartzelako bizimoduaz hitz lauz egindako kronika politak ere. Hona Enrike Letonaren lerro batzuk: «Hor datoz, oinetakoak sumatzen dira eta gutxienez hiru edo lau dira. Atea zabaldu eta ziegara sartu dira hiru. Laugarrena atean gelditu da. Deus esan gabe mantak eta izarak kendu eta ohetik atera naute jarrera txarrean».
Bigarren zenbakian Aitor Lorentek erreferentzia ugariri helduz josten du Reading kartzelako balada luzea: pentagrama alanbre arantzaduna denean.
Reading-en bitakora kaiera,
zeinaren orritxoak
antsiedadeak gizendutako
kilkerrek, girgiluek
irensteke dituzten...
Reading-ek
O. Wildek ezagututako
zulo zikina, zulo sakona
jarraitzen du izaten,
giltzaperatuok zerua deritzogun
oihal pusketa urdinxka horren peko
zulo sakona, zulo zikina
subsistentzia,
subexistentzia
inexistentzia
edota murruan beste adreiluren bat
baino ez izatearen aurkako
erresistentzia...
Ideietan poemaren amaieran dakar gakoa Sergio Garciak:
B. Brecht leitu baino lehen
jakin bagenekien
azkenean gure bila etorriko zirela...
Poesia eta bertsoez gain, prosak leku dezentea du bigarren Ataramiñe honetan. Kartzelaren itzalak jotzen badu, gaiak ezinbestean bistaratzen ditu maitasun harremana, oroitzapenak, euskara, gaueko ametsa...
Narrazioek eskutitz forma dute batzuetan, edo eskutitzak dira narrazio itxuran. Harreman eta komunikazio bila jaurtitako hariak baitira guztiak.
Kartzela batetik bestera, bidaiaren kronika egiten du Enrike Letonak, txistea dirudien kasualitate eta guzti. Korridoreak, geltokiak eta bidegurutzeak baitira hemen kartzelak eta kundak. Desmunduko bidaiari gara presoak, furgoi handi ondo zarratu horietan.
Karlos Apeztegiak behin eta berriz salatuko ditu Kordobatik kartzelan euskarari ezartzen dizkioten trabak, telefonoz etxekoekin euskaraz egitea ere debekatuta zeukatenean.
Eta Unai Parotek kartzela beretik puntapaxan mailua: «Euskalduntze horretan, gure hizkuntzarekiko euskaldun eta euskotarren alferkeriaz ohartu naiz: euskararen etsai nagusiak geu bihurtu gara!».
Olatz Caminos, bisita amaitu berria gogoratuz ari da: «Orria eta boligrafoa hartu ditut eta idazten hasi naiz, duela ordu gutxi pasatako uneak luzatzeko irrika bizian. Izan ere, ez al da ba idazmena gure gozatzeko bide iraunkorrena? Ez al da ba irudimena gure errealitatea?... Ez al dira bada bi ordu horiek irudipena, etengabe harrapatu nahi den baina ihes egiten duen amets goxoa?».