Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Ihes handiren bat

 

Esana dugunez, 1938ko maiatzean egin zuten ihes San Cristobalen zeuden presoetatik 795ek, azkenean hiru ez beste guziak hil edo atzeman eta berriro gatibatu bazituzten ere. Ihes handitzat jotzen da hala ere Ezkabamendikoa, azken tragikoak handitutako ospea du, seguru asko, baina.

        Galtzaileen estetika goraipatu izan du zenbaitek, eta iruditzen zait horretatik baduela puska bat San Cristobalgo ihes-ondoko irudiak. Nahikoa da han egon zirenek porrotaren ondorengo egunak nola deskribatzen dituzten irakurtzea.

        Ihesa onik burutzea, hiruk bakarrik lortu zuten; hiruren garaipena eta zoriona, beraz, 792ren porrot eta zorigaiztoaren aurrean.

        Eta, alderantziz izan balitz, 792 izan balira ihesean onik joanak eta hiru soilik ihes saioan hilak edo berriro atxilotuak? Hiru haien mina ez ote zatekeen 792rena bezain min? 792ren zorionak zilegiago egiten al du ihesa hiruren zorionak baino. Hiruren porrota eta zorigaitza onargarriago zatekeen 792 haiena baino? Nik ez daukat erantzunik.

        Galdera eta hipotesiak egin ditzakegu mila, mundu osoa konpondu dezakegu gaur... eta bihar goizean atzera lehengoan izango da guztia, palazio ederrak denak birrinduak. Horrek ez liguke kendu behar, baina, berriro dena berregiteari ekiteko bizinahia, preso bazaude batez ere.

        Mundua berreraikitzeko modua du presoak ihes bat asmatzea, bere mundu balizkoaren aurreneko zutabea, eta lehen ere horrela zen itxura denez. Lehen ere egiten baitzituzten ihesak, handiak batzuk, txikiak besteak.

        1635ean 250 preso irlandarrek ihes egin zuten Irundik; haietatik 14 atzeman zituzten, baina besteek ospa. Antonio Aranbururen Los siete barrios de Irun liburuan irakurri dut.

        Irungo Serorategia, Udaletxe Zaharra alegia, kartzela modura erabiltzen zen besteak beste. Europako estatu handienak 30 Urteko Gerra delakoan murgilduta dabiltza. 1635eko ekainaren 25ean, probintziako kapitain jeneral Diego de Cardenasek 250 irlandar atxilotu eman zizkion Irun-Uranzu hiriari. Hamabi lekukoren aurrean entregatu omen zituzten atxilotuak, eta Serorategian giltzaperatu. Preso haiek zaintzeko, herritarrak bildu eta taldeak eta txandak antolatu zituzten udal agintariek. Baita zintzo bete ere euren egitekoa zaindari izendatu berriek, udal armekin. Euren arduraren jakitun, aginte ahalmenak gizakiongan duen eragin indartzaileak puztuta seguru asko, udaletxera inor sartzea edo handik inor ateratzea zorrozki debekatzen dute.

        XVII. mendeko Irungo gau isilean, lur jota daude irlandar atxilotuak, lokartu ezinik, inguruko harresiak kolpatzen dituen uraren hotsa entzuten dute.

        Laster aldatzen dira gauzak hala ere. Zaindari zuhurren lehen egunetako zorroztasuna kamustuz joan zen itxura denez, aginte ahalmenaren xarma listuz. Edo presoen etsipenean aurkitu zuten zaindariek segurtasunik sendoena... Haiei begira egotea baino zeregin hoberik bazutela pentsatu behar izan zuten irundarrek. Eta sanpedroak, gainera, eta hara sanmartzialak, zezenak eta sagardoa...

        «Bikingo hauei begira egon behar al dugu» pentsatu eta elkarri esan zietela egingo nuke apustu. Kontua da Serorategia hustu eta Hendaia aldera ihes egin zutela irlandar atxilotuek, «gaueko desorduetan eta sekretu handiz, eta ez irundarren huts egitez».

        Aluak! Gauez eta isilean gainera; inor ez ohartzeko propio, seguru! Bazterrak nahasteko modua!

        Halako batean ohartu ziren zaindariak, jo zituzten kanpaiak jendeari hots eginez, eta apopilo galduen bila abiatu ziren armak hartuta. 250 iheslarietatik 14 antzeman zituzten.

        Urte batzuk geroago, 1673an, sakristauaren zaintzapean preso zegoen Martin Berrotarran deportatuak egin zuen ihes Serorategi horretatik.

        Konta ezin ahala ihes-historia egon behar du gordeta artxibategi zaharretan eta berriagoetan, konta daitezkeen istoriorik politenak dituzte seguru asko ihes horietatik hainbatek. Eta gu gisako jazoerak berritzen —aukeran zinezkoak badira nahiago zinekoak baino— inoiz aspertzen ez.