Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Eskutitzak buruz buru-1

 

«Hemen, berriz, zaharrak berri! Beti bezala lasai antzean, geure martxan. Bero faltarik ez diagu behintzat; ura edan eta ura edan... Urtero gauza bera esaten zioat neure buruari: aurtengo uda azkena izango duk; baina kaka zaharra, hurrengoa ere etortzen duk eta beti hemen.

        «Gaur goizean deitu zioat amari eta Txomin Olloki hil dela esan zidak. Zaharra ere ez zuan, 60 urte.

        «Hi, eta, pentsatzen jarrita, nik zer demontre egiten diat San Inazio egunean hiri eskutitza idazten? Alde ederrean ibiliko nindukek Azpeiti aldean Kopraixetako motorra berotzen. Aurtengoa ere kale, ea hurrengoan Teilasi txuleta bat bada ere kentzeko moduan garen».

        Malagako bero itogarrian Itziarko mendi brisa amets izatea ez da harritzekoa. Bien bitartean, etxeko eta lagunen erreferentziak Txispasen eskutitzean. Urtaroek adina, herrietako jaiek markatzen dute denbora eta espazioa, geografia, parametroak. Ez gara, ez garenez, hemengoak.

        «Kasik urtebete duk hotel honetan nagoela; kasualitatez, Avenue de la Commune de Parisen nagok. Azkoitiko Santuaren (Traki) berririk ez diat aspalditxoan. Lau bat hilabete bere gutuna jaso nuela eta betiko antzera jarraitzen zian; operaziotik errekuperatzen oraindik ere, mormoxeta edo mar-mar batean».

        Nanterre kartzelatik Igor Letonak bidaliaren zatitxoa honainokoa.

        Karlos Apeztegiak Huelvatik eta Puerto III.etik bidaliak ondorengoak:

        «Auzitegi Nazionalean abenduaren 21ean Apelazio Helegitea irabazi ondoren, telefonoz euskaraz hitz egin zezakeagu berriz ere. Gure aldeko ebazpen hau abokatuak bidalita heldu zitzaiguan, baina ostatu honetako buruek ez zitean onartu nahi, zigilua eta sinadura falta zitzaizkiola esanez. Guardiako epaitegira bidali genian... Salaketa bidali eta hurrengo egunean zuzendariordea gutariko batekin hitz egitera etorri zuan...

        «Espetxeko buruek ez zigutek debeku horren funtsa behin ere azaldu, eta Auzitegi Nazionaleko ebazpena eskuratzean ezagutu ahal izan ditiagu telefonoz euskaraz hitz egitea debekatzeko arrazoi sakon eta mamitsuak: erdaraz badakigula, erdaraz egiteko betebeharra dugula, hemen ez gaudela Euskal Herrian, Andaluzian baizik, hemen euskara ez dela hizkuntza ofiziala eta euskaraz dakien inortxo ere ez dutela».

        2007ko apirilean Huelvatik bidali zidanetik zatiak dira. Euskaraz hitz egitea debekatuta!

        Logika totalitarioa —erdaraz egiteko beharra—, edozein tiranotxok inposatzen duena, ulertzen da, ezagutzen dugu, erdaraz egiteko behar hori ulertzen zailagoa da, eta mingarriagoa, txilar ondoko habiatik erbia erauzi nahi duen trikuarena eginez, apurka-apurka arrimatuz, arantzekin laztanduz, igurtzika ustean ziztadaka datorrenean. Eta ez dira gutxi trikuak gurean!

        Huelva eta gero, Puerto III.etik idazten du Apeztegiak, zortzi hilabete geroago: «Orain ostatu berri batean nagok, Puerto III izenekoan, urriaren 20an espetxe aldaketa berezi baten bidez ekarri baininduten. Gaur egun hamahiru kide gaudek, baina gehiago ekarri behar dituztelakoan nagok. Ez gaudek elkarrekin, galeria ezberdinetan binaka edo hirunaka sakabanatuta baizik, eta ezin diagu elkar ikusi, ezta hitz egin ere.

        «Ziegan ere oso gauza gutxi izan zitzakeagu: bi praka, bi alkandora, bi galtzontzilo, bi elastiko, bi liburu eta abar. Hortaz, horixe duk legea hemen, bi, bi eta bi.

        «Ziega egunero miatzen zigutek; zentzugabekeria hutsa iruditzen zaidana ezer asko ez dugunez. Ziegatik ateratzean eta ziegara itzultzean zorrozki miatzen gaitiztek.

        «Patioan egoteko lau ordu ditiagu eta laurak goizean egiten ditiagu. Arratsaldean ziegan gelditzen gaituk, hurrengo egunera arte. Ziegan telebista zagok, espetxeak jarritako plasmazko telebista. Besteak beste, TV3 katalanez, TVG galegoz, eta Cubavisión hartzen ahal dituk. Baina Euskal Telebistaren arrastorik ez. Hau duk marka!».