
Aurkibidea
Agian Memeti idatziko diodan azken gutuna
Hitzaurrea (Lau kartzeletatik)
Bursako kartzela - XX. mendean
Zergatik suntsitu zuten aberria
Halaxe esan zion Menderesi Korean hil zen gure erreserbako ofizieretako batek
[bazen Berlingo Astoria jatetxean]
Egunkariko argazki batzuen karietara
Hegoaldeko mendiak ditut akorduan
[gure adar heldugabe eta berriak hautsi zituzten]
[ogi gazia jango banu legez maite zaitut]
[lau ginen Leipzigeko Astoria hotelean]
[guri buruz idatzi dudan guztia gezurra da]
[zer edo zer idatzi behar dut]
Aurkibidea
Agian Memeti idatziko diodan azken gutuna
Hitzaurrea (Lau kartzeletatik)
Bursako kartzela - XX. mendean
Zergatik suntsitu zuten aberria
Halaxe esan zion Menderesi Korean hil zen gure erreserbako ofizieretako batek
[bazen Berlingo Astoria jatetxean]
Egunkariko argazki batzuen karietara
Hegoaldeko mendiak ditut akorduan
[gure adar heldugabe eta berriak hautsi zituzten]
[ogi gazia jango banu legez maite zaitut]
[lau ginen Leipzigeko Astoria hotelean]
[guri buruz idatzi dudan guztia gezurra da]
[zer edo zer idatzi behar dut]
Poesia ogia, gatza eta ura bezain probetxugarria dela esan omen zuen behin Nazim Hikmet turkiar poetak elkarrizketa batean. Hain zuzen, horixe eskatzen zion arteari oro har eta poesiari zehazki: herriaren zerbitzura jarrita egun hobeetara iristeko tresna izatea. Eta horretan jardun zuen berak, koherentzia erabatekoz.
Hikmet goi-klaseko familia batean jaio zen Tesalonikan, hiria oraindik Otomandar Inperioaren parte zenean, 1901ean. Haur garaian bizimodu erosoa eta giro intelektuala ezagutu zituen. Gaztaroan Anatolian eskola txiki batean irakasle egindako urteak, ordea, berea ez bezalako Turkia bat jarri zion begien aurrean. Hikmetek Moskura egin zuen orduan, SESBen sorrera-urteetan, unibertsitate-ikasketak egitera. 1924an itzuli zen Turkiara, intelektualki eta kulturalki aberastuta, baina batez ere komunismoarekin betiko konprometituta.
1920-1930eko hamarkadetan Turkiako Errepublika jaio berria eraldatze-prozesu betean zegoen, baita kultur arloan ere. Hikmetek ordura arteko poesia molde zaharkitu eta elitistekin hautsi, eta herriaz eta herriari zuzenean mintzo zitzaion idazkera bat proposatu zuen. Klasikoentzat eskandalu iturri, gazteentzat eredu eta akuilu, sona handia hartu zuen Hikmetek. 1938an, baina, auzitegi militar batek epaitu eta hogeita zortzi urteko kartzela-zigorra ezarri zion. 1950ean askatu zuten, nazioarteko hainbat intelektualen (Louis Aragon, Tristan Tzara) presioari men eginda, besteak beste. Turkiako gobernuak ez zuen eten Hikmeten kontrako jazarpena, ordea, eta handik urtebetera Errusiara ihes egin zuen poetak. Han hil zen, jaioterrira itzuli gabe, 1963an. Kartzelatik kartzelara lehenik eta deserrian gero, Hikmetek bizitzaren erdia eman zuen bere poesiaren hartzaile izan behar zuten herrikideengandik urrun —urrunarazita—, baina tinko jarraitu zuen bere asmoan: hogei bat poema-liburu eman zizkion guztira literaturari, eta xx. mendeko turkiar poeta handienetakotzat jotzen da gaur egun.
Hikmeten poemak gizakiaren duintasunaz mintzo dira. Onkeriatik urrun, zintzotasunak indartsuagoa bihurtzen du poetaren mezua: “Hemengo gizon guztiak ez dira heroiak / Lagunak ez dira beti leialak / ... / Baina igeltseroak egoskorrak dira / Eta eraikina zerurantz oldartzen da”. Maitasuna ere egiatia da; maiteminaren lilura ageri da, baina baita porrotaren onarpen nasaia ere. Poetaren bizi-esperientziarekin bat, bestalde, urruntasunak eta heriotzak presentzia handia dute, eta ez dira bakanak testamentu kutsuko poemak. Hikmetek hizkera gardena darabil, metafora urri eta argiz zipriztindua. Eta hala ere, erraxkeriarik ez da haren poesian. Eguneroko elementuetatik abiatzen da, baina topikoetatik urrun poemak hartzen duen ezusteko bidean gordetzen da edertasuna.
Hikmeten obraren parte bat ezaguna genuen euskaraz. 1971n, poeta hil eta zortzi urtera, haren Lau gartzelak itzuli eta argitaratu zuen Gabriel Arestik, Arantxa Urretabizkaiaren hitzaurre batez lagundurik. Iñigo Aranbarrik, Koldo Izagirrek eta Josu Landak ere ale solteak euskaratu dituzte. Hikmeten poesiaren aldarria sakonago ezagutzeko aukera dugu orain, Gotzon Barandiaranen ahots indartsuari esker.
Isabel Etxeberria Ramírez