Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Puertoko kontu haiek

 

Puerto de Santa Mariako euskal presoek idatzitako Intxaur azal baten barruan eta Eguberri amarauna liburua eskuz esku, jakin-minez irakurri genuen. 1983a izango zen, Gabonak aldera edo. Udazkena bai behintzat.

        Nola daude? Zer diote? Jakin egin nahi genuen.

        Orain, hogeitaka urte geroago, antzeko gogoarekin ekiten diot, orduan urrutikoak beste jakingura edo gehiago sortzen baitit gaur aspaldikoak. Aspaldikoak dira 1983koak, baina ez beste aldi batekoak. Hor jarraitzen dute Gatzak eta, oraindik preso, 1981-1983ko Puerto hartan eutsi ziotenak.

        «Euskal Herritik urrun, denbora hain astiro eta mingarri iragaiten den leku honetan izugarrizko zapalketa bat sufritzen dugu gure lurraldeko lanbroa goroldio gainera eta espaloi ertzera erortzen oroitzen dugun artean, zementuzko kaxa honen barruan etxe aldetik datozkigun albisteen zain gaude, gure indar eskas guztia emateko gertu gaudela».

        Puerto, hain urruti! Urruntasunaren aipamena hitzaurrean, memoriaren mapatik kopiatuta.

        «Oinaze gogorrak izan dituzu azken lau egunetan. Lehenbizi bidaia, Carabanchelgo hirugarren galeriatik Puerto de Santa Maria berri honetara, La Mancha eta Andalucia lauretan zehar, hamabi orduz kaiola furgoian, labe sargoriaren azpian. Gero, bultzakadaka sarrarazi eta, kisu eta pintura hautsez beteriko zeldetan, ate biren barruan, bi egunez isolaturik. Gaur patioa ezagutu eta lagunak besarkatu, armada bentzutu bat bezala. Zeldara itzuli orduko eskuartean duzun liburua eman dizu adiskide batek, eta ez duzu besterik».

        Shakespeare lagun ziegan, eta atean Dante, esango nuke, Karonte xaxatzen.

        «Gaur bederatzi aldiz zutitu behar izan duzu zelda bazterrean, orain bezala. Ez da biluztasunagatik, funtzionario horiei obeditzeagatik ere ez, baina umiliazio sakon bat sentitzen duzu, hainbeste oinaze egunetako umiliazioaren karga, eta ezin duzu gehiago...

        «Berriro aditzen dituzu oin hotsak. Saldoka datoz, eta ez zaizu seinale ona iruditzen».

        Puertora iritsi eta lehen orduetako kronika, preso baten mugimendu eta bizipenekin, kideek leihotik leihora egiten dituzten elkarrizketak tartean, Shakespeare eskuan:

        «Ederto jauna, Aireaz elikatzen naiz, kameleoia bezala. Esperantzaz loditzen naiz. Ez duzu zuk, jauna, halako kapoirik gizendu ahal izango», Hamlet ari, ttar-ttar-ttar.

        «— Amets onak izan —opa dio gauean kide batek besteari leihotik leihora.

        «— Amets onak? Nik ihes egiten diat beti, ametsetan, eta beti harrapatzen naitek askatasuna ukitu orduko».

        Eta aurrerago:

        «— Egun on, Koldo —berriro leihotik leihora.

        «— Egun on, ea gaur zer gertatzen den».

        Eguneroko egunerokoa, harria aspertuko lukeen betiko zera, eta beti zain hala ere, zer gertatuko.

        «— Josemari, Zornotzako festak dituk egunotan!

        «— Baina gu iaz bezala, hemen.

        «— Eta noiz arte?

        «— Neuk esango diat, onenean urte bete egingo diagu, txarrenean hemeretzi».

        Pasa ziren hemeretzi, eta Josemari Zornotzakoak hemen darrai, itxaropenaren hari muturretik tiraka beti.

        «Infernua da gurea, eta oinazea diot Infernua diodanean... alabaina gurea bezain laburrak dira gainerako mintzairak ere gorputz soil batek sufritzen duena beste gorputz lasai eseri batzuei adierazteko. Ezintasunak egiten du, beraz, zure narrazio hau zilegi».

        Eta infernu horretan «zaratots jadanik ezagunak entzuten dituzu, funtzionarioen oinetako eta giltzak hurbiltzen ari direla...

        «Ohiko hotsak, berriro, beste zeldaren batzuk irekitzen, eta urruntzen...

        «Bakardadea eta isiltasuna bakarrik geratu zaizkizu adiskidetzat».

        Panoptikoaren asmatzaile Jeremy Benthamen haritik ere egiten da liburu honetan bakardadearen aipua, baina leku urria du hala ere sentimendu horrek. Edonoren begitan eta itxura batera sasoi hartako Puertokoa bezain latzak ez liratekeen egoera eta kartzela batzuetan, berriz, bakardadeak jaten du espazio osoa, leku handia hartzen du bakartasunak presoen bertsoetan, poesian, narrazioetan.

        «Mila kilometro eta harresi izugarri batzuk» diote 1981-1982ko hartan. Urruntasuna alegia, sufrimendua eta ezina, baina «hor daude» esan edo pentsatuko zuen preso bakoitzak alboko ziegako edo alboko galeriako lagunen deiak entzunda. Horregatik ez du bakardadeak dena jaten kideekin zaudenean.

        Liburuaren bigarren zatia, Eguberri amarauna izenekoa, poemek osatzen dute.

 

                Eta zer moduz

                ondo

                ondo

                ni ere txarto.

 

        Izan ere:

 

                Infernura inguruka doan eskaileran

                geratu gara ez dakigula

                zenbana igo maldak edo...

 

        Antzinakoen irudiekin dabil poemetan ere, gauzak asko aldatzen ez diren seinale beharbada. Baina:

 

                Urrun omen doa eguzkia

                dirdira bide bat eginez itsasoan

                aldatuko ahal dira gauzak.

 

        Itxaropena. Izen itsusi bat emango nioke beti agerostenka dabilen lamia horri, baina ez diot emango, denek maite dute eta itxuraz.

        Itxaropena sasoi hartan eta itxaropena gaur, zerbait hobetuko ote den, gauza batzuk bederen aldatuko ote diren, aurreko horma jotzen dugun arte muturrarekin:

 

                Debekaturik dago euskaraz

                gutunik izkiriatzea

                lehengo zuzendaria elbarria zelako

                eta gorroto gintuelako zela uste genuen

                orain gobernu sozialista eta zuzendari

                berria heldu arren berdin debekua

                zentsoreek euskara ulertzen

                ez dutelako dela diote

                zuk gaztelania ez ulertzea ez da posible.

 

        «Zer bero behar du zuen odolak irakiteko», dio haserre Puerton dagoen euskal presoak, Gotzon Alemanen «Zuek ez dakizue zer den» hura baino are gordinago. Badaki, hala ere, ez dituela arrazoiak galdu mila kilometro bidean:

 

                Gure borrokaren zentzua

                garena izatera iristea

                garena izaten utz gaitzatela

                euskaldunak eta libreak

                ez da behar teoria gehiago

                baina ekin behar da zeren

                hobe da borrokatu eta galtzea

                galera aurrez onartzea baino.

 

        Baina mila kilometro, bide luzea da kilometrotan ere; konta ezin ahala pauso. Eta, hainbeste pausok abarka zolak jaten dituen moduan, hain tarte luzeak ahitu egiten ditu hamaika harreman, heldu baino lehen ihartuz maitasun historia erne berriak:

 

                Bihar ez dut bisitarik izanen

                karta batean

                mutil beltzaran bat ezagutu duela

                idatzi dit neskak

                idazten segituko duela

                nik ere nahi badut

                emadazu paper zati bat.

 

        Gaur, hogeita sei urte geroago, hitzez hitz kopiatuz idatzi nezake liburu hau, eta «Zer hotz behar du zuen odolak / izozteko» galdegin, baina...

        1978ko otsailean kartzelatu zituzten amnistia edo zena zelako haren ondorengo lehen atxilotuak, eta 1982ko Eguberrietarako idatzia zuten liburu hau. Ordurako bidesailtxoa egina zuen euskal presoen kolektiboak.

        Gaur 30 urte inguru darama Gatzak kartzelan, eta mordoxka da hogei urtetik gora doana. Hamabost urtetik gora kartzelan daramaten euskal presoak mordoxka baino gehiago dira, eta ez legoke esaten aritu beharrik, baina gogoa daukat esateko, oso kontu ezberdinak direla bost urtez preso egotea eta hogeita bost urtean kartzelan bizitzea, bakarrik egotea eta bakardadean bizitzea ezberdinak diren moduan.