Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Lau poeta
Tarteka poesia neurri bat, bestek paperean idatzitakoa bada ere, eskatzen du espetxeak, eguneroko orekaren orratz ezegonkor hori zoratuko ez bada. Batzuetan askorekin ez dugu nahikoa izaten asetzeko, hurrengoan, aldiz, lagin hautatu bat, lerro soil batzuk dira aski gogoa hunkitzeko edo barne-muinak ernatzeko. Deitu fantasia, deitu beroa, deitu egien arteko aukera hobetsi bat... Eta hitzen aterpe xume hori gabe boladatan motz, barrutik maingu bezala sentituko zara.
Kartzelan poema liburu bana idatzita, Imanol Txabarri, Mikel Ibarguren, Xabier Izaga eta Urtzi Zubizarreta bildu nahi ditut hemen orain. Deitu maitasuna, deitu drama, deitu itxaropenaren adiera eternoa... Pauso luzean zein laburrean, gisakoen beharrean suertatzen gara maiz jendea. Poesiak bere lazoan harrapatu bazaitu, ez du hainbeste ardura izaten, ahapaldi batean itsumustuan zuri begira norbait sumatu duzun, edo ispilu ganbil bat izan den gainera jausi zaizuna bi aditzen tarte bihurrian, edo izan den hitzen abaroari erraietaraino lotzeko premia ekidin ezina... Eta espetxeko literaturaren itsasoan hautua egiteko gauza izatea bera, libertate koska bat badela ere begitandu izan zait inoiz, bestelako zenbait zamaren aringarri.
Imanol Txabarrik Hitzak naroa poema liburua kaleratu zuen 1985ean (Maiatz), orri pasan ari naizela Apirilean hertsia poema datorkit txoko baten eske:
Apirilean hertsia,
egunez inguratua,
orenak gelazain ditut.
Hamaika desherrietan,
nazio orotako seme alaben sufrimenduak berdinak dira.
Kartzelarik handiena den lur urdin honetan
oraino estutu ez duten bihotzik badea?
Maiatzarekiko mugan galdea darit,
zenbat hesi jauzi behar ote da denak hustu arte?
Apirilean hertsia,
ideiek buruan eta taupadek bihotzean erauntsiz,
orenak gelazain ditut.
Handik hamaika urtera Mikel Ibargurenek Hemen gauak lau ertz ditu bilduma plazaratu zuen (1996, Susa). Hona bertatik kikua egin guran ale bat:
Sar nazazu zeure pentsamenduan
Eta utzidazu zugan ostatu hartzen
Zure etxe hutsa habitatzen
Eraman nazazu zeure barnera
Eta bila nazazu zeure baitan
Zatoz, zatoz eta eraman nazazu
Hitz minduak urtzen diren lekura
Amodioak sinatzen diren ezpainetara
Leiho ondoan naukazu
Morroiloek ene auhena hertsi dutenean
Ez zait ezer gelditzen ukamena ez bada
Eta gauak eskutik ihes egin dit
Eldarnioka ihes
Eta zure izena lau ertz dituen gela isila da
Xabier Izagak 1998an eman zuen argitara Bart irakurtzeko gaur izkiriatua (Susa). Egunero hiltzen gara poema aukeratu dut honako:
Goizero hiltzen gara eguna jaio orduko
eta geroztik beste hamaika aldiz
gauean loak hartzerako.
Liburutik begiak altxatu eta
patiora begira euri tantekin
kristaletan behera labainduz goazela
hiltzen gara.
Bisita amaieran
aitaren begi suminduen hondoan
nekea sumatzean hil
egiten gara
gutuna antsiaz iguriki eta
iritsi ez denean edo jasotakoa
azkena denean.
Eta batez ere gutarik bat
hiltzearen hiltzez bihotza lehertuta,
maindirez edo fonendoskopioz itota
azken aldikoz hiltzen denean.
Urtzi Zubizarretak Kartzelako neurriak bere lehen poema liburua Meaux-ko espetxean idatzi eta 2008an kaleratu zuen Ataramiñe argitaletxean, Oier Goitiaren eta Haimar Altunaren aitzinsolasekin. Hostobete poemarekin itxaropenaren aldarri bat dakart, Urtziren hitzak neure eginda:
Garaiagoa den Itxaropen zurtoinak
erregutuan, itzalean uzten du
enbor sendo geldiezineko ezina.
Udazken eta negu krudelenetan
betikotasunez loratzen dirauen Itxaropena.
Zure azal leunak
nirean lirain egingo duen egunaz.
Gure bihotzek esku-elkartuz
hasiera eman zioten egunari
bukaera emanaz.