Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Urruntasuna... bakardadea

 

Edozein aldizkariren azken itxura eta edukia aurreikustea zaila bada, are zailago, nik uste, aldizkari hori kartzelan egiten denean. Ustekabeekin dator, beraz, aldizkari bakoitza. Hortxe ikusten dituzu hamaika kideren ukitutxoak, eta ez du izango mundu guztia harrituta uzteko maila, ez du marka berririk egingo euskal literaturan, baina geure markatxoa da, geure ahaleginaren emaitza.

        Urteak pasa dira aurren Ataramiñe harrezkeroztik; orain, urteon tartea pasa ondoren begiratu eta irakurrita, orduan baino erruz ederrago, baliotsuago, iruditzen zaizkit bai testimonio aldetik, bai literatur aspektu soiletik.

        2002an hasita urtez urte atera den liburu kolektiboa da Ataramiñe. Zortzi zenbaki dira orain artekoak eta, kontaketa arin bat eginez, 120 bat parte hartzaile ikusten ditut. Lehen zenbakietan parte hartu zuten batzuk kalean dira jadanik; sasoi hartan kalean ziren hainbat, berriz, kartzelan daude orain eta Ataramiñen idazten dute.

        Presoak, iheslariak, deportatuak dira idazle. Kartzelak erail dituen batzuen lanak ere agertzen dira. Eustakio Mendizabal Txikia, Iñaki Ojeda Txapela, eta borrokan erori beste batzuen lanak ere bai.

        Poemak, bertsoak, ipuinak, narrazioak, marrazkiak, eskulanen argazkiak... askotarikoak dira lanak, era askotako ahaleginen bilketa dago liburuotan. Idazlanetan, 145 daude euskaraz, 51 erdaraz. Kartzela gaia, 80 inguru lanetan agertzen da era batera edo bestera. Preso batzuek behin bakarrik hartu dute parte; beste batzuek zortzi liburuetan...

        Asko zehaztu liteke azterketa modu hau: zenbatetan erabiltzen den poesia kartzelaren inguruko gaiak tratatzeko, eta zenbatetan narrazioa; zenbat lanetan baliatzen den kartzela eta preso egotea, eta zenbatetan ez dagoen honen aztarnarik; zenbatetan dagoen berariaz literatura egiteko asmoa, zenbatetan izan nahi duen testimonio soila idazlanak...

        Hamarren bat baizik ez dira lan anonimoak; izen-abizenez sinatuta daude beste guztiak. Alde horretatik esan liteke kolektiboko kideen lanen bilduma dela, lan kolektiboa baino. Kolektiboa talde oso txikitan, askotan banaka, sakabanatuta egotearen ondorioa da hori, ezbairik gabe. Herreran, multzo handian zeudenen artean egindako aldizkarietan, izenpetu gabeak edo goitizenez izenpetuak izan ohi ziren lanak. Modulu bateko edo besteko presoen testuekin osatu aldizkariak ziren, ez halako edo holakoren idatziak.

        1937-1941 bitartean egin zuten Espetxean aldizkarian ere izenpetu gabe zeuden lan ia guztiak. Beraz, berariaz horrela nahi izan gabe ere, azkenean itxura ezberdina hartzen du emaitzak, baldintzen arabera.

        Dena dela, pentsaezina da bi-hiru kartzelatan batuta dagoen kolektiboak eta ehun kartzelatan sakabanatuta dagoenak era berean idaztea aldizkari baterako. Idazteko motiboak ere ez dira berberak, idatzietan ezartzen diren sentimenduak ezin dira berdinak izan, beharrak bakoitzak ditu bereak, izuak... zer esan! Talde handian dagoen kolektiboaren idatzietan oso urri agertzen da bakardade sentimendua, esate baterako. Kartzeleroen presentziak, errepresioak... oso trataera diferentea dute sakabanatuta dauden eta talde handitan dauden presoen aldetik.

        Espetxean aldizkariko testuetan urruntasuna agertzen da, inguru arrotza agertzen da. Baina bakardadeak, bakardade pertsonalak, apenas du lekurik. Puerton eta Herreran 1980ko hamarkadan egiten ziren idatzietan ere ez gehiegi, lantzean behin agertzen den arren herriarengandik isolatuta dagoenaren sentimendu gisa. Eta ez da nahastu behar herriarengandiko isolamendua eta bakardadea, beste kiderik gabe bakartuta, isolatuta eta setiatuta, komunikazio eta harreman murriztuan edo gabetuan dagoenaren bakartasun gordinarekin.

        Ataramiñe hauetan bakardadeak askoz leku handiagoa du urruntasunak baino. Bakardadeak gainditu egiten duela urruntasuna, esango nuke.

        Bestalde, merezi luke aztertzea zentsurak zelako eragina izan duen 70 urteotako euskal preso politikoen idatzietan. Norbanakoen arteko harremanetan erabiltzen diren eskutitzetan izango du eraginik handiena zentsurak, baina iruditzen zait urteen joanean bere joerak hartzen dizkigula idazkerak. Boligrafoa hartzearekin batera isiotzen zaigula zentsuraren argi gorria, gutxienez horia, eta belarri ertzetan jartzen zaigula iratxo zelataria, «Aizak, ea zer idazten duan gero!» esanez.

        Beti dago barne tirabira: hari esan nahi, hauek jakiterik nahi ez. Atzenerako, eskutitz pertsonaletan ez ezik narrazio eta ipuin fantasiazkoetan ere utziko du bere lorratza zentsurak, bizitza osorako eritasun bihurtzeraino agian.