Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Gosea lagun
Gosea lagun, laguna, 1997ko apirilean Alacanteko espetxean bi presok idatzi eta Segapoto Kolektiboa sinatu zuten liburua da. 2004an eman zuen argitara Ataramiñek.
«Pilak bere lekuan. Gaueko hamarrak dituk eta esan dezaket hauxe izan dela gose grebatan pasa dudan egunik txarrena. Burukomina egun osoan eta bukatzeko botaka aritu nauk, sekula santan gertatu ez zaidana. Ur pixka bat edan orduko komunera segidan. Ikusiko diagu bihar».
Gose greban, ezer jaten ez baduzu behintzat, egun guztiak izan ohi dira «egunik txarrenak». Baina aise egiten du zenbaitek gose greba: telebistan, esate baterako, lantzean behin agertu ohi dira arrazoiren batengatik gose greba egiten ari direnak, «likidoak» bakarrik hartuz oso egoera larrian eusten diotenak euren borrokari, lantegiren batean, parkean, ez-dakit-non. Seigarren egunean igual, gaizkituta, eramaten dituzte eritegira, edo hilabetea pasa eta hiru-lau kilo galdu dituzte... Hartzen duten «likidoaren» loditasun mirarizkoa!
Imajinatu ere ez dute egiten, noski, zer den gose greba egitea eta, norbaitek halakorik egiten duenean, euskal presook egiten dugunean batik bat, kasurik eskandalagarrienean ere, gose greba hori ezkutatzea edo desitxuratzea —edo gose grebalariez trufatzea— izan ohi da telebista eta gainerako komunikabideen jokabidea. Oraindik ez dira hain zaharrak Iñaki de Juanaren irudiak eta haren inguruan komunikabideetatik entzun-irakurtzen genituenak.
Presoon esku dauden borroka tresna urrietatik bat da gose greba, eta ez da tresnarik arinena; norberari kenduz egiten baita gose greba; norberari erauziz egiten den lubakia da.
«Hasi gara ba. Gaurkoan moduluan nirekin dagoen bizkaitar Pataterdi laguna eta biok, ohi ez bezala, elkarrengandik nahiko galduak ibili gara patio sasoian».
Egunerokoaren kronikatxoa, eurena eta gainerako kideena, eskuz esku osatzen dute bi euskal presook.
«Hau duk eta ura edatea, mutilak!
«Altzak atzo gorriak eta bi ikusi zituela esan ziguk. Bera gorputzez txikiena izaki, pisu gehien galdu duena duk, oraingoz behintzat. Ez zagok oso lasai.
«Astebete dagoeneko eta geratzen dena, ene-ene. Gaur mediku jaunak bi litro edatea gutxitxo dela esan zidak...
«Eguzkiak muturra azaldu dik. Bazuan ordua! Baldin eta gezurra badirudi ere esan egin diat, ba! Hontzak esan dik eguzkitan jartzea ona dela, gorputzak berak bitaminak sortzen omen ditu-eta. Hemen debatetxoa zabaldu diagu:
«Nik.— Aizak hi, gose greban baldin bagaudek, ez zagok bitaminak hartzerik, gero!
«Hontzak.— Aaaa, nik ez diat deusik jaten, gure Jinkuak emanda dituk eta kitto.
«Nik.— Bai bai, baina orain arte ez zeuden bitaminak, derrepentean azaldu zaizkiguk gorputzean, ba, eta hori jatea bezalakoa duk, eta kitto baita ere».
Umoreak ematen dio arimari ez ezik gorputzari ere eguzkiak adina bitamina eta bizipoz. Baina umorea, eguzkia legez, lainoen ostera ezkutatzen da premiazkoen zaigunean.
«Oso egun gogorrak dira hauek, ahuldura nagusi, zorabioak; denbora itsaso amaigabea, eta gu txalupa hauskor batean nabigatzen dugun arrantzaleak. Morala gorabeheratsu...».
Hogeita bi eguneko gose grebaren kronika, egun horietako ezinak eta minak, kideekiko kezkak, etxekoengan dituzten pentsamenduak. Hori eta gehiago da bi esku eta bi euskalkitara idatzitako liburu txiki hau.