Udaberriko eguna: gogoeta eroak
1
Maite duguna hiltzen denean
geure buruaz beste egin beharra dago.
Maite duguna hiltzen denean
ez dago beste aukerarik.
Baina hala ere geure karmaren aginduz,
biziraun beharrean aurkitzen bagara
guztion onerako bizitzen jarraitzea da bidea,
guztion onerako bizitzen jarraitzea da bidea.
Maite genuena hil egin denez,
zinez eta benetan hilik
hura berreskuratzerik ez dagoenez,
harengatik beragatik
guztion onerako jarraitu egin behar da bizitzen,
guztion onerako jarraitu egin behar da bizitzen.
2
Guztion onerako bizitzeko gertu banago ere
ez dakit ezer berezirik egiten.
Horregatik liburua bada inoiz baino sakonago irakurri.
Horregatik pertsona bada inoiz baino zintzoago hartu.
Pauso onean paseatzen
gogo betez lastoarekin lokarriak eginez…
Gisa honetan jostailuzko soldadutxoa dirudit.
Gisa honetan egunero igandea dela dirudi:
tenpluko eguteran astiro oinez
ezagun batekin topo eginez gero irriz
agure karamelu-saltzaileari lagunkoi
esku-beteka jana emanez usoei
eguzkiaren begitik ihesi eguratsean murgildurik
lurra, belarra eta zuhaitzei berriro so eginik...
Goroldioa hain hozkirri
hitzik gabe gaurko egunaren ederra zelan adierazi!
Tenplura datozenak trumilka datoz
baina ni ez nau aztoratzen ezerk.
(Bizitza benetan lipar bateko amets
gomazko puxika bezain eder)
Zerura igo distira egin eta desagertu betiko…
“Kaixo, arratsalde on, zer moduz?”
“Aspaldikoa!, zelan zabiltzate?
Te bat hartuko dugu hor nonbait!”
Kafetegian aldarte oneko sartu arren
ez daukagu hizketarako gai larregi.
Denbora emateko tabakoa pipatuz
adierazi gabeko erabakia hartu dut:
“Kanpoan giro dago!
Tira ikusi arte ba, eta goraintziak emazteari!,
etxera iritsitakoan, mesedez idatzi!
Eta hobe edaten ez baduzu gehiegi…”
Zalgurdiak igarotzen dira, trenak ere igarotzen dira:
bizitza zinez eztei-soinekoz jantzi andregaia bezalakoa da.
Distiratsu eder eta herabe ageri da
baina solasean hasiz gero ez ote gogaikarri?
Hala ere liluratu egiten gaitu ordea
bizitza zinez eztei-soinekoz jantzi andregaia bezalakoa da.
Hala ere liluratu egiten gaitu ordea
bizitza zinez eztei-soinekoz jantzi andregaia bezalakoa da.
3
Orduan denok,
sobera poztu gabe sobera tristatu gabe,
gogo onez bostekoa luza diezaiogun elkarri!
Azken finean zintzotasuna
falta dugula jakitun,
lagunok, guztiok
gogo onez bostekoa luza diezaiogun elkarri!