Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Segoviakoa

 

Denboran atzera geratu dira 1970eko hamarkada eta bere anabasa, baina orduan ez genuen uste sekula gera zitezkeenik sasoi haiek ahanzturak galtzeko arriskuan. Gazteak baikinen, pitzadurarik gabeko konbentzimendua baikenuen, aldatzear baitzegoen mundua. Geu ginen lekuko.

        Mundua aldatzear zela baina bultza egin behar zitzaiola, behin eta berriz bultza, eta lekuko ez ezik eragile ere izan behar zela, nahiz eta laprastadak egin, pentsatu behar izan zuten presoek ere urte haietan. Segoviako presoena horren erakusgarri da; horrela geratu zitzaigun memorian 1976ko apirilaren 5eko hartatik.

        Zer idatziak eta zer esanak oparo eman ditu egun hartan 29 presok burutu zuten ihesak. Film bat ere egin zuten hari buruz. Gure oroimenean iraupen eta argi gehien —eta tristura ez gutxi— izan duen ihesa da Segoviako hura, Martutenetik Pikabeak eta Sarrionandiak egindakoarekin batera.

        Ihesak ez dira, baina, denak lehen saioan ateratzen; saio asko eta asko geratu dira bidean, burutzera heldu gabe. Segovian bertan ere bai. 1975ean, atxiloketa batzuen ondorio, Poliziaren eskuetara jausi ziren Segoviako kartzelako estolderien argazkiak, planoak eta gainerakoak. Horrela zapuztu zen hainbeste lan eta ahaleginen emaitza, zulotik irteteko dena prest zeukatenean.

        Pentsatzekoa da mailukadak legez kolpatu zituela zaputz hark, itxaropenak atsekabe bihurtuz. «Argi dago ilunpean gaudela» esango zukeen egoera hartan, urte batzuk geroagoko poetak.

        Eta ilunpe hartan, atsekabearen zama astuntzeko, errepresioa areago gogortu zieten kartzeletan zuloa erori zenean. Baina haiek ez ziren etsipenerako lekuak eta garaiak. Lehen saioa pikutara joan bezain bizkor ekin zioten beste zirrituren baten bila. Dutxetatik ordez, itsututa lagatako komun batetik abiatu zuten zuloa oraingoan.

        1975eko ihes saioa harrapatzea lortu ondoren, Segoviakoa ihesen aurkako kartzela zela, bertako erregimena lehen gradukoa zela eta gisako zerak esaten zituen Espainiako Gobernuak.

        Presoei patioan, ziegan edo nonahi araketa egin eta droga apurren bat aurkitzea, edo telefonoren bat, edo hutsaren hurrengo ziztrinkeriaren bat... garaipen eta harrokeria motibo izan ohi da kartzeleroentzat. Esan beharrik ez presoek hasitako zuloa aurkitzea garaipen handia dela, kartzelerorik lerdoenarengandik hasi eta handienarenganainoko guztientzat. Gerra erabakior bat irabaztearen pare, hor nonbait.

        Haien harropuzkeria gorabehera, ordea zulogintzan jarraitu zuten presoek, eskura zitzaketen gauzekin linternak eginez, lurra atera eta desagerrarazteko modua asmatuz, zulogileen zarata ez entzuteko beste zarata handiago batzuk ateraz... eta itxaropenaren labeari egurra oparo emanez batez ere.

        Sei hilabeteko lanaren emaitza da zulo berria; amaitu dute zerura bidea, eta iritsi da eguna, 1976ko apirilaren 5a. ETAko 25 preso eta beste erakunde batzuetako beste lau dira hautatuak. Arratsaldeko ordu biak baino lehentxeago hasi dira zulora sartzen, eta hiruretarako prest zeuden denak, zuloaren beste muturrean, jantziak aldatuta, kamioia zain zegoen lekura abiatzeko.

        Nik dezakedan baino hobeto idatzi eta azaldu dute beste batzuek, historia hura bizi izan zutenek ere bai, eta aski ezaguna da: abiatu aurretik okertu bazen lehen ihes saiakera, azken pausoen faltan geratu zen bigarrena, gehienentzat behintzat.

        Segoviatik Aurizberriraino joan ondoren, bidea erakutsiko dien mugalaririk gabe daude kamioiko ezkutalekutik jaistean. Mugatik hain gertu, Iparraldetik hain urruti... Eta gaua da, eta lainoa. Mendira jotzen dute, baina gauzak ez doaz ondo. Guardia Zibilak, Poliziak, Armadak hartu ditu mendiak eta inguruak egunsentirako... Tiroak, galduordeko ihesak, norantz jo asmatu ezina.

        Oriol Sole iheslari katalana hil du Guardia Zibilak; 24 preso eta laguntzaile taldeko hiru atxilotu dituzte. Lau presok eta laguntzaile taldeko batek lortzen dute, azkenik, ihes egitea.