Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Aurkibidea
EZ DAGO ETXEAN
1937-2009:
kartzela eta literatura
Ataramiñe 06 eta 07
Esku bik elkar hartu dute
Elkar laztandu dute
Kristalaren alde bietan.
Bisitetako agurrak eta adioak dira Garikoitz Arruarterenak. Harriet Agirrek, berriz, honela dio Galderak poeman:
Desioak garesti.
Ametsak ere bai?
Ametsa desio dut
desiozko ametsetan...
Halere errealitateari
bizkarrik eman gabe
aurrera egingo dugu,
errealitatea ere
amesten dugulako.
Asier Kintanaren Besarka nazazu poematik hona lagin bat:
Besarkada galduetako planetako biztanleek
ez al dute esnatzerakoan bakartasuna sentitzen?
Zeruari begira daudenean,
ez dabiltza haizearen laztan baten bila?
Eskuek poltsikoetan sartu eta
hauts magikoen bila dabiltzanean,
ez al dute atzamarretan
galdutakoaren sentsazioa pairatzen?
Ataramiñe 06 eta 07 liburuetan ere badira beren inguru eta denbora-espazioaren lekukotza hitz lauz egin duten presoak, Karlos Apeztegia da horietako bat: «Dena den, kartzelari guztiek ez dute zakarkeriaz eta gorrotoz jokatu, 2003ko azaroan telefonoz euskaraz hitz egitea debekatu zutenean ere, kartzelari batzuek jarrera eskuzabal eta ulerkorra erakutsi baitzuten: «Euskaraz hitz egitea zure eskubidea da eta niri berdin zait zein hizkuntzatan hitz egiten duzun, baina euskaraz hitz egiten baduzu zure solasaldia bertan behera geldituko da».
Anonimatuan geratu nahi duen beste preso batek honela dio Bederatzi metro karratuk, gizartea osatzen dute lanean: «Atxiloketak gauean gertatzen dira, atxilotua beste unibertso batera igarotzen dela oroitarazteko edo. Gauaren magalean etxetik atera, bakartu, lotu, burdinsaretu, biluztu, arakatu... Argazki eta atzamar markez josi, identifikatu...
«Barre eta irainak...
«Espetxeko arkitektura bera, presoa minutuz minutu begiztatua izateko erara egina da dorre zentralizatu batekin. Ateko zirrikituak, patioko kasernak... Presoa, funtzionarioen so etengabetik at, ez bizitzeko...
«Zentzuek garrantzi berezia hartzen dute espetxean. Murru, ate eta burdinsareek ikusmena galaraztean, entzumena garatuz doa abereen gisan...
«Jan, zutik egiten dut; ispiluaren aurrean norbait ikusiz, bakarrik ez bazkaltzeko».
Aldizkariotan mordoxka dira kartzeletako egoera azaldu eta salatu nahian idazten dutenak. Ehunen bat kartzelatan banatuta gaude gaur euskal preso politikoak, auskalo zenbat galeria eta ziega bakartutan sakabanatuta. Batzuok imajina ezin ditzakegun egoera latz eta absurdoen lekuko eta jasaile dira beste batzuk... Ez dakit hitz idatziak noraino diren gauza zenbait errealitate diren-direnean azaltzeko; esan ezinak, deskribaezinak baitira bizipen batzuk, eta, ahalegin handienak eginda ere, errealitatearen deskribapenak fikzioa dirudi, eta fikzioa... fikzioa ez da iristen egundo errealitatearen gordina erakustera.
Dena dela, urteak pasa ondoren atzera begiratu eta gaurko espetxeetan zer gertatzen den jakin nahi duenak, Ataramiñe urtean behineko agerkarien orrietara jo ahal izango du.
Preso batzuek euren bakardadean egin duten literatura, zaletu moduan idatzi dutena dakarte aldizkariok. Lan horien literatur maila aztertzea ez da nire egitekoa, eta ez da, noski, gehien kezkatzen nauen kontua. Bestalde, literatur koadernoak izanda, hainbat egilek betiko gai bera hartu izana, kartzela eta kartzela inguruko kontuekin itzuli-mitzulika idatzi izana, alegia, egotz diezaguke nahi duenak, bidenabar literatur maila ere gutxietsiz arrazonamendu horrekin.
Kalean dauden idazleek kaleaz, kaleko jendeaz eta kalearen inguruko gaiez idatziz egiten dute gehienbat literatura, eta ez zaio inori entzuten gai errekurrentea denik hori. Detaileak dira.