Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Kartzelatuen kartzela
Jose Antonio Etxebarri Aiesta, Frantzisko Jabier Martinez Apeztegieta eta Fernando Arburua Iparragirre euskal presoek 1985-1986 ikasturtean Jokin Apalategi irakaslearen esanetara egin eta Kriseluk argitaratu zuen lan hau 1988an.
Euskal presoen kolektiboarentzat Herrera de la Manchako urteak ziren haiek, batik bat. Hantxe zegoen gehiengoa; Langraitzen, Alcalan, Carabanchelgo ospitalean eta Yeseriasen ere bazeuden arren.
Lekuan lekuko ikerketa egin zuten hiru presoek, ikasketak baliatuz.
«Presoak gordetzeko kartzelaren historian hasiera XIV. mende inguruan kokatzen da. Garai hartan kartzelatzat galera direlakoak erabiltzen zituzten, presoen indarrak itsasoak urratzeko erabiliz.
«Kartzela horien zeregina ez zetzan presoari askatasuna kentzean soilik, baizik eta, horretaz gainera, oinaze gogorrak ere ezarri nahi zizkioten. Beranduago, atxilotuarentzako leku isolatuak sortu zituzten, mazmorrak direlakoak alegia. Eta Frantziako Errebolta ondoren, gizarte berriak dakartzan —edo dagozkion— aldaketak medio bere egitura eta pentsamolde zaharrak aldatu nahian, espetxe berriak sortu beharra ikusten da. Espetxe berri hauek Bentham sortzaile duen panoptiko deritzon estruktura berria bereganatuz altxatu ziren».
Gogoratu uste dut beste batzuek ere egin zituztela sasoi hartan gai honi buruzko lanak, ikasketekin lotuta batez ere. Ordurako bere bidesailtxoa egina zuen euskal preso politikoen kolektiboak: Soria, Carabanchel, Puerto, Alcala... Zigor kartzelen lerroan azken portua zen, seguru asko, Herrera; euskal presoon ontzia desegiteko ontziola, alegia, Espainiako Kartzela Instituzioaren pentsamenduan behintzat.
«Herrera panoptiko delako egiturapean sortu zen, baina teknologia berria ere bereganatuz, hau da, telebista kamerak, mikrofonoak, X izpiak, isolamendu osoa...
«Badauka behaketarako leku, zentroa deritzona. Hortik kartzelako lau moduluak, bai begiz, bai teknikoki, kontrolatzen dira; ez ordea isolamendurako modulua, zein bere izenak adierazten duen bezala, isolaturik baitago... Telebistaren kamerak, mikrofonoak, Guardia Zibilak, bulegoak, eritegia eta abar behatzekoak zentro horretan daude kokaturik».
Pentsa lezake batek baino gehiagok: «ikasketa-lanetan ere gauzak zelan exageratzen dituzten tenebroso hauek». Baina han, Herreran, modulu bateko jangelan eserita berriketan edo hamaiketakoa egiten ari zinen bitartean, irrati txikia isiotu eta dialean hara-hona eragiten bazenion, beste modulu bateko jangelan zeu bezalaxe eserita zeudenen berriketa entzun zenezakeen irrati horretan. Ederki asko entzun ere! Azken xehetasunerainoko guztia kontrolatzeko egina eta prestatua zegoen Herrera.
«Horrela zegoen, bada, 83-84ko neguko bizimodua. Orain egoera honen aurrean, eta barne gobernamendu honekin apurtzeko borroka bat planteatzen da preso guztien artean. Borroka honek, gure lanerako sakonki aztertu behar ez den arren, garrantzi kapitala izango du oraingo bizimodu eta Araudi berriak aztertzerakoan. Aurrez aurreko borroka honekin kartzela honen araudi eta zuzendaritzaren asmo gehienak puskatzea lortzen badugu...».
Hamar hilabeteko txapeoa egin zuten Herreran. Borroka haren gorabeherak, noraino izan zen gogorra maila pertsonalean, han-hemen idatzia dute batzuek.
Irauteko, bizitzen jarraitzeko eta pot eginda bidertzean ez geratzeko idazten dugu, besteak beste, presook. Geure harreman saretxoa josteko eskutitzik apalena idazten dugunean bezala azterketa bat gainditzeko lanik katramilatsuena egiten hasten garenean, kartzelara ekarri gaituzten arrazoiei eta kartzelari berari aurre egiteko ere ari gara, argia non aurkituko.
«Gu hona ekartzearen zioa gure mugimenduari zigor politiko bat ezarri nahia izan zen. Zigorra ezarri, guk, preso politikoak izanik, berezitasun batzuk ditugulako.
«Kartzela hauek protestariei, sistemak asimilatu ezin dituenei zuzenduak daude. Eta helburua, inpotentzian murgildu ondoren, horiei burua makurrarazi eta euren printzipio ideologikoei uko eginaraztea da».
Herrerari eta euskal presoei begira ezartzen den espetxe politika ez ezik, biharko gizarte batean kartzelak zer funtzio bete behar lukeen ere aztertzen dute lan honetan.
« Gure proiektua ez litzateke joango gaur egungo kartzelei buruzko Instituciones Penitenciarias-en politikari alternatiba bat bilatzearen bidetik, baizik eta errotiko gizarte aldaketa baten barnean kokatuko genuke.
«Gure gizarte berri hori zertan oinarrituko litzateke? Lehenik esan Penal hitzak suposatzen duen guztia baztertu egingo genukeela arautegi juridikoetatik. Eta gizarte berriko portaera eta gizabide ezegokiak bideratzeko heziketarako zentro edo instituzio herrikoiak —irekiak diren instituzioak, alegia— proposatzen ditugu, mugitzeko posibilitate guztiak emanez. Zentro hauetan mota guztietako indarkeria eta bortxakeriak baztertu eta gaitzetsi egingo lirateke».
Hortxe utziko dut oraingoz. Liburu honetan badaude hala ere beste historia bati ekiteko hari muturrak, koaderno berri bat hasteko motiboak. Lan horri ere ekin beharko zaio... noizbait.