Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Preso ohiaren gogoa

 

Kartzelan egon denaren gogoa iratxo deslaia izango da, norbere aurkaria izaten ere badakiena, kartzelan egon den inor gutxik nahiko duelako ostera bertara itzuli.

        Hemen gaudenok bai nahi hangoen gogoa, akordua bederen, guregan iltzatua egotea. Egon ere badaude batzuk, hurbilenekoak, tribukidetzak eta sare afektiboak harrapatuta geratu direnak. Ustekabean edo nahi gabean eragiten baitiogu sarritan besteen patuari.

        Baina esango nuke, espazio honen orbitatik ihes egiten dutela ahal dutenek. «Bizimodu berrira egokitzeko zailena, erritmo berri hori hartzea zen», zioen Josu Landa plentziarrak, Ezkabamendiko preso ohiak; «kalean jendea paseatzen zebilela ikustea, eta haiek ez zutela kartzeletan zegoen jendearekiko buruhausterik, ez zutela pentsatzen Langileen Batailoietan deserosotasunak eta ofizialeen gaiztakeriak jasaten zituzten haiez, ez zeukatela ardurarik erbestealdia familiarengandik urrun sufritzen zuten haiez edo senideren bat galdu zutenez. Arima mintzen zidan horrek. Kalera irten eta paseatzen zebiltzan haiek barre egiteko aldartea zeukatela ikustean, sufritzen zeuden haiez ez gogoratzeko bezain axolagabe izatea nola zitekeen galdetzen nuen neure baitan. Oso triste igaro nituen egun batzuk, kontsolamendurik gabe, pentsatuz egoera injustuan zeuden haien minari soraio zitzaiola munduaren gehiengoa.

        «Igaro ziren egun batzuk, egun mordoxka, eta deitoratzen nuen gaitz hark harrapatu ninduen neu ere; sufritzen zeuden haiez pentsatzeari laga nion. Ez guztiz, baina bai kontzientziak hozka egiteko heineraino, neu ere ahanztura eta soraiotasun hartaz gaixotu nintzela pentsatuz, arestira arte neure kide izan nituen haiez ahaztuta».

        Agian pentsatu behar da preso ohiak direla presoez ahazten bizkorrenak. Sufrimenduaren eta ezinaren tokitik urrundu nahiak, leku horretan jarraitzen dutenengandik ere urruntzea ekar lezake ezinbestean. Batak bestea erakarriz, katebegiak legez etortzeko ohitura temosoa baitute oroitzapenek, onekin batera txarrek, gozoekin mikatzek. Eta barrunbe hauetako zantzu txarrak noraino diren txar, inork ez du oraindik adierazi, betirako isilik geratu diren haiek izan ezik.

        Xabier Amurizaren Dinosauroak horizontean nobela irakurtzen ari naizela, Zamorako kartzelan aurkitu dut haren espiritua: «Zer izan zitekeen arreta zorrotzagorik, zulatzen urtebetetik gora kostatako tunelaren muturrean, azken lanaren (ihes-egunean kolpetxo bat emanda, kanporanzko sokaboi bihurtzeko jausiko zen lurrari artean eutsiko zion enkofratuaren) errepaso batean tokatu zitzaidana baino, murru kontratik gora, gaineko lurzoruaren sendoera neurtzeko, alanbre bat sarturik, askatasunaren zabalera totala izango zenaren argi zulotxo zorabiagarri hura agertu zenean? Bada, orduantxe ere, nire pentsamendu ezin intentsuagoa etorkizun arrakastatsuan (lortu juagu! Hau dok hau!, besarkadak, musuak, amodioak) edo hondatuan zebilen (kakazaharra! Izorratu gaituk, ziegak, beste prozesu bat, untxien destinoa), nahiz eta bigarren etorkizun hori ez pentsatzen saiatzen nintzen, pentsamenduaren ahalbide guztiak kontsideratzeko jenio predeterminatu eta, beraz, inebitableaz harago, pentsaketak berak ez zezan, hain une delikatuan, okerra fatalki betearaz».

        Gertatzea nahi ez dugun horri ez diogu aukerarik eman nahi pentsamendu soilean ere. Pentsaketa isilari ere, ixo! esan nahi diogu fatalitatearen beldur garenean. Ateak itxi. Ihes egin nahi dugu izuen gordelekutik; hartan pentsatze soilak, eta areago harekiko gogoetak ahots goraz esateak edo idazteak, munstroa iratzar lezake.

        «Ixo! Esnatu egingo da munstroa!».

        Herensugea zain dago, eta ez du eman nahi bere izena; ez du erakutsi nahi hegalpeko zirritua. Begi bat zabalik duela egiten du lo, eta ez dakizu noraino hel litekeen bere munstrotasuna. Kartzelan egon denak, ez du hara itzuli nahi ostera.

        Luzatu ez baina eten egin nahi du katea kartzelatik irten denak. Preso ohiaren gogoa, gogoz kontra baizik ez da itzultzen presondegira.