Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Ezkabamendin

 

Kartzelako gorabeherak kartzelan bertan idatzi dituzte batzuek, kaleratu ondorenean beste batzuek. Espetxea atzera utzi eta urte askora, memoria moduan iraganari errepasoa emanez idatzi dutenen artetik aukeratu dut Ernesto Carratala, bere Memorias de un piojo republicano autobiografiarekin, Ezkabamendiko San Cristobal gotorlekuko ihesarena zuzenean bizi izan zuelako.

        Ez dakit noraino den zilegi autobiografia bat epaitzea. Bakoitzak bizi izan duenaren historia bide da, eta nor da inor bestek ikusi eta bizi omen duenaz hau edo hori esateko? Eta, hala ere, horretara arriskatzen dela jakinaren gainean ariko da idazten ari dena, ala?

        Artean 18 urte egin gabe zegoen Carratala 1936ko altxamendu militarra gertatu zenean. Errepublikarra izaki —Gaztedi Sozialistetakoa edo—, hartu fusila eta Somosierra aldera jo zuen, faxistak konbentzitzera. Han tiroka aritu bai, baina inor hil gabe, jakina. «Banandu egin gintuen sarjentuak eta, lurrean etzanda, gutako askorentzat seguru samar aurrenekoa izango zen tiroketa gogorrari ekin genion. Horrela egon ginen ordu erdi inguru, sutautsa erretzen, ez gure artean ez etsaiarenean —ustez— inor eraitsi gabe... Nik ez nuen ezertan pentsatzen. Era traketsean egiten nion tiro bultoari, arma destatu gabe. Apenas iristen nintzen itua bereiztera». Fusilarekin tiroka, beraz, baina ituaren albora, inor hil gabe, bera ez zelako «gaizkile odolzale arrunta, gaur egun terrorista deitzen zaien» horien motakoa. Gaztetatik zetorren odol finekoa.

        Hirurogeitaka urte lehenagoko gertaerei begira idatzitako liburua da dirudienez, eta beste bat galanta idatzi daiteke irentsarazi nahi dizkigun mamorroei buruz.

        Aurreneko tiroketa haren ondoren atxilotu zuten, zaurituta, eta handik Burgosko espetxera. Kartzela honetako egonaldiari buruzkoak ere oraingo memoriatik tiraka idazten dituela ematen du, eta ez orduko bizipenen kronika fideletik. Ordenantza eta cabo de vara batzuen gaiztakeriak gorabehera, pentsa liteke izadi abstraktu eta zehaztugabea zela orduko kartzela. Ez behintzat beste lekuko batzuek kontatzen duten modukoa, susmoa hartzen zaio Carratalari ahaleginak egin dituela kartzelero, txapeloker eta gainerakoen jokabideak zuritzeko.

        Ez da pentsatu behar, ordea, kartzelan zintzo-zintzo egotera mugatu zenik morroia; Burgoskoan egingo ditu faxismoa eraisteko hurrengo saio gogorrak: «Patioko zoruan urrunetik begiztatu eta... zaindariaren deskuiduan bizkor makurtuz eskuratu nuen arkatz muturrarekin esaldi jenialen batzuk idazten nituen... harraska inguratzen zuten azulejo zurietan».

        Burgostik, Ezkabamendiko San Cristobal gotorlekura eraman zuten, eta hortxe geratuko gara pixka batean, gotorleku honetako ihesaldia delako jakin-mina zirikatu diguna.

        1938ko maiatzaren 22an, San Cristobalen zeuden 2.487 presoetatik 795ek egin zuten ihes. Santa Rita Ezinezkoen zaindariaren eguna (Santa Rita de los Imposibles). Propio aukeratuta ere!

        Egun horretan, arratsaldeko zortziak inguruan hasi ei zen ihes ekintza. Afaria banatzen ari zirenean, Leopoldo Pico eta beste preso batzuek armak kendu zizkieten, ustekabean harrapatuta, lehenengo eta bigarren brigadetako kartzeleroei. Guardien arropak jantzi, armak hartu eta taldetan banatu ziren presoak. Sukaldean, hirugarren brigadako guardia eta iheserako asmorik ez zuten preso batzuk atzeman zituzten... Horrela, guardia eta ordenantzak atxilotu eta giltzapean hartzen dituzte iheslariek. Gero eta preso gehiago elkartzen zaio iheslari taldeari; gotorlekua euren esku geratzen da azkenean. Orduan, barruko guardiei kendutako giltza, bi fusil eta hiru-lau pistolarekin, kanpoko destakamenduko guardian zeuden 92 militarrak harrapatzera doaz. Jangelan, afaritan zeudela baliatuta, 70 fusil kendu zizkieten.

        Gotorlekua inguratzen zuten garitetako guardiak desarmatu eta atxilotzeari ekin zioten hurrengo, tiroak eginez oraingoan. Haietako batek Antsoain aldera ihes egiten die, munizio gabe geratu denean. Gainerako guardia guztiak atxilotu ondoren, ostera presondegira sartu ziren iheslariak, brigadetako ateak ireki eta beste presoek ere alde egin zezaten animatuz.

        Kontua da ateak zabalik eta bidea libre ikustean ihesari ekin ziola jendeak, galdu ordeko anabasan. Barruan zeudenetatik heren batera ez ziren iritsi iheslariak: euren traste eta poltsekin abiatzen dira batzuk... Bi heren barruan geratu ziren, askatasuna lortzeko aukerari muzin eginez.

        795 profugoetatik 585 atzeman zituzten bizirik, 207 hil zituzten, eta hiruk lortu zuten mugaz bestaldera heltzea: Jovino Fernandez Gonzalezek, Valentin Lorenzo Bajok eta Jose Marinero Sanzek. Abuztura arte ez zuten atxilotu laugarren bat; Iruñea inguruan, mendian aurkitzen zuena janez ibili omen zen.

        Baina, ateak zabalik edukita, zergatik geratu ziren barruan hainbeste preso? Ez al zituen tentatu ihesak? Zenbait arrazoi ematen ditu Carratalak berak. «Beldurrak zaintzen du mahastia» atsotitza darabil nonbaiten.

        Batzuk barruan geratu ziren, beste batzuek hanka egin zuten, edo egiten saiatu. Baina bada hirugarren talde bat: «Ihes egin bai baina, arrazoiren batengatik atzera egin eta, ateak itxi aurretik, Gotorlekura itzuli ginenona. Artegira itzuli ginen, harrapa gintzaten baino lehen», dio.

        Iheserako keinurik ere ez egitea erabaki zutenen artean, pabiloietako «kaballistak» aipatzen ditu batetik: «adinagatik, eskarmentu edo gobernuagatik» ihes modu hari zorakeria iritzi ziotenak alegia; hauen egoera eta bizimodua ez ziren, bestalde, beste batzuena bezain latzak.

        «Nekezago ulertzen da euskal gudariek hartutako erabakia»: euren artean batzar modukoa eginda, mugalari eta bide erakuslerik ez zutela eta 'Norteko frontean' izandako esperientziak kontuan hartuz, ia diziplinatuki» erabaki ei zuten ihesaldian parte ez hartzea.

        «Goseak indargabetuta eta oinetako kaxkarrekin geunden, hots, maratoi hari eusteko baldintza txarrenetan. Biderik ez genuen ezagutzen...» ematen ditu azalpenak Carratalak. Eskuineko abarketa puskatu egin zitzaion, eta, mugaz bestalderaino zeuden 35 kilometroak arrakastaz egiteko baldintzetan ez zegoela pentsatuz, «aurreneko erabaki librea hartu nuen», kartzelara itzultzea alegia.

        Lehenago ikusi dugu Carratala Burgosko kartzelan, patioan aurkitutako arkatz muturrarekin baldosa zurietan pintada jenialak egiten. Baina «gutxi irauten zuten nire graffitiek, ezabatu egin behar nituelako zaindariek ohiko bisitetan ikusi baino lehen». Badaezpadan ezabatzen zituen graffitiak, eta graffitien moduan ezabatu zuen ihes saioa, suerte ezin aproposagoan apurtutako eskuin abarketarekin.

        «Zuek zarete inteligenteenak, ez duzuelako ihes egin, eta arriskutsuenak beraz» esan omen zien Presondegietako Zuzendaritza Nagusiko agintariren batek brigadaren batekoei; eta, haiek ez dakit baina, Carratalak sinetsi, itxura denez. Egia da inork esan beharrik gabe ere badakiela Carratalak kontuak egiten: ihesari ekin arren ateak itxi aurretik kartzelara itzuli zirenen taldea eta iheserako keinurik egin ez zutenen multzoa kontuan hartuz batetik, eta ihesaren emaitza kaskarra ikusirik besterik, «argi geratzen da gehiengoaren jokaera izan zela arrazoizkoena».

        Etxe hauetan, antzeko lekuetan bizi izate soilak sarrarazten du batzuetan enpatia moduko zerbait. Baina, zazpi urte ziztrin kartzelan igaro eta urteetara, ikasgai magistral moduan mamorro higuingarriak irentsarazi nahian datorkizunean bateon bat, auzo-lotsak jaten dizu, onenera ere, enpatia horren lekua, edozein autobiografia jasangaitz egiteraino.